Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Poztasun-injekzioa dakar Kukudantzak

Dokumentuaren akzioak

Poztasun-injekzioa dakar Kukudantzak

Egilea
a: Kukudantza
Komunikabidea
Aikor
Tokia
Derio
Mota
Albistea
Data
2023/01/27
Lotura
Aikor

Derioko emakume-talde batek Kukudantza elkartea sortu berri du. Sozializatzeaz eta dibertitzeaz gainera, elkartearen helburua da dantza karibetarrak eta beste kultura batzuetako dantzak ikastea eta horiek herritarrengana hurbiltzea. Bestalde, aldarrikatzen dutenez, dantzak zoriona ekartzen du eta izaera ere aldatu diezaguke. Dantza egin dezagun, beraz.   

Rakel Gomez Villaluenga Kukudantza elkartearen presidentea da, eta Ainara Mendoza Oran, idazkaria. Kontatu digute elkarteak iturburu duela haren kideek duten sozializatzeko eta aisialdia emateko beharrizanean. “Autonomoak gara eta, hortaz, oso ordutegi kaskarra dugu, eta lanaz aparte, beste jarduera batzuk egiteko eta bizitza sozialerako aukera gutxi. Dantzatzea gustatzen zaigu eta hasi ginen inguruko beste udalerri batzuetan antolatzen diren ekintzetara eta jaialdietara joaten. Izugarri gustatu zitzaigun giroa eta pentsatu genuen Derion ere elkartea sortu ahal genuela. Gainera, modu ezin hobea da dibertitzeko, ariketa fisikoa egiteko, burua zein gorputza aktibatzeko eta beste pertsona batzuekin egoteko”.

“Modu ezin hobea da dibertitzeko, ariketa fisikoa egiteko, burua aktibatzeko eta sozializatzeko”

Elkartean zazpi emakume hasi ziren, baina dantza-saioren batean  20 lagun baino gehiago batu dira. “Bi irakasle ditugu eta dantzak beste udalerri batzuetan ere irakasten dituzte; hori dela eta, batzuetan hango lagunak gurera etortzen dira. Era berean, diskoteketara joaten gara dantzatzera eta bertan nahiz lehen aipatutako ekintzetan-eta lagun berriak egin ditugu”. Entseguak Kultur Birikan egiten dituzte. “Egia esan, gure beharrizanetara hobeto egokitzen den beste leku bat behar dugu, eta horren zain gaude. Kultur Birikako aretoa bakarrik astean behin erabili ahal dugu eta, gure lanaren ordutegia dela eta, saioak 21:00etatik 22:00etara izaten dira. Gure lokala izanez gero, alde batetik, handitu ahalko genituzke egutegia eta ordutegia, eta partaideei zein gainerako herritarrei eskaintza zabalagoa egin; eta bestetik, beste udalerri batzuetan moduan, ekintzak antolatu ahalko genituzke, esaterako, jaitxoak edo master class-ak eta ikastaro trinkoak”. Lokal horren ezaugarriei dagokienez, aipatu dute zabala izan behar dela, zutabe barik, horma batean ispiluduna eta akustika eta aireztatze ona duena.

“Gure lokala izanez gero, ordutegia handituz gainera, ekintzak antolatu ahalko genituzke”.

Batez ere saltsa eta bachata ikasten dute, baina dantza-mota askotara daude zabalik: txa-txa-txa, merenguea, quizomba… “Edozein adinetako pertsona da elkartean ongi etorria. Baldintza bakarra da ondo pasatu nahi izatea”. Beren hitzetan, Kukudantzan parte hartzeko ez da beharrezkoa aurretiko trebakuntza izatea: dantzatzen ekinaren ekinez ikasten da, pausoz pauso. “Urtebete baino gutxiago daramagu dantzatzen eta hasieran zail egiten zitzaigun mugimenduak koordinatzea eta dantza baten eta bestearen pausoak ez nahastea; hala ere, aurrera eginez eta ikasiz joan gara”. Azaldu moduan, nesken pausoak ikastea askoz errazagoa da. “Bakarrik zure pausoak ikasi behar dituzulako; mutilak, berriz, bere pausoak ikasi behar ditu, eta neskari helarazi beharreko zeinuak zeintzuk diren jakin, bikotekidea berak zuzentzen duelako. Dena dela, neska askok mutilen pausoak ere ikasten dituzte, nahi dutelako edo, beste dantza-mota batzuetan moduan edo gehienetan moduan, mutil gutxi daudelako. Gurera mutilen bat etortzen da. Bestalde, jakina, dantzaren arabera errazagoa edo zailagoa da, eta exijentzia, handiagoa edo txikiagoa”.

“Edozein pertsona da elkartean ongi etorria; dantzatzen ekinaren ekinez ikasten da, pausoz pauso”

Harrera ona

Lehen pausoak egin zituztenean, ateak zabaltzeko jardunaldiak egin zituzten eta oso harrera ona izan zuten. Horregatik uste dute elkartea herrian sustraitu daitekeela. “Ez da bakarrik dantzatzea: pertsonekin dantzan egiten duzu eta harremanak sortzen dira. Sozializatzeko oso modu naturala eta berezia da. Gure artean sortu den lotura hain da handia badirudiela bizitza osoa elkarrekin eman dugula. Halaber, diskotekara edo jaialditxoetara joaten zara eta berdin-berdin dantzan egin zenezake 20 urteko lagun batekin edo 70 urteko batekin, edozein arrazatako lagunekin… Gainera, jendea dantzatzen ikustea ere gustatzen zaigu, eta haien pausoei erreparatu. Oso giro polita eta atsegina dago”.

“Ez da bakarrik dantzatzea: pertsonekin dantzan egiten duzu eta harremanak sortzen dira”

Amaitzeko, azpimarratu dute dantzatzeak dakarren zoriona. “Oso gauza positiboa da, laguntzen duelako lotsa galtzen, sozializatzen, arazoei beste indar batekin heltzen… Gorputzeko atalak koordinatzen ere laguntzen du, eta pausoak ikasi behar direnez, burua entrenatzen. Izaera ere apur bat aldatzen duela uste dugu! Izan ere, dantza poztasun-injekzioa da”. Horregatik jarraituko dute dantzatzen eta hark dakarren poztasuna kutsatzen.

 

Ongintzako dantza-jaialdia

Elkarte berria izan arren, haien lehen ekitaldi handia antolatzen hasi dira: Gure Señeak elkartearen aldeko ongintzako dantza-jaialdia. “Partaide guztiok ezagutzen dugu Gure Señeak elkartea modu zuzenean edo ez zuzenean, eta ondo dakigu euren helburuak zeintzuk diren. Pandemiak kalte handia ekarri die, zeren eta urtean zehar dirua batzeko egin ohi dituzten ekintzak bertan behera utzi behar izan baitituzte. Jaialdiaren sarreren bidez eta txosnan batzen den dirua haientzat izango da oso-osorik”. Jaialdia ekainaren 3an izango da arratsaldean. “Bi ekintza izango dira. Lehenengo eta behin, hainbat dantzaren erakustaldia egingo da: dantza karibetarrak, grekoak, flamenkoa, sabel-dantza… Gero, dantza-saioa egongo da, talde kubatar batek girotuta. Sarrera-txartelak independenteak izango dira eta bi  ekintzetatik batera edo bietara joan ahal izango da. Herriko zein kanpoko dantza-taldeak gonbidatu ditugu, eta batzuek jada erantzun diguten arren, oraindik beste batzuen konfirmazioaren zain gaude. Ondorioz, datozen hilabeteetan emango ditugu zehetasun gehiago”.    

Dokumentuaren akzioak