Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bere herrian profeta izan nahi duten euskal dantzarien ikuskizuna

Dokumentuaren akzioak

Bere herrian profeta izan nahi duten euskal dantzarien ikuskizuna

'Euskaldunak eta dantza' egitasmoak Euskal Herriak emandako dantzariak ekarri ditu Bilbora, bigarren urtez

Egilea
Maite Asensio
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2007/06/12

Euskal Herriak eman duen dantzari osoenetakoa arduratu da ikuskizunaren zuzendaritza artistikoaz: Bordeleko Operako dantzari izarra, Igor Yebra bilbotarra. Baina egitasmoak dantzako euskal izen handiak biltzen ditu, zuzendaritza artistikoan ez ezik, agertokian ere: Stuttgarteko Balleteko dantzari nagusi Alicia Amatriain, Zuricheko Balleteko bakarlari Iker Murillo eta Leipzigeko Balleteko bakarlari Itziar Mendizabal. Euren konpainietako dantza bikotekideekin batera, ikuskizuneko bina pieza interpretatuko ditu bakoitzak.

Horiez gain, Teresa Gonzalez Ardanazek Ama lurra pieza dantzatuko du, Beti Jai Alai taldearekin batera, Gontzal Mendibilek egokitutako musika lagun. Bestalde, joan den urtean Dantzari Gazteentzako Bilbao sariaren irabazle Sara Etxebarrik ere bakarka dantzatuko du.

Aurtengo ikuskizunak aldaketak izan ditu. Yebrak esan duenez, iaz baino estilo gutxiago jorratzen ditu, klasikoa eta neoklasikoa, batik bat. Gainera, ekitaldia nazioarteko bihurtzeko asmoz, Bordeleko Operako bi dantzari etorri dira: Oksana Kutxeruk eta Roman Mikhalev. Besteak beste, Maurice Ravel euskal musikagilearen pieza bat dantzatuko dute.

ETXEAN DANTZATZEAGATIK OSO POZIK. Euskaldunak eta dantza ikuskizunak etxean jarduteko aukera ematen die atzerrian lan egitera derrigortuta dauden hainbat dantzariri. Izan ere, ez dute jaioterrian dantzatzeko aukera askorik izaten. Hain zuzen, Itziar Mendizabal gipuzkoarra Bilbon dantzatu zen aurreneko aldia izan zen atzokoa. Beraz, egun bereziak dira etxera itzultzen direnekoak; «oso pozik» baina, era berean, «urduri» agertu ziren dantzariak.

Euskal dantzarien nazioarteko ospearen itzala Euskal Herriraino luzatzea da egitasmoaren xedea. Izan ere, dantzak Bilbon duen presentzia areagotzeko garaia dela uste du ABBEk. Baina, horretarako, ezinbesteko deritzote azpiegituren indartzeari eta euskal hiriburuetan dantza eskolak egoteari. Igor Yebrak esan duenez, «burugabekeria da dantza ikasi nahi duen 11 edo 12 urteko ume batek Madrilera joan behar izatea».

Dokumentuaren akzioak