Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Prekaritateak eta ezegonkortasunak baldintzatua da sortzaileen egunerokoa

Dokumentuaren akzioak

Prekaritateak eta ezegonkortasunak baldintzatua da sortzaileen egunerokoa

Euskal artisten lan eta bizi baldintzei buruzko inkestaren emaitzekin, jarri du zer pentsatua Lanarteak. Nork bere esperientziatik gogoeta egin dezan gonbidatu ditugu lau sortzaile. «Glamour» faltsuaren atzean lanbide batzuek ezkutatzen dituzten estutasunak eta ezintasun ekonomikoak utzi dituzte agerian.
Egilea
Xole Aramendi
Komunikabidea
Naiz
Mota
Albistea
Data
2025/01/25
Lotura
Naiz
«Glamour» faltsuaren atzean lanbide batzuek ezkutatzen dituzten estutasunak eta ezintasun ekonomikoak utzi ditu agerian euskal artisten lan eta bizi baldintzei buruzko inkestak
«Glamour» faltsuaren atzean lanbide batzuek ezkutatzen dituzten estutasunak eta ezintasun ekonomikoak utzi ditu agerian euskal artisten lan eta bizi baldintzei buruzko inkestak (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Euskal artisten lan eta bizi baldintzei buruzko lehen inkestak argitara, eta batez ere zenbakietara, ekarri du askoren egunerokotasuna.

Sorkuntzak garai oparoak bizi ditu gurean. Ezin ukatu. Artistek zein baldintzatan sortzen duten da gakoa.

245 pertsonek erantzun dute Lanartearen -Euskararen Langile Profesionalen Elkartea- galdetegi sakona. Behin diagnosia eginda, artistak behingoz langiletzat hartzea, lan jarduerek ezaugarri bereziak dituztenez estatus berezia ematea, politika publikoak abiaraztea, zirkuituak sendotzea, ekosistema zaintzea, inbertsioa handitzea... dira eskaerak.

Euskaraz sortutako kulturaren legearen gabezia nabarmendu du Lanarteak. Babes ekonomiko eta juridiko guztiak izan ditzan eskatu du. Halaber, politikak egiterakoan sortzaileen eta interpreteen lan baldintzak erdigunean jartzearen eta hizkuntza zehar-lerro gisa erabiltzearen beharra azpimarratu du.

«Artisten lan baldintzak hobetzeko proiektu berria» iragarri zuen Ibone Bengoetxeak joan den irailean. Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bere legegintzaldiko (2024-2028) lan ildo nagusien artean aipatu zituen neurriak. «Zehaztasunen zain gaude. Baditugu tresnak urratsak egiten hasteko, Madrildik etor daitekeenaren zain egon gabe», adierazi du Amagoia Gurrutxagak, Lanarteako koordinatzaileak.

Izan ere, Madrilgo Diputatuen Kongresuak Artistaren Estatutua onartzeko konpromisoa hartu zuen 2018an. 2023an Donostian bildu zen kulturgileekin Adriana Moscoso, Gobernuko Kultur Industrien eta Jabego Intelektualaren zuzendari orokorra, ordura arte emandako pausoen berri emateko. Publikoki geroztik ez da berririk izan.

Emaitza «gogorrak»

Inkestaren emaitzak «gogorrak» iruditu zaizkio Andoni Egaña (Zarautz, 1961) bertsolariari. Jarduera artistikoa ogibide bakar edo nagusi dutenek 12.330 euroko irabazi garbiak izan zituzten 2022an. Batez beste hilean 1.027,5 euro poltsikoratu zituzten artistek. «1.000 euro pasatxo soldata? Esaten ari gara pentsio minimotzat eskatzen duguna baino gutxiago dela… Ostra! ‘Zenbat jende ari da kulturgintzan eta zenbati iristen zaio oso gutxi?’ pentsatzen duzu». Inkestatuen %20,5 ez zen iritsi lanbide arteko gutxieneko soldataren langara iaz. «Sektore bezala egoera larria da eta zerbaiten ondorio ere bada», dio.

Inguruko kulturgileak ikusita, zorteko sentitzen da. «Egin dudan lan piloarengatik eta egiteko izan dudan aukerarengatik pribilegiatua naiz. Bestela negar gezurretan egitea izango litzateke niri dagokidanean. Nire kasuan eta beste bertsolari gutxi batzuen kasuan, prekaritatea ez da diru ezarekin lotzen, hurrengo hilean, hemendik sei hilabetera edo urte eta erdira lanik edukiko duzun ez jakitearekin baizik. Maite duzu egiten duzuna, zeure burua alor horretan ikusten duzu eta segi egiten duzu», esan du.

Oholtzatik erori zen udan. Lan istripua. «Besoburua puskatu nuen abuztuan. Ez nuen bajarik hartu. Gazteek esaten duten bezala ‘ez zidan rentatzen’. Oraindik errehabilitazioan nabil. Erori eta astebetera ‘Berria’rako iritzi zutabeak idazten ari nintzen ezkerreko eskuarekin. Hamargarren egunerako, besoa lotuta bertsotan ari nintzen eta 40 egunerako autoa gidatu behar izan nuen bertso saio batera joateko. Bajak hondoratu egingo ninduke, ekonomikoki kristoren sarraskia litzateke». Egaña lehengoetakoa izan zen lanpostua utzi -funtzionarioa zen Gasteizko Udalean- eta bere ahalegina kulturgintzan jartzen. «30 urte nituen, duela 33 urte izan zen… Iraun dut [irribarrea]. Ez nioke meritu berezirik jarriko neure buruari horregatik. 1992. urtea zen, ordurako 150 saio egiten nituen eta bi lanak ezin nituen ondo egin. Aukeratu egin behar. Pare bat Euskal Herriko final jokatuak neuzkan, pare bat literatur sari irabaziak, eta beste liburu batzuk argitaratuak ere bai… ‘Moldatuko naiz hobetoxeago edo okerxeago’, pentsatu nuen. Koltxoi ekonomiko erlatiboa ere baneukan».

 

Andoni Egaña, Euskal Herriko txapela lau aldiz jantzia, bere herriko hondartzan. (Jon URBE / FOKU)

 

Langile izaera oraindik amets. «Gure seme Julenek ikastolan gurasoen ogibideak- eta landu zituenean, 6-7 urterekin, esan zuen ‘gure aita bertsolaria da, baina hori lana da’. Horrela kontatu zidan irakasleak. Etxean ikasia eramango zuen… Hori orain dela 30 urte ia», bota du. Aurreko legegintzaldian Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuarekin Lanarteak izan zuen bilera ekarri du akordura. «Bingenek [Zupiria] eduki zuen aukera aurreko legealdian. Lanarteakoen artean nintzen Donostian berarekin bildu ginenean. Gure eskaera denak entzun zituen, arretaz, baina aurrerapausoak zailak dira dirudienez, zeren ez da gertatu. Bazen proiektu polita, berak ateratzeko modukoa, domina txiki bat jartzekoa».

«Badirudi jubilatu ondoren sortzaileen epigrafean sartzen bazara jubilazio partzial batekin segitu zenezakeela lanean. Duela 20 urte ez zeuden pauso batzuk eman dira, itxuraz. Baina adi, hori Madrilen gobernu aldaketa batekin galdu daiteke. PP jarriko balitz... Normalean alderdi horri ‘artista’ hitza ez zaio belarri onetik sartzen». Bertsolarien kasua esanguratsua da. Ez dute epigrafe propiorik. Espainiar Estatuko kultur sisteman ez dira existitzen. Euskal Herriko Bertsozale Elkartearekin adostuta eskatu du Lanarteak idazleen epigrafean azpi-oharra sortzea ahozko literaturaren egile bezala bertsolariak aipatuz. EAEko hiru aldundiek onartuta dute. Horrez gain, gutxieneko langa gainditzen ez dutenei autonomoen legea ez aplikatzeko eskatu du Lanarteak. «Gipuzkoan lagunduko diete artistei ordainagirien bitartez faktura beharrik gabe beraien lanaren ordaina jasotzen», zehaztu zuen Gurrutxagak inkestaren aurkezpenean. Nafarroan ere bilera eskatzeko asmoa dute.

«Gizateriaren Ondaretzat onartua dago bertsolaritza Euskal Herri osoan. Ondo dago hori, baina lurrera jaitsi gaitezen. Pandemian Jaurlaritzako Kultur sailak ireki zuenean kultur laguntzen aukera, saiatu ginen eta ez geneukan epigraferik eskaera egiteko. Seguru asko epigrafeak Madrildik etorriko dira», esan du.

Azken urtebetean beren jardun artistikoa uztea pentsatu du jarduera artistikoa ogibide dutenen %42,7k. Hala dio inkestak. «Ikaragarria iruditu zait. ‘Nik ez dut balio, utzi egingo dut, ez naiz ona… pentsatzera darama asko egoerak. Ondorioz, harribitxiak gal daitezke; eta ez du kulturak bakarrik galtzen, euskarak ere bai».

Ez da damutu 1992ko egun hartan egindako apustuaz. «Errazago bizi nintekeen, baina hobeto ez. Eta gustura nago nire indibidualtasunaren eta kolektibitatearen artean hasieratik lortu dudan orekarekin».

«Artistak, beti galtzaile»

Joseba Larratxe Josevisky (Irun, 1985) marrazkilariak inkestaren emaitzarekin ez du sorpresarik hartu. «Ez da susmatzen duzun zerbait, bizi duzuna da», esan du. Bere lehen pausoak gogoratu ditu. «Zure aktibitatea pasio batetik dator. Hasieran agian ez dituzu obligazio ekonomiko handiak -hipoteka- eta halako sentimendu erromantikoak bultzatzen zaitu esatera ’ez didate ordaintzen, baina egingo dut’. Badaukazu esperantza txikia, lan horrek lan handiago batera eramango zaituela pentsatzen duzu. Artearekiko maitasunagatik, sakrifizioa. Baina denborarekin erretzen eta nekatzen joaten zara. Era berean, ulertzen artearena ere negozio bat dela eta beti galtzen ateratzen direnak artistak direla. Beste guztiek -editoriala, inprenta…- lortzen dute bizimodua ateratzea, baina artistek ez. Beti arrastaka eta modu txarrean bizi gara», esan du.

Harridura sortzen du sortzaileen eskaera langiletzat hartu ditzaten izateak, oraindik lortu ez dutena. «Ez dut nahi ez dakit ze artista ‘inportante’ kontsidera nazaten. Nik eta nire inguruko marrazkilariok dugun nahia da gurea izatea profesio bat beste edozeinen modukoa. Jendeari ez zaio burutik pasatzen igeltsero eta iturgin bati etxera etortzeko deitu eta irteera ez ordaintzea. Edo elektrikariak faktura pasatzean negoziatzea. Gurekin dena da faborea, ‘ez zaizu ezer kostatzen’… Ni prest nago marrazkia debalde egiteko, baina kartela edo inprenta lanak ere doan egingo dituzte, ezta? Edo denok egiten dugu esfortzua kausaren alde edo ez du inork egiten. Bestela beti pertsona berak egin behar du ahalegina. Nik nahiago dut ez dakit zein erakunderen kanpainan doan parte hartu baino fanzine bat egin marrazkilarion artean. Fotokopiatuko dugu makina txatxar batean eta kito. Ez du inork ezer galduko edo irabaziko», adierazi du.

Botere harremanei jarri die fokua. «Badirudi Euskal Herrian oso horizontalak, ezkertiarrak eta jatorrak garela, baina enplegatzailearen papera ematen diozunean norbaiti, beti dauka halako bulkada abusatzeko. Beti doa enplegatua estutzera eta bere pribilegio posizioa aprobetxatzera. Posizio hori hartzen duena ez da horretaz konturatzen, eta gu -enplegatuak- ere ez presio hori aplikatzen ari zaizkigunik. Eta bada garaia dinamika hauek aldatzen joateko. Horregatik, Lanartearen lana oso inportantea iruditzen zait».

 

Joseba Larretxe «Josevisky» bere estudioan lanean, Usurbilgo Kabiene coworking espazioan. (Jon URBE / FOKU)

 

Oso gutxi dira sorkuntzatik bizi diren egileak gurean. Duintasunez bizi ahal izateko, beste hainbat konturi ezin muzin egin. «Nor bizi da idaztetik edo komikiak marraztetik? Nik ere kartelak, haur eta gazteen ipuinetan ilustrazioak, tailerrak.. egiten ditut. Denak dira marrazkilarien lanbidean sar daitezkeenak. Dibertsifikazioa inportantea da. Gipuzkoako Aldundiak dirulaguntzak ematen ditu artistek ikastetxeetan tailerrak emateko. Oso gustura egiten dut eta horren bidez oinarri ekonomiko majoa lortu dut, eta horrek gaizki ordaindutako lanak ez onartzea ahalbidetu dit. Eta negoziatzea, hasierako beldurra baita ‘ez didate berriro deituko’», kontatu du. Erabakia hartua du. «Komiki proiektuan %100ean sinesten ez badut, ez du merezi. Ahalik eta baldintza onenak izanda ere, beti marrazkilaria aterako da galtzen komikiaren kasuan, ordu kantitatea ez baitago inoiz ordainduta. Eskubideen banaketa, zabalkundea... gauza denak kontuan hartzera narama esperientziak».

Fisikoki edo mentalki gaixotzea da euskal artisten beldurretako bat. «Ni neu naiz horren adibidea. 2020an antsietate krisia izan nuen, garbi identifikatu nuen lanaren ondorioz zela. Bi komiki batera marrazten, krak egin nuen. Lan parrastada bat utzita sendatu nintzen», dio.

Batez besteko soldataren datua «oso inportantea da» bere iritziz. «Jendeak jakitea ere bai. Ni ez naiz kulturako izen famatua, baina lehen lerroko sortzaileak daude hori kobratzen dutenak. Kontsumitzaileek ez lukete imajinatuko».

Noiz arte?

«‘Arrakastatsu’ bezala ikusten gaitu jendeak eta fokupean eta oholtzetan ikusteak ‘glamour’ faltsu sentsazioa ematen dio publikoari. Errealitatea da ez daukagula diru-sarrera handirik, ez eta inongo bermerik ere jarraitu ahal izateko». Olatz Salvador (Donostia, 1990) musikariaren hitzak dira.

Diru-sarrera urriak eta, gainera, inbertsioa egin behar materialetan, ekoizpenetan eta grabaketetan. «Adibidez, orain ‘Zainak eman’ diskoa grabatzeko diru-inbertsio handia egin dut. Ondorioz, askotan gutxi iristen da gure poltsikora. Disko aurkezpen biraren hasieran, nire diru-sarrerak leihatilan saldutakoaren menpe egon dira, eta sarrera kopuru jakin bat saltzen ez banuen dirua galtzen nuen nire lana egiteagatik. Presio handia ezartzen dizute eta horrek eragiten du gehien maite duzuna izanda ere ez disfrutatzea. Kontzertu batzuetan ni kobratu gabe geratu naiz. Kasurik onenean estali ditugu gastuak eta lortu dut zeozer jasotzea niretzat, eta kontzerturen batean kobratu ordez 1.000 eurotik gora galdu ditut», kontatu du.

Ez da kontu bakarra. «Promozioa ere gure esku uzten da areto askotan. Sarrerak batzuetan ez dituzte garaiz jartzen salmentan, sare sozialei ere denbora eskaini behar… kudeaketa guztia gure gain hartu behar dugu. Azkenean, gureak ez diren ofizio asko gure gain hartzen ditugu eta horrek ere desgastea dakar. Nire lan jarduna kontuan hartuta, oso gutxi ordaintzen zait. Nire diru-sarrerak kontzertuetatik biltzen dira, eta entseguak, promozio lanak… ez dira ordaintzen».

Euskal Herriko musika eszenan posizio bat lortua duen musikaria ari da hizketan, zer esango ote dute hasi berriek... «Oso zaila da hasi ahal izatea, gero eta zailagoa. Kultura muturrera joaten ari da. Jendeak emanaldi handietara joan nahi du. Erotu egiten da eta berehala agortzen dira sarrerak, baina oinarrizko kultur ekitaldiak betetzeko arazoak egoten dira. Txikitik hasten ez bagara, ez dut uste etorkizun handia daukanik ekitaldi masifikatuetara bakarrik joateak. Oinarririk ez badaukagu, ezin da hazi gure kultura. Ondo dago Euskal Herrian kontzertu masiboak egotea eta artista guztiei chapeau, baina kezkatzen nau areto bat edo gaztetxe bat betetzeko zailtasun handiak egoteak. Kontuz ibili behar dugu zer babesten dugun eta zer ez».

 

«Zainak eman» disko berriaren aurkezpen biran dabil Olatz Salvador. (GARA)

 

Garbi dio: «Ezinezkoa da kontzertuetatik eta diskoetatik bizitzea. Beti uztartu dut podcastarekin, tailerrekin... Lehen Institutuetako hiru programa ezberdinetan nenbilen. Gero erabaki nuen disko honen biran fokua jartzea, baina iritsi da momentua beste lanen bati begira ari naizena, biak uztartzeko. Ikusten dut ez dela nahikoa».

Psikologia ikasia da, eta hasieran psikologo bezala lanean aritu zen gizarte zerbitzuekin lotutako hainbat esparrutan. «Hori uztartu dut musikarekin duela bospasei urtera arte. Auto istripua izan zen hautua egiteko pista kritikoa. Ibili nintzen Psikologian 8 orduko lanaldia gehi musikan beste hainbeste. Eta nire gorputzak ez zuen aguantatu. Istripua eduki nuen eta erabaki nuen musikari eskaintzea ekonomikoki ahalbidetu nezakeen guztia. 2019an erabaki nuen musika ogibide bilakatzea».

Hilabete batzuetara, konfinamendua iritsi zen. «Salduta geratu nintzen, inolako diru-sarrerarik eta babesik gabe. Konturatu ginen zein behar geneukan gure lan baldintzetan gutxieneko batzuk jartzeko, hain babesgabe ez geratzeko. Musikari elkartean -Euskal Herriko musikariak biltzen ditu- hasi ginen lanean».

Burokraziaren gaia atera diogu. Buruhauste orokortua artisten artean. «Puf! Bai. Nik goiz osoak pasatu ditut faktura bat egiteko saiakeretan eta ordenagailuarekin borrokan. Gestoria batekin lana egin behar izaten dugu, autonomoen kuotak... hilabeteko gastuak handiak dira, eta gainera lio burokratikoetan sartuta ibili behar. ‘Ez dakit ni motza naizen..’, pentsatu izan nuen hasieran. Baina jendearekin hitz eginda, kristoren buruko minak eta estuasunak pasatzen dituela jakin nuen horrelako kontuak aurrera eramateko. Eta zeozer gaizki eginez gero isuna izateko arriskua duzu. Ezjakintasunetik egiten ditugulako, ez dakigu egiten».

Ezin jakin noiz arte iraungo duen. «Onartu dut nire bizitza prekarioa eta desegonkorra izango dela eta ez dudala jakingo zehazki zenbateko diru-sarrera izango dudan hurrengo hilabetean. Nire ingurukoek baino askoz soldata txikiagoa jasotzea asumitu dut, beste lanaldi batzuk hartzea, autonomoen kuota ere bai… Hala ere, momentu askotan ikusi dut nire burua oso mugan zentzu askotan. Eta ez dakit zenbat iraungo dudan. Berme batzuen faltan eta mugako egoeretan ezin da asko iraun; bizirautea da».

Salvadorren iritziz, ezin da jarri kultura merkatuaren menpe. «Batzuk saiatzen dira kultura ikuspegi merkantilista batetik ikusten. Barne Produktu Gordinaren ez dakit zenbat da, edo horrelako parametroetan. Analisia ez da zuzena. Kulturak izan beharko luke, osasungintza edo hezkuntza bezala, asko ematen digunez babestu beharreko zerbait, eta inbertsio publikoa merezi duena». Euskaldunok ez gara diruaz hitz egin zaleak. Inkesta, zentzu horretan, garrantzitsua da. «Bai, egia da.. Dirua beti tabua izan da eta, urte askotan kulturgintza militantziarekin lotu izan dugunez, oso zaila da ikusaraztea lana dela eta guk ere merezi dugula duintasuna», adierazi du.

Kuoten gaia ere jarri du mahai gainean Lanarteak. «Emakumeoi ere gertatzen zaigu; batetik, ez dugu hor egon nahi emakume izate hutsagatik, baina sentitzen dugu gure presentzia eta erreferentzialtasuna beharrezkoak direla. Kulturarekin gauza bera pasatzen zait. Ez nuke nahi euskara hutsez izateagatik bakarrik egotea lana bera balioan jarri gabe, eta aldi berean ikusten dut euskaraz sortutako gauzen erakusleiho izateko beharra, izango duten bakarra izango delako. Eta defendatu behar dela iruditzen zait. Minorien kontra diseinatutako sistema daukagu, Spotify eta antzeko plataforma munstroez osatua. Algoritmoak ez daude diseinatuta gutxituentzat, eta ez badiogu aurre egiten desagertu egingo gara», nabarmendu du.

Musikariak Ikastetxeetan programan aritu da. «Pertzibitzen dut ez dutela euskara gozamenarekin lotzen, eta penaz bizi dut. Betebeharrekin eta eskolako testuinguruarekin lotzen dute euskarazko kontsumoa. Horrela nekez animatuko dira euskaraz entzutera edo irakurtzera. Pentsatu beharko genituzke formula berriak esperientzia gozagarriak izateko euskararen bitartez; hausnarketa sakona behar du gaiak». «Euskaraz sortzen dugunok bakarti geratzen ari gara, gure singularitate honekin Lanartea bezalako aterkia ezinbestekoa da, bestela diluitu egingo gara mundu globalizatu honetan», jarraitu du.

Kezka konpartituak izanik, benetan arazo bat dagoela identifikatzeko sintomak dira, bere esanetan. «Beste kontu bat da badagoen borondate politikoa eta soziala hori konpontzeko. Sare sozialetan irakurri behar dugu 50-60 euroko sarrerak garestiak direla. Realaren partida arrunt batek 60 euro balio ditu. Ez digu onik egiten matxake honek, une oro epaituak izateak ustez prezioak garestiak direlako. Segun zerekin konparatzen duzun eta zeri ematen diozun balioa. Hori da gakoa», dio.

Belgikako intermitentzia, eredu

Pantxika Telleriak (Donibane Lohizune, 1972) Ipar Euskal Herrian bizi duen errealitatea bestelakoa da legeari dagokionean. Elirale dantza konpainia sortu zuen 2001ean. 2007tik intermitentzia sisteman dago. «Hilabetero esan behar dut zein egunetan egin dudan lana eta langabeziaren poltsak ordaintzen dit lan egiten ez dudan egunen kopuruaren arabera. Batezbestekoa egiten da hilero, urtean zehar. Hego Euskal Herrian ez bezala, errepika (entsegu) eguna lan eguntzat hartzen da», argitu du.

Urtean 507 ordu izan behar ditu kotizatuak langileak intermitentzian sartzeko. II. Mundu Gerratik hona dago indarrean, artistei zein teknikariei bideratuta. Hego Euskal Herriko artistek askotan inbidiaz begiratu badiote ere, Belgikako legedian ditu jarrita begiak Lanarteak. «Lehendik zegoen intermitentzia, eta duela bizpahiru urte egokitu egin dute Artearen Artisauaren Estatusa sortuz», azaldu du. «Borondate politikoa» dagoenean artistak lan arloan babesteko aurrerapausoak eman daitezkeela erakusten duen adibidea, bere esanetan.

 

Pantxika Telleria, Elirale konpainiako koreografoa, Senpereko Larreko Kulturgunean. (Guillaume FAUVEAU )

 

Zein da bi ereduen arteko aldea? «Frantzian urtero egin behar da eskaera. Belgikan uste dut zailagoa dutela sartzea, baina behin lortuta aktibitatea mantentzen bada, gorde egiten dute. Eta batez ere desberdintasuna da ez daudela langabezian gu bezala lanik ez dugun egunetan. Kontsideratzen da belgikar artistak egunero lanean direla. Koreografo bezala bilera duzula erakunde batekin, hasten zarela dantza gelan proiekturako material bila, edo entsegua duzula dantzariekin, hori dena lana da».

Frantzian «tranpa» egiten duenik badela salatu du. «Intermitentzia sistema honekin nagusi anitzek jolasten du. Hots, ikus-entzunezko Parisko hedabideek, politikoki Macron edo Sarkozyren aldekoak direnak tartean, erabiltzen dute intermitenteen figura langileak egunero lanean direnean. Sistemaren perbertsioa ematen da, ikusten ez dena».

Covidaren krisiarekin are gehiago ikusi eta sentitu dute artistek elkartu beharra. Hala dio Telleriak. «Kolektiboetan eratuta geunden dantzariok solidarizatu egin ginen krisi momentuak pasatzeko. Esaterako, Javi Ulla gasteiztarrak egiten digu argiteria ikuskizunetan -kasik 25 urte daramatzagu lanean elkarrekin-, eta krisi unean guk diruz sostengatu ahal izan genuen. Hegoaldean ez zuen inolako diru sarrerarik», gogoratu du.

Lanartea bezalako elkarteen papera nabarmendu du. «Sindikatu bat pausatzen baduzu erakundeen aurrean, ez zara indibiduoa, taldearen sostengua duzu», esan du. Nahiz bi legedien menpe egoteak gauzak zaildu egiten dituen. «Sareak sortu nahi ditugu, baina mugak hor jarraitzen du administratiboki», dio. «Kulturgintzak eta euskaraz aritzeak kolektibitateari dakarzkion onurak ez ditu politikoki inork baloratu nahi. Immateriala den artea politikoki -ondorioz, ekonomikoki- ez bada nahi sostengatu, eta gauza bera gertatzen da euskaraz egiten den kulturarekin, gu beti prekaritatean izango gara. Artistok bizi-urgentzia dugunez, sorkuntza edozein baldintzatan egiten dugu», esan du.

Panorama ez da samurra. «Ipar Euskal Herrian zaila da esperimentazioaren bideari heldu eta dantzari garaikidea izatea. Euskal kulturgintzan ari diren idazle batzuk baino prekarizazio handiagoan bizi naiz», aitortu du.

Frantziar Estatuan, eskuin muturraren indarraren eragina nabaria da. «Okertzen ari da egoera, dantza garaikidearen programazio guneak ixten ari dira. LGTBIQ+ baloreak defendatzen ditugu gure sorkuntzekin. Senperen, gizonezko dantzaria soineko batekin jantzi nuen eta biharamunean deitu zuten Herriko Etxera hori salatuz. Ez genuen garbi adierazi emazte edo gizona zen, eta ausartu ginen 8 urteko umetxoei erakustera. Amatxi batek deitu zuen. Politikoki Frantzian pasatzen ari dena… ezin gara gehiago isildu. Argiki esan behar dugu nor garen. Bestela, isildu eta lortuko dute beraien helburua», azpimarratu du. «Zer da herri bat kulturarik gabe? Eta sorkuntzarik gabe? Nor gara? galderak utzi ditu Telleriak airean. «Covid garaietatik hona, ulertzen dut dibertitzeko beharra, baina kultura da janzten gaituena. Nortzuk gara ez badugu kultura partekatzen? Adostasun eta desadostasun guztiekin, hori da interesgarria eta zinez gizaki egiten gaituena», esanez amaitu du.

Dokumentuaren akzioak