Dokumentuaren akzioak
"Hiru hiletan, egunero zortzi orduan jardun dugu lanean"
Zer ibilbide egin duzu?
Dantza munduko nire lehenengo ikastaroa, Sara Paniaguak Durangon emandako urte osoko bat izan zen; orain zortzi urte, hogeita zortzigaz, ezagutu nuen dantza garaikidea. Orduan ez nuen itxaroten inoiz dantzatik bizitzerik, ez honetan hainbeste sakonduko nebanik.
Zer erakutsi zizun Durangoko ikastaro hark?
Lehenengo aldia izan zen niretzako gorputzera halako hurbilketa bat egiten nuena: neure buruaren ezagutzaren lotura fisikoa sortu zen. Mundu hori zabaldu zitzaidan ikastaro horregaz, eta bide horretatik jarraitu nuen; 2007an audizio bat egitera joan nintzen Lisboara. Arte zentro bat zen Lisboako hura; hamar ikasle ginen lehenengo urtean; aktoreak, idazleak eta dantzariak, besteak beste. Performancea landu genuen han. Sormen prozesu bat bizi izan nuen han lehenengoz.
Aukera ezin aproposagoa izan zenuen Lisboako hura, beraz.
Nire burua dantzaren munduan sartuta ikusten hasi nintzen; gogotsu nengoen, mundu horrek betetzen ninduela konturatu nintzen.
Disziplina gogorragaz lotzen dugu dantza mundua.
Hogeita zortzi urte nituenean hasi nintzen ni. Hasieratik eduki dut argi dantzari hutsa ez nuela izan nahi, gura nuena sortzailea izatea zela.Lisboako eskolak aldatu zidan perspektiba: teknika oso konkretu batzuk zen dantza garaikidea lehen niretzat. Performancearen munduan, aldiz, hainbat disziplina baliatzen dituzu komunikatzeko. Ez da dantza ondo egiten duzula erakustea: bilaketa bat da.
Lan hau Durangon erakusteak zer suposatzen du zuretzat?
Atea zabaltzea da; izan ere, lagun askok ere ez nau dantzatzen ikusi. Lehenengoz erakutsiko dut halako lan bat Durangon, antzokiko programazio baten barruan.
Lanaren sormen prozesuan hiru aktorek hartu duzue parte?Olatz de Andresek egin du zuzendari lana, baina hasieratik egon da zabalik gure ekarpen eta ideietara. Hiru hiletan, egunero zortzi orduan jardun dugu lana prestatzen. Pribilegio bat izan da taldeko partaide izatea, zoragarria: Gironako dantza eskola batean eskaini ziguten egoitza, eta gauza asko konpartitu ditugu prozesu guztian zehar.
Zinemako baliabideak oholtzara ekartzen dituzte
Privolva lanean
Olatz de Andres dantzaria da San Agustin kulturguneko ikasturtea zabalduko duen Privolva lanaren zuzendaria. Lana zertan datzan azaldu digu oholtzatik
Zer ideia dago lanaren atzean?
Zientzia fikzioko filmeen
iruditerian oinarrituta sorturiko lana da; ez zientzia fikzio efektista
batean, zientzia fikzio filosofikoagoan baizik. Erreala eta
ez-errealaren inguruko zalantzak agertzen dituena. Godard zinemagile
frantzesaren Alphaville filmaren zati bat hautatu genuen: efektu
berezirik barik eta balibide gutxigaz, errealitatea aldarrikatzen duen
filma.
Mugimendu abstraktuaren inguruko ideia batzuk ere landu
ditugu, aldi berean. Osmosiaren ideia, denok elkarlotuta gaudelako
ideia jorratu dugu, esaterako: ekintza-erantzunean batak besteari zelan
eragiten diogun.
Zer kontatzen du pelikulak?
Zenbait berbaren erabilera
debekatzen duen botere ahalguztidun bat agertzen da Alphaville izeneko
hiri batean. Ezaugarri gizatiarrenekin loturiko berbak, “samurtasuna”
hitza, esaterako, erabiltzeari uzteagaz batera haren esanahaia ahazten
dute gizakiek.
Hainbat pieza laburrek osatzen dute ‘Privolva’...
Fotogramak bailiran, zati txikiek osatzen dute obra.
Zinemaren baliabideak oholtzara ekartzea da helburua. Pentsamentu
arrazioanalaren eta emozionalaren kontraposizioa da guztiaren oinarria;
zientziaren eta poesiaren aurkakotasuna.
Zelan ipini daiteke honelako proiektu bat martxan?
Diru-laguntzak baliatuta: dantza garaikidearen mundua txikia da proportzioan hemen, eta badago laguntzarik lortzeko modurik. Bartzelonan, esaterako, laguntza eta antzoki asko dago, publikoa ohituagoa dago dantzakera anitzak ikustera... Bidea oso egina dute Katalunian, eta hemen asko daukagu egiteko: dantza esperimentala askoz gehiago zabaltzeko aukera daukagu. Lanaren banaketa da gaitzen egiten zaiguna. Oso sakabanatua dago dantzaren mundua gurean: bakoitza bere proiektuetan dabil, edo atzerriko eskoletan ikasten.
Dokumentuaren akzioak