Dokumentuaren akzioak
Preljocajen labela
Amaigabeak dira nazioartean jasotako izendapen eta sari guztiak. Hala ere, onespenaren adierazgarri onena munduko konpainia handienek beren errepertorioan Preljocajen koreografiak jasotzea izan da. Hala, Parisko Operako Baletean, New York City Baletean, Berlineko Staats Operan, Lisboako Gulbekian Baletean, Milango Scalan eta Stockholmeko Kungliga Baletean egin du lan koreografoak.Lan horietaz guztietaz gain, oso-oso entzutetsua izan zen Ameriketako Estatu Batuetan The Stravaganza lanarekin jasotako arrakasta. New York City baletarentzat sortutako koreografia horrek ikusle estatubatuarra liluratu zuen, eta AEBetan bira luzea egin ostean 1997an New Yorkeko Bessie Award saria eman zioten Annonciation bikote dantzarekin.
Nahiz eta guraso albaniarrak izan, Angelin Preljocaj Frantzian jaio zen. Lehenik eta behin dantza klasikoko ikasketak egin zituen hainbat irakasle ezagunekin, besteak beste, Karin Waehner, Zena Rommett eta Merce Cunninghamekin. Gero, dantza akademikoak eman zion oinarria baliatu eta dantza garaikidean murgildu zen, dantza estilo horretako sortzaile garrantzitsuenetako bat izatera iritsi arte. Orain arte 28 koreografia sortu ditu eta horietako zortzi bere baletaren errepertorioan sartu ditu.
Gorputzaren metaformosia Preljocajek 1984. urtean sortu zuen bere konpainia, 25 dantzarirekin, eta egoitza Aix-en-Provenzen jarri zuen. Gaur egun, balet hori bera Frantziako Zentro Koreografiko Nazionaletako bat da. Hain zuzen, 1996an konpainia Provence-Cote d'Azur-Alpes eskualdeetako Aix-en-Provenze herriko eta Bouches de Rhone departamenduko zentro koreografiko bilakatu zen.
Data garrantzitsua izan zen hori, konpainiaren etorkizuna finkatzeko balio izan baitzuen. Esate baterako, koreografoak ordura arte erabilitako errepertorioa aldatu zuen, obra klasikoak alboratu eta gai existentzialagoak jorratzen hasteko. Gorputzaren metamorfosia aztertzen hasi zen, ahozko espresioaren eta lengoaiaren arteko harremana ere landuz. Konpainiak 20 urte bete ditu eta bere utopietako bat betetzear da, irailerako bere egoitza berriko ateak irekiko baititu. Rudy Riccioti arkitektoak diseinatutako eraikin berriak lau entsegu gela eta ia 400 lagunentzako entzutegi bat izango ditu, besteak beste. Dantza produkziorako gune modernoa izango da.Izan ere, Preljocaj baleta ez da dantza konpainia hutsa. Corps a Coeur jaialdia antolatzen du urtero eta bere dantzariekin tailer, ikastaro eta mintegi ugari egiten ditu, baita sentsibilizazio kanpainak, bideo aurkezpenak eta ikastetxeetara bisitaldiak ere.Taldeak urtean 110 emanaldi inguru egiten ditu, Frantziarako eta atzerrirako prestatutako programak tartekatuz. Taldearen dimentsioaren adierazgarri da biretarako duen azpiegitura. Adibidez, BNP etxe komertzialak bai taldearen eta bai koreografoaren itzuli guztiak babesten ditu.Hogeigarren urtemuga ospatzeko osatutako birarekin iritsiko da Preljocajen konpainia hurrengo astean Bilbora. Bertan, Romeo eta Julieta obra taularatuko dute Arriaga Antzokian.
Romeoak eta Julietak Preljocajek William Shakespeareren lan ezagunaren izenburua jarri zion, 1990. urtean, Lyongo Operako Baletarentzat egindako ikuskizunari. Idazlearen obra klasikoa oinarri hartuta, haren bertsio libre bat egin zuen, 25 dantzarirentzako koreografia sortuz. Orain, 15 urte geroago, lan horren irakurketa berri bat egin du.
Ikuskizun horrek botereak norbanakoaren eskubideetan duen eragina azaltzea du helburu nagusi. Horretarako, aro garaikideko eta fikziozko Verona bat sortu zuen, eta bertan kokatu zuen istorioa. Aberastasun eta pribilejio guztiak dituen gizarte estamentua eta erabat zapalduta bizi den herri xehea jartzen ditu aurrez aurre. Hala ere, Preljocajek klaseen arteko borrokan gehiago sakondu du eta milizien eta etxerik gabekoen borrokak irudikatu ditu koreografian. Hala, sorkuntza berri horretan askatasunari buruzko bertsio ezberdinak adierazten dira, Romeo eta Julieta ezberdinen arteko harremanen bidez. 'Romeo eta Julieta'
Konpainia: Ballet Preljocaj
Koreografia: Angelin: Preljocaj
Noiz eta non: Maiatzaren 26an eta 27an Bilboko Arriaga antzokian.
Dokumentuaren akzioak