Dokumentuaren akzioak
Profesional, profesiorik gabe
Gazteak dira, ikasleak, 15 urtetik gorakoak; baina profesional baten bizimodua dute, profesional baten bizitza, oraindik profesiorik izan gabe. Gorputza dute lan tresna, mugimendu fin eta dotoreen bizitoki dira. Pausoak kantu bihurtzen dituzte, eta kantuak, pauso, dantzari gazte izateak dakarren biziera jada barneratuta. Villabona-Amasako (Gipuzkoa) Oinkari dantza taldea dute hezibide, eta egun Korrontzi Dantzan eta Laida Pilota emanaldietako ohiko dantzariak dira: Euskal Herriko emanaldietan bakarrik ez, baita kanpoan ere. Hala dabiltza Maddi Bengoetxea, Gorka Duran, Maitane Irurzun, Aimar Garaiar, Lide Bengoetxea eta Izarraitz Larreta, ikuskizun batetik bestera.
Euskal Herria, Madril, Galizia, Bartzelona, Erresuma Batua eta Eskozia bisitatu dituzte, besteak beste, uda honetan; izan ere, Korrontzi taldearen Korrontzi Dantzan eta Pier Paul Berzaitzen Laida Pilota emanaldiak egiten ibili dira, batetik bestera.
Korrontzi folk taldearen trikiti doinuei dantza jartzeko asmoz sortu zen lehena, doinu horien bidez eta gaur egunera moldatutako dantzen bitartez, diziplinen arteko ikuskizun bat eskaintzeko.
Geroztik, dantzari ugari igaro dira taulatik. Egun, sei dantzari horiek dira emanaldiz emanaldi ibiltzen direnak, baina ez dira seiak batera joaten emanaldi guztietara: bikoteka joaten dira. Hori azpimarratu du, hain justu, Oier Laborde dantzari eta irakasleak: «Laida Pilota ikuskizunean guztiek elkarrekin egiten dute dantza; zortzi egoten dira. Korrontziren kasuan, aldiz, kanpora joaten direnean bi bakarrik joaten dira, eta esperientzia oso desberdina da: furgoneta batean joaten dira, artista eta musikoen artean, musikoen bizimodua eginez».
Ostera, gazteak arduratzen dira guztiaz, eta bi emanaldietan duten ardura desberdina dela adierazi du Lide Bengoetxeak: «Ardura desberdina da: Laida Pilota egitera joatean, gure gainetik daude zuzendaria, antolatzailea, koreografoa...; eta Korrontzirekin joaten garenean, guk antolatu behar dugu guztia». Gainera, emanaldi kopurua eta horietan egiten duten dantza kopurua ere handiagoa da, eta horrek erritmo biziagoa dakar. «Gertatu izan zaigu Bartzelonan egotea, goizeko bostetan esnatu behar izatea, eta arratsaldean Galizian emanaldi bat egin behar izatea», kontatu du Larretak. Dantzarien hitzetan, nekagarria suerta liteke hori, baina ikuskizunaren ordua iristean, bigarren planora igarotzen da. Hala kontatu du Garaiar gazteak: «Bi pertsona gara: bat agertokitik kanpo gaudenean eta beste bat sartzen garenean; izan ere, sentitzen ditugun motibazioa eta adrenalina izugarriak dira».
Diziplinarteko elkarlana
Horrelako ikuskizunetan parte hartzeko, baina, ezinbestekoa da aurretiaz entseguak egitea; eta ez da erraza izaten gazteak elkartzea. «Horrelakoetan gure kontura ikasten dugu, bideoak elkarri bidaliz. Lan pertsonala da, ezin dugu talde osoa elkartu pertsona batek dantza ikasteko», adierazi du Maddi Bengoetxea dantzariak.
Laida Pilota ikuskizunean, ordea, ezin izan dute hori egin, Korrontzirekin ez bezala, hasieratik parte hartu baitute proiektuan, baita sorkuntza prozesuan ere. Hastapenetik bizi izan dute guztia, horregatik sentitzen dute eurena, hein batean, eurek sortua ere izan delako. «Korrontzi lehenagotik datorren zerbait da, herentzia moduko bat; Laida Pilota, aldiz, geurea da; geurea sentitzen dugu, prozesuan parte hartu dugulako. Lehen, beste kide batzuk bideoetan ikusi eta dantza horrela ikasten genuen, eta, orain, beste batzuek gu bideoetan ikusiz ikasten dute», adierazi du Maddi Bengoetxeak.
Gainera, musikariz eta dantzariz harago doan proiektua da Laida Pilota: besteak beste, abesbatza bat, kantariak, bertsolariak eta ipuin kontalariak biltzen ditu. Hala, diziplinarteko emanaldi bat ondu du Pier Paul Berzaitz euskal kantari eta musikariak; eta Oinkari dantza taldea ere elkarlan horren hazi da. Ikasteko eta bidaiatzeko aukera ez ezik, jendea ezagutzeko parada ere eman die emanaldi horrek gazteei, eta esperientzia biziki «aberasgarria» izaten ari dela nabarmendu dute sei gazteek: «Ez gara kontziente zein tamainako proiektuan sartuta gauden». Era berean, emanaldia izaten ari den harrera ere azpimarratu dute, eta bereziki Iparraldera joatean jasotzen duten abegi beroa. Horixe nabarmendu nahi izan du Duran gazteak: «Emanaldiek Iparraldean duten harrera oso berezia da». Iritzi berekoak dira gainerakoak, eta ikusle txikienek izan ohi duten jarrera goraipatu du Irurzunek: «Txikienak begira geratzen zaizkizu, harrituta, eurentzat izar bat izango bazina bezala». Beroa, eta gertukoa; horrelakoa da dantzarien arteko harremana ere: giro ona nabari da, eta Garaiarrek esan duenez, «familia bat» dira jada.
Lan prozesu baten fruitua izan ohi da ikuskizuna; helmuga. Horra iristeko bidea, baina, zoragarria bezain malkartsua izan daiteke. Eneko Arteaga Oinkariko arduradunaren esanetan, garrantzitsua da sorkuntza prozesua, eta Laida Pilota emanaldian, Eneko Gil izan da koreografien sortzaile: «Enekori islatzen diogu zein motatako koreografia nahiko genukeen, eta askatasun osoa izaten du sorkuntza prozesuan». Hala ere, oinarrizkotzat jo du ikuskizunean oreka bat mantentzea: «Koreografia bat izan daiteke erabat askea edo erabat tradizionala, baina ikuskizunak beti izango du bien arteko oreka bat».
Era horretan, elkarlanaren bidetik jarraitu nahi du dantza taldeak; Arteagaren esanetan, zaila baita bakarkako ikuskizun bat sortzea, «kostua handia delako». Haatik, ez du ideia zokoratzen: «Espero dugu 2020. urtean, gure 45. urteurrenean, gauzak ondo direla eta lotuta dauden bezala, ikuskizun pare bat aurkeztea».
Ideia hori gauzatzekotan, beste ikuskizun baten parte izango dira sei gazteak; Lide Bengoetxearen arabera, «etorkizunerako esperientzia bat; ez dantzarako bakarrik, bizitzarako baizik».
Dokumentuaren akzioak