Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Progresio pausatu eta naturala izan dut"

Dokumentuaren akzioak

"Progresio pausatu eta naturala izan dut"

Itziar Mendizabal Londresko Royal Balleteko lehen bakarlaria

Egilea
Ander Egiluz Beramendi
Komunikabidea
Deia - Noticias de Bizkaia
Tokia
Bilbo
Mota
Elkarrizketa
Data
2010/04/18

Betidanik maite izan du dantza Itziarrek. Eskolako ume zenean ere, askorentzat joko edota amets iragankor baino ez zena helburu argia zen beretzat. Horrexegatik egin du ibilaldi luzea azken hamabost urteetan: Hondarribia, Madril, Zurich, Leiptzig eta, orain, Londres. "Bizitza anitza da eta balleta ez da dena niretzat", dio Mendizabalek; "baina bai zirrara piztu eta zoriontsuen egiten nauena". Urratsez urrats, pausoka, ballet munduko maila gorenetara ailegatu da gipuzkoar gaztea.

Royal Balleteko lehen bakarlaria, zorionak! Zer proiektu dituzu han zeure zain?

Mila esker! Lehen bakarlari kontratua eskaini didate, beraz, bakarlari eta dantzari nagusiaren paperak egingo ditut baina beste era batera. Azken batean munduko bost konpainia onenen artean dago Londreskoa eta hori jausi handia da. Leiptzigeko konpainia, nolabait, B mailakoa dela esan daiteke.

Beldur apur bat bai, agian, baina ez zara berria kontu hauetan.

Munduko dantzari onenetarikoak daude bertan eta horrek inpresioa ematen du. Baina badakit zer egiteko gai naizen. Hala ere, ikusi beharko da nola moldatzen garen batera dantzatzen.

Konpetentzia handiko mundua al da Balletekoa? Norbaiti kendu al diozu postua?

Ez, ez diot inori postua kendu. Badaude dantzari batzuk beren karrera amaieran daudenak edota seme-alabak izaten hasi direnak eta zenbait plaza hutsik geratu dira Londresen. Esperientziadun norbait behar zuten eta gaztea eta, azkenean, neuri eskaini zidaten.

Zenbat urterekin esan ohi du dan-tzari batek "hau bukatua dago"?

Pertsonaren araberakoa izaten da hori eta eragin handia dauka psikologiak gainera. Nik ikusi izan ditut 45 urteko dantzariak rol nagusiak egiten, ez da ohikoa, baina ikusi izan ditut. Beste batzuk ordea 30 urterekin uzten dute. Lesioek ondo tratatzen bazaituzte eta gorputzak ondo erantzuten badu, egia da, emakume askok 35 urte ingururekin rol suabeagoak egiten hasi ohi direla, baina denetarik dago.

Eta zu, gaztea zara eskaini dizuten postu hau izateko?

Hori ere pertsonaren araberakoa da. Batzuk hogei urterekin izaten dituzte lehen rolak eta beste batzuk hogeita hamarrekin. Nik uste dut nahiko progresio pausatu eta naturala izan dudala, poliki poliki, booma izan gabe. Lorpenak psikologikoki ondo asimilatzeko ona izan da hori, heldutasunarekin hartu baitut. Pisu handia dute lehen dan-tzariek.

Royal Balletari baietza emateko beren lan egiteko moduak ere eragina izan du zugan?

Bai, zuzendari batetik bestera asko alda daiteke obra bat. Gainera mundu osoan, oro har, ballet garaikidea baino ez dute lantzen, klasikoa alderatuta. Londresen klasiko pilo bat egiten dute eta hori da niri gehien gustatzen zaidana. Bertan daude gainera munduko koreografo onenak eta urtean 135 saio baino gehiago egiten dtuzte; Leiptzigen 45 baino ez genituen egiten, aldea ikaragarria da.

Zergatik hasi dira konpainiak klasikoa alderatzen?

Gaur egun zuzendari asko koreografoak dira ere eta beraien obrak eta dantzaren beren ikuspegia taularatzen saiatzen dira. Horretaz gainera, egia da ballet klasiko bat muntatzea garestia dela: puntak, tutuak, eszenografia... denak balio du gehiago klasikoan garaikidean baino. Hala ere akats handia da klasikoa horrela alderatzea publikoak, oraindik ere, klasikoa ikusi nahi duelako.

Beste irakurketa bat eginda, koreografo berriei ere aukera eman behar zaie beren lana aurkezteko.

Bai, noski baietz, aukera eman behar zaie, baina Leiptzigeko zuzendariak esaten zuen legez, ezin ditugu Rembrandtak museoetatik kendu artista berriak jartzeko aitzakiarekin; historia asko ari gara zokoratzen.

Bost urte eman dituzu ia-ia Leiptzigen. Zer jaso duzu han?

Asko eman dit Leiptzigek. Hemen hasi nintzen rol nagusi gehienak egiten eta asko garatu naiz dantzari lez. Zuzendariarenik gainera oso feeling ona izan dut, aukera eta erronka berri asko eman dizkit eta asko hazi naiz horiei esker. Hiri bezala ere oso interesgarria da, polita eta lasaia.

Posiblea al da dantzatik bizitzea?

Bai, posiblea da, ni hamasei urte nituenetik bizi naiz dantzatik. Zailena eskolatik konpainiara jausi egitea da, dantzari asko daudelako eta plaza gutxi, gero eta gutxiago gainera. Baldintza fisiko egokiak eta zortea behar duzu baina behin profesionaletara salto eginda, ondo bizi zaitezke.

Elvira Ubierna eta Victor Ullate izenak esaten badizkizut...

Jo, ba irribarrea ateratzen zait. Harreman ona daukat oraindik beraiekin. Haiei esker nago hemen: Elvirak oinarri sendoak eman zizkidan eta Victorrek bigarren bultzada. Ume baten heziketan maisu batek ondo lan egitea oso garrantzitsua da eta hauek biak primerazko irakasleak izan ziren.

Zer esango zenioke Euskal Herrian dantzari izan gura duen ume bati?

Benetan gustatzen bazaio aurrera jarraitzeko esango nioke. Hori bai, argi izan beharko luke lana eta konstantzia handia behar izango dituela. Balletan, gauza guztietan bezala, edozer lortzeko sekretuak lan handia egitean da-tza. Noski, pasioa izanda ere, gurasoek onartu behar dute. Asko zor diet neure gurasoei argi nuela ikusi eta onartu zutelako; kritika asko jaso zituzten horregatik.

Alicia Amatriain Stugarteko dan-tzari nagusia, Lucia Lacarra Municheko lehen dantzaria, Igor Yebra Bordeleko Ballet Nazionaleko izarra, zu zeu Royal Balleteko lehen bakarlari... Euskal dantzak maila ona duela esan daiteke.

Oso ona (irmo)! Europako konpainia puntakoenetan daude euskaldunak eta asko lehen dantzari legez. Euskal dantzariak ikaragarriak dira eta pertsona bezala baita ere.

Eta txanponaren beste aldea: zergatik zaudete denak atzerrian? Euskal Herrian ez dago ez ballet ezta eskola nazionalik ere.

Hori neuk ere jakin nahiko nuke, bekatua iruditzen zait. Ez da bakarrik konpainia nazionalik ez egotea, aukerarik ere ez zaie ematen gazteei. Goi mailako dantza ikasketak egiteko ez dago konbalidaziorik: nik ikasketak utzi behar izan nituen balletera dedikatzeko eta apostu fuerteegia izan daiteke hori. Niri ondo atera zitzaidan baina beste askori ez. Ez dakit nondik tiratu beharko litzatekeen horrelako zerbait lortzeko. Argi dago ez dela gauza erraza, baina publikoa eta antzokiak baditugu Euskal Herrian. Gogoak behar dira horrelako zerbait aurrera ateratzeko; guk izan baditugu baina politikarien nahia behar da.

Zer da balleta zuretzat?

Ufa! Ba neure bizitzaren puxka handi bat da. Ez nuke dena esango, bizitza anitza delako, baina bai zirrara piztu eta zoriontsuen egiten nauena.

Itziar Mendizabal

Itziar Mendizabal (DEIA)

Dokumentuaren akzioak