Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Profeta bati

Dokumentuaren akzioak

Profeta bati

Kritika, 'Otehitzari biraka'

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2005/01/29

Barkatuko dit, dagoenean dagoela, gure Brecht den Aresti miretsiak bere poema baten izenburua osteagatik, baina ezin izan diot tentazioari eutsi. Profeta bati deituriko poema luzea Oteizari eskainia da eta horregatik zen ezinbestekoa haren zati bat agertzea Oteizaren figura aztertzen duen obran. Horregatik eta euskarazko testu ia bakarra delako, kontuan izanda Oteizak gaztelaniaz sortu zuela bere obra idatzia. Hain zuzen ere, Oriokoaren obra idatzia deskubritzen digu Mireia Gabilondo lanaren gidoigile eta zuzendariak, eta nik behintzat eskerrona baino ezin diot adierazi, artista eta gizon paradoxikoaren figura gogoratzeaz gain, pentsalari guztiz askea eta olerkari sakona aurkeztu didalako.



Horren atzean Kukai eta Tanttaka konpainiek elkarlanean sortutako ikuskizun konplexua dago. Konplexua zelako Oteiza bera, digeritzeko zaila. Otehitzari biraka ez da inolaz ere digeritzeko zaila, baina nik uste dut egunak pasatuko direla eta bizpahiru aldiz ikusi beharko dudala lehengo batean erraz-erraz sartu dena erabat asimilatu ahal izateko. Zeren eta muntaian esku hartu duten elementu guztiak Ðmusika, dantza, bideo irudiak, Oteizaren adierazpenak eta poemakÐ elkarrekin ondo josita baitaude, elkarren eragina dute eta zaila da haietariko bati buruz hitz egitea besteak aipatu gabe.Dena dela, argi utzi dezagun guztiz ederra eta koherentea izan dela lau musikariren artean sortutako soinu-banda, hasierako Salvadorren pianoa eta Laboaren ahotsa ahaztu gabe. Nik esango nuke soinu-banda izan dela ikuskizunaren hari nagusia, eta hari esker lortu dela azterketa eta gogoetarako behar den sujeritze-giro lasaia. Lasai ibili direnak Kukai dantza taldeko kideak izan dira. Ageriko urduritasunik gabe azaldu dira lehen momentutik Ðseguru aski 1937 lanarekin irabazitako heldutasunarengatikÐ, eta eszenan agertu diren une beretik jakin dugu gaia menperatuta zeukatela, guztiz barneratuta, eta dantzarekin gozatzera eta guri gozaraztera etorriak zirela. Jon Maiaren koreografiak, aldiz, soiltasunera jo du nagusiki eta apaingarriak damurik gabe kendu ditu araztasunaren izenean, eskultorearen funtsezko printzipioarekin bat eginez. Bide horretatik, dantza pasarte ederrak sortu ditu eta aurrerago joan da euskal dantza tradizionaletik jaiotako bide garaikidean.



Fernando Bernuesek diseinaturiko eszenografian arbel handi batek estaltzen du behegaina eta beste arbel txikiago batzuk goitik eskegita daude, altuera desberdinetan, Oteizaren eskemak eta caer y levantar (erori eta altxatu) hitzak klarionaz idazteko. Klarionez egindako pantaila batean artistaren adierazpen zorrotzak eta esentziara jotzen duten poema batzuk proiektatzen dira, horrela areagotuz dantzaren esanahia eta ikuskizunaren ahalmena.

Dokumentuaren akzioak