Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Prokofievek ondo asmatzen du musikaren bidez ironia helarazten»

Dokumentuaren akzioak

«Prokofievek ondo asmatzen du musikaren bidez ironia helarazten»

Josep Caballe Domenech. Orkestra zuzendaria

Versaillesen arrakasta lortu ostean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zuzenduko du bihar Bilbon, Malandain Ballet Biarritz konpainiaren batera egingo duen 'Errauskiñe'-ren emanaldian.
Egilea
Juan Luis Zabala
Komunikabidea
Berria
Tokia
Versailles
Mota
Albistea
Data
2013/06/16
Lotura
Berria

Joan den asteburuan Versaillesko Royal Opera antzoki historiaz betean hiru emanaldi arrakastatsu egin ondoren, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Malandain Ballet Biarritz konpainia Euskal Herriko agertoki batera itzuliko dira, Bilboko Euskalduna jauregiko auditoriumera zehazki, bihar, 20:00etan, Errauskiñe eskaintzera, Sergei Prokofieven musika eta Thierry Malandainen koreografia uztartzen dituen ikuskizuna. EOSeko musikariek, aurretik Donostian eta Versaillesen bezala, Josep Caballe Domenech (Bartzelona, 1973) izango dute zuzendari, Coloradoko (AEB) Colorado Springs Philharmonic Orchestrako eta Halleko (Alemania) Staatskapelle Halle musika zuzendaria. Gustura dago Caballe Domenech Errauskiñe-k Donostian eta Versaillesen izandako arrakastarekin, eta ilusioz ekingo dio Bilboko emanaldiari, joan den asteburuan Versaillesko Royal Opera antzokiko jantzigelan egindako elkarrizketan azaldu zuenez.

Zer moduzko esperientzia izaten ari da EOS zuzenduz Malandain Ballet Biarritzekin batera Errauskiñe ematea?

Oso positiboa benetan. Proiektu handi bat da, orkestra handi batekin eta obra kolosal batekin egina, eta ballet konpainiaren ekoizpena oso ederra da. Horrek denak, batuta, oso emaitza ona dakarrela uste dut.

Ez da ohikoa zuzendari batentzat ballet bateko dantzariekin batera lan egitea.

Ballet batekin zuzenean aritzeko zortea izaten ari gara. Hori pribilegio bat da. Zoritxarrez, aurrez grabatutako musikarekin egiten dira maiz askotan balletak, arrazoi ekonomiko argiengatik, jakina, baina dena aberatsagoa da zulogunean orkestra bat dagoenean. Hori egiteko aukera izateak pribilegiatuak bihurtzen gaitu.

Operaren antzik badu, baina ez da guztiz berdina ere.

Opera batean garrantzitsua da orkestrak kantariari lekua ez kentzea, kantaria ez estaltzea. Zorrotz zaindu behar da arlo hori. Ballet batekin, aldiz, zailtasun handiena erritmoa da. Operan malguagoa joka daiteke erritmoarekin, baina ballet batean oso kontuz ibili behar da, bestela dantzariak dantzatu ezinda gera daitezke eta.

Ez zaitu jeloskor sentiarazten publikoa orkestrako musikariei eta zuri begira egon beharrean dantzariei begira egoteak?

Egia esan, ez. Ni ez behintzat. Badakidalako musikarik ez balego, ikusleek pentsatuko luketela: «Hauek zer arraiotan ari dira?». Bi osagarriak dira beharrezkoak. Operan kantariengana bezala, balletean ikuslearen begiak dantzarienagan doaz, baina hori musikarekin batera doa, musika ere ezinbestekoa da, oinarrizkoa eta ezinbestekoa. Koreografoak musikara egokitu behar izan du bere lana. Beraz, begiak dantzariengana badoaz ere, buruak denari erreparatzen dio, dantzari eta musikari.

Zer moduz moldatu zara EOSeko musikariekin?

Hau izan da EOSekin lan egin dudan lehen aldia, baina aspaldidanik nuen horretarako gogoa. Orkestra distiratsu bat aurkitu dut, sasoi betean dagoena, gogoz lan egiten duena, eta dena primeran ateratzen ari da.

Zer ezaugarri nagusi ditu, zure ikuspegitik begiratuta, Sergei Prokofieven Errauskiñe-k?

Obra bikaina da, kolosala. Mendebaldeko Europan urteak eman ondoren Errusiara itzuli zenean sortu zuen lehendabiziko balleta da, 50 urtetik gora zituelarik jada. Musikagile heldua zen ordurako eta hori igarri egiten da obran. Egia da Romeo eta Julieta-k baino melodia gutxiago dituela. Urte batzuk lehenago idatzi zuen hura, Parisen zegoenean. Baina oso aberatsa da obra osoaren egitura eta ironia. Errauskiñe maitagarrien ipuin bat da, baina Prokofieven lanean ironia eta bigarren irakurketa asko daude. Musikaren bitartez ironia helarazten oso ondo asmatzen du. Zer nahi duen ondo dakien musikari heldu baten lana da, eta zenbat eta gehiagotan entzun barrurago sartzen da, xehetasun txikiz betea dagoelako; teknikoki zailak diren xehetasunak.

Aldaketa handiak ditu, eta oso giro ezberdinetako uneak batzen ditu.

Ballet guztiek izan behar dute horrelakoak, teorian behintzat. Tempo ezberdin eta oso laburren segida bat dira azken batean, eta horrek ematen du dibertsitatea. Prokofievek balletaren egitura jarraitzen du, hori argi dago, baina uste dut kasu honetan berez zertan dramatikoa izanik ez zuen pieza batek bigarren irakurketa askoz ere dramatikoago bat bereganatzen duela. Eta hori musikaren bitartez lortzen du.

Bartzelonan bizi zara, baina Berlinen eta Coloradon egonaldi luzeak egiten dituzu, baita beste hainbat lekutara ere bidaiatu noiznahi. Nola daramazu bizimodu nomada hori?

Lanbide honen alderdi on bat da hori: batetik bestera gabiltza, orkestra batetik bestera jauzi eginez eta esperimentatuz. Hori da kontua. Esperimentaziotik asko du gure lanak: orkestra honekin hau egiten dut, bestearekin hori, harako harekin beste hura… Horrela goaz gure bagajea osatzen. Urte guztiak dira ezberdinak, eta orkestra berarekin aritzen bazara ere orkestra hori aldatuta egoten da harekin berriro aritzen zarenerako. Nekagarria bada, bai, baina oso aberasgarria. Ez da inoiz monotonoa egiten. Musika, gainera, berez, inoiz ere ez da monotonoa izaten. Nire zaletasuna dut lanbide. Hori zorte handia da.

Bilbon aritua zara lehenago ere, BOSekin Arriagan, OLBEren denboraldian Euskalduna jauregian… Zer oroitzapen duzu Bilboko publikoaz?

Beti antzematen dira ezberdintasun txiki batzuk publikoen artean; batzuetan publikoak modu zuzenagoan jasotzen du musika, beste batzuetan ez hain modu zuzenean… Baina funtsean, edozein publikoren aurrean, guri dagokiguna gure onena ematea da. Versaillesko emanaldien ondoren, ilusioz joango gara Bilbora.

Zure musikaririk gustukoenari buruz galdetzen dizutenean, beti erantzuten duzu jotzen ari zaren hura duzula gustukoen. Eta kontzerturik ez duzunean?

Orduan jo behar dudan hurrengoa izaten dut gustukoena beti.

Dokumentuaren akzioak