Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Prentsa idatziko Argia saria jaso du BERRIAko Edu Lartzangurenek

Dokumentuaren akzioak

Prentsa idatziko Argia saria jaso du BERRIAko Edu Lartzangurenek

'Portobello', 'Denbora' film laburra, 'Azpimarra', Bertsoa eta Dantzan webguneak eta Euskadi Irratia ere saritu dituzte

BERRIA egunkariko Agenda saileko Edu Lartzangurenek jaso du aurten prentsa idatziko Argia saria, egunero sail horretan kaleratzen dituen elkarrizketa laburrengatik. «Hedabideetan gutxi agertzen den jendearekin hitz egin, haien mundua ikusteko manera jaso, eta irakurleei modu erakargarrian aurkezteko gaitasunagatik» saritu dute. Lartzangurenek lankideei eta elkarrizketatu dituen pertsonei eskaini die saria. Hauek izan dira beste sarituak: Euskadi Irratiko Portobello irrati saioa, Herrira Mugimenduaren Denbora film laburra, Dantzan.com eta Bertsoa.com webguneak, ETBko Azpimarra saioa, eta Euskadi Irratia.
Egilea
Ainara Arratibel Gascon
Komunikabidea
Berria
Tokia
Usurbil
Mota
Albistea
Data
2013/01/26
Lotura
Berria

Atzo banatu zituzten sariak, Usurbilen (Gipuzkoa). Interneti dagokiona eman zuten aurrena. Sarituak: Bertsoa.com eta Dantzan.com webguneak. «Internet bertsotarako eta dantzarako plaza digital bihurtu, eta kulturaren alor horien jarraitzaileei berebiziko zerbitzua ematen diete», nabarmendu du epaimahaiak.

Bertsoa.com atariaren izenean Jexux Mari Irazu bertsolariak jaso zuen saria. Gogoeta garian harrapatu ditu: «Uste dugu bertsolaritzak baduela sarean gehiago zabaltzen jarraitzeko potentzialitatea». Dantzan.com atariko Oier Araolazak Argia saria orain gutxi jaso zuten beste baten ondorio dela gogorarazi zuen. «Webgunea itxi behar izan genuen bederatzi hilabetez. Baina dantzazaleen babesari esker, berriro martxan da. Dantzazaleek argi esan dute tresna hau behar dutela».

«Pozez puztuta» jaso zuen irratiko Argia saria Asier Leozek. Hark gidatzen duen Portobello saioari eman diote saria. Leoz Madrildik mintzatu zen, lan kontuengatik han baitago: «Eskerrak eman nahi dizkiet Euskadi Irratiko arduradunei, erakutsi didaten konfiantzagatik». Portobello saioari ondorengo merituak aitortu dizkiote: «Musika hautatzeko aparteko gustua erakutsi du, eta entzuleei behar bezalako testuinguruarekin eskaintzen».

Denbora film laburraren bidez egin zuen dei Herrira Mugimenduak, urtarrilaren 12an, euskal presoen eskubideen alde Bilbon egindako manifestaziora. Hari eman diote publizitateko Argia saria. «Fikzioaren baliabideak ekitaldi publiko bat iragartzeko egoki erabili izana» goratu du epaimahaiak. Beren aldarrikapenari sortzaileek jarritako ahotsa eta letra eskertu zuen Amaia Esnalek, Herrira Mugimenduko kideak: «Haientzat, eta filmean azaltzen den errealitatea agerian uzten diguten preso, iheslari nahiz senideentzat da saria».

«Euskaraz bizitzeko hautua egiten duten herritarrentzako telebista publiko bat» aldarrikatu zuen Maddalen Iriartek, ETBko Azpimarra saioko aurkezleak. Sariagatik pozik mintzatu zen. «Hunkituta gaude». Gaur-gaurko gaiak «sakontasunez eta independentziaz» lantzegatik saritu dute Azpimarra.

Merezimenduzko saria Euskadi Irratiari eman diote, 30 urteko ibilbideagatik. Entzuleak, langileak eta kolaboratzaileak ekarri nahi izan ditu gogora Felipe Juaristi zuzendariak.

Aurtengo Argia saridunak, atzo, Usurbilen. / GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Edu Lartzanguren. BERRIA egunkariko kazetaria

«Asko gozatzen dut elkarrizketa laburrak egiten»

A.A.G. Usurbil

Prentsa idatziko Argia saria jaso du Edu Lartzanguren BERRIAko kazetariak, egunero Agenda sailean egiten dituen elkarrizketa laburrengatik. Lankideei eta elkarrizketatuei eskaini die saria: «Oso pozik nago», aitortu du.

Nola jaso duzu saria?

Oso pozik. Bost urte daramatzat elkarrizketak egiten [urte hauetan 600 lagun inguru elkarrizketatu ditu], eta horrek bere aitorpena baduela ikusteak sekulako poza ematen du.

Lankideei eta elkarrizketatuei eskaini diezu saria.

Bai. Nik galderak besterik ez dut egiten. Benetako protagonistak sortzaileak dira: musikariak, hitzaldiak ematen dituztenak, dantzariak... Haiek elikatzen dituzte elkarrizketak. Haien iritziak eta ekarpenak dira benetan interesa sortzen dutenak. Eta urte hauetan ere lankide izan ditudanak gogoan eduki nahi izan ditut.

Erraza izaten al da elkarrizketatuak aukeratzea?

Bai eta ez. Bai, elkarrizketak beti egon behar duelako lotuta hurrengo egunean egingo den ekitaldi batekin. Beraz, horrek markatzen dizu zein aukera dituzun. Eta ez, aipatu dudan horregatik, kasu batzuetan ezin duzulako nahiko zenukeen pertsona hori elkarrizketatu. Baina bien artean oreka bat bilatzen saiatzen naiz. Joko polita da.

Elkarrizketa laburrak dira egiten dituzunak, 4-5 galderatakoak. Nola lortzen da galdera kopuru horrekin elkarrizketatuei zerbait interesgarria ateratzea?

Nik beti esaten dut pertsona bati lau-bost galderatan ez badiozu zerbait interesgarria ateratzen, ez diozula hamar galderatan aterako. Gustatuko litzaidake elkarrizketa luzeagoak egitea, baina horiek beste mota batekoak izango lirateke. Orain egiten ditudanekin asko gozatzen dut. Jende interesgarri asko ezagutzeko aukera ematen dit.

Dokumentuaren akzioak