Bere bizitza ulertzeko nahitaezkoa da berak Nere oroimentan idatzitakoa: “Aitak, Donostiko Kutxan jasotzen zun soldata, baña bazitun beste zereginak: E.A.J.ko kidea zan, buruetakoa ere. Euskal irakasketetan jardun zan. Itzaldiak ematen zitun, ni txikitan berritsu lotsagabea nintzan itxuraz, ortaz berak idatzi eta nik esan, ezpaizitzaion gogoko jende aurrean itz egitea, naiz eta ziotenez izlari ona izan.
Ander, Luzear ezizenez, El Día izparringian, Euskal Orria zun bere gain. Argia aldizkariko antolatzailea, idazlea eta aldi batean zuzendaria. Antzerki batzuek idatzi zitun, Euskerazaleak eta euskal idazleen biltzarretan arduradunetakoa izan zan, baita bertsolaritza saioen antolaketetan. Union Radion, lehenengo euskal irratsaioen antolatzailea, Joseba Zubimendirekin batera”.
Ikasketak Hiru urte zituela hasi zituen bere ikasketak Donostiako Arantzazuko Ama ikastolan. Zortzi urterekin Aldapetan, Villa Belen ikastetxean jarraitu zituen ikasketak, hemen gaztelaniaz, guda hasi arte.
Ikasle iaioa izan zen, bere notak 10ekoak izaten ziren. Ondo gogoratzen zuen behin izandako atsekabe handia notable bat jaso zuenean.
Gudarekin, lehendabizi Bilbora eta ondoren Iparraldera ihes egin behar izan zutenez, bertan behera gelditu ziren bere ikasketak, bizi guztian horren kezka izan zuen. Iparraldean, ahal izan zuen moduan, orduan frantsesez noski. 1940an Donostiara itzulita, lanean hastea beharrezkoa izan zuen, etxeko handiena zenez, 16 urte zituen eta bere aita espetxean zegoen, ez zuen ikasketak jarraitzerik izan.
Poxpoliñak
Oso txikitatik, orduko egunkari batean irakurri daitekeenez, 4 urte eta erdirekin, Donostiako Poxpoliñak taldean aritu zen, berak honela dio Nere Oroimentan: “Labordatar Ramón apaizak sortua eta guda arte berak zuzendua. Kursaalean biltzen zun aur pilla, euzkera, dantzak, abestiak... irakatsiaz. Oso pozik ibiltzen giñan. Antzeztoki polita ere ba zun, ez txikientzat bakarrik, baita aundientzat ere. Ni gaztetxoa izan arren, oso gogokoak nitun antzerkiak”.
Paul Atutxak, Zer aldizkarian: “1928ko urtean bere aitak, Amalek lau urte eukezala, aurkeztu eban Donostiko antzoki baten leenengo oguzpenean Ni naiz sudurmotz berritsu bat buruz mintzatu edo ozentzeko”.
“1932ko urtean epaillaren 2an, Ander aitak, Neskamearen marmarrak, alkarrizketetan aots gozoz mintzatzeko idazten ebazanak, ibili eban Amale ozen alditan, zortzi urte eginbarri euki ebazanetik, Donostiko Irrati Alkartearen ozengaillu, bai eta Euskalerrietan egozan irratietan mintzatzen. Amale berak, jolas antzeko baten egiten ebazanak”.
Urkiagatar Esteban Lauaxetak esaten eban: “Euskalerrian ez egonla etxerik, umetxo au biotzetaraiño sartzen etzanik”.
Euskerazko emakume-hizlaria
1932an Union Radion 8 urte zituela irratiko lehenengo euskarazko emakume-hizlaria izan zen, 1932-1934ra. Bere oroimenetan honela dio: “… Donostin egin ziran euzkal irratsaioak ditut gogoan, an izaten bai nintzan ni askotan gure aitarekin. Zubimenditar Josebak eta gure aitak eratuta”. “Nik irratsaio aiek gogoan ditut. Aste batean Zubimendi’k eratzen zun eta bestean gure aitak. Gure aitak eratzen zitunetan, askotan ni izaten nintzan aurkezle. Oso saio atsegiñak ziran euzkaldunentzat, ezpaizan orrelakorik orduan”. “… Orrela ba, garai polita izan zan neretzat. Gure aitak eta Zubimendi’k lan aundia egin zuten, irratsaio bakoitzean, neretzat berriz jolasa izan zan”.
Iruñean
Bere Oroimenetan: “Zortzi urte t’erdi nitun gure aitari ‘pleuresia’ baten ondorioz, illabetez, aize aldaketa komeni zitzaiola eta Iruñan sendikoak genitunez, ara joan giñan. Aita oso ibiltaria zan eta ia egunero Iruña inguruko errietara joaten giñan oñez. Batzuetan, nere izebarekin, Batzokira eta bestetan ikastolara joaten giñan, Iruñan, ordurako, ikastola ba-zan. An jarduten nintzan aurrai Poxpoliñetan ikasitako abesti eta dantzak irakasten. Benetan xaltxera nintzala aitortu bear det”.
Guda garaian
“12 urte nitun guda asi zanean. Nere aizpa, Itziar eta ni gure amonaren etxean giñan eta illuntzean osaba etorri zitzaigun eta etxera joan bear genula. Ez naiz oroitzen orduan esan zigun guda asi zala, baña ziurrena, ala izango zan. Au garagarrillaren 18an zan noski.
“… Pianoa jotzen ikasten ari nintzen, Narrika kalean Andone Aranbarrirekin, pianoa jotzen ari giñala, bat batean burrunda ikaragarria izan zan. Laxterka, izututa, etxe barrenen zegon gela batera joan giñan. Bonba bat izan zan”. “… geroztik sirena entzuten genunean etxe azpian sartzen giñan. Donostin egon giñan Irailla asiera arte”.
“Orduan, Donostitik ateratzeko ordua iritxi zitzaigun, baña aita etzegon gurekin. Bere Alderdi’ko lagunak Zarautz’a joateko esan zula adierazi ziguten. Zarautz’en sendia genun eta ara joan giñan. Zarautz’en giñan, aita etzan agertzen eta amari etzioten berririk ematen. Egun batzuek igarota azkenean azaldu zitzaigun! Orduan jakin genun Madriden izan zala Agirre, Ajuriagerra eta Basterretxearekin Estatutua lortzeko errepublikako gobernuarekin arremanetan. Benetan arrixkutsua izan zan bidai ura”.
“Andik aurrera Bilbaorako bidea aitarekin egin genun. Zarautztik Debara; andik Lekeitiora, gero Gernikara eta azkenik, Bilbora iritxi giñan”.
“Bilboko egun aiek gogoratzean, besteak beste, sirenaren otsa datorkit gogora: Iru motz, bazetozela egazkiñak adierazteko ziran, gero gañean genitula esateko beste bat luzeagoa eta gero alde egin zutenean luze bat”.
“… Gertakizun atsegin bat ere izan genun. Alderdiak jai-aldi bat eratu zun, antzerkiak... e.a., ez naiz gogoratzen zertarako dirua biltzeko. Nik, an, Neskamearen marmarrak antzeztu nun azkeneko aldiz”. “Orrela zazpi illabete. Etsaiak gañean ziran eta gure gurasoak lau anai-arrebak amarekin alde egin bear genula erabaki zuten. Aita ez, buruetakoa zanez, an gelditu zan gudariekin. Andik Santoña aldera joan zan eta han preso jausi zan”.
Iparraldean
“Habanan uretaratu giñan, oso gogorra izan zan, batez ere aita Bilbao’n gelditu zalako”.
“Le Havrera eraman ginduzten. Nere oroimenean gelditu zaidan gauza bat: Ogi txuria jan genula! Nola diteke ainbeste gertakizun garrantzitsuen artean ori oroitzea? Baña ainbeste denbora ogi txuririk gabe pasa ta gero… Jarraian berriz Euskalerrira, lenbizi Kanbora, gero Urkurai, Azkain eta Donibanera.
Egoaldeko iru sendi bizi giñan Azkainen: Oñatibia eta Zinkunegitarrak ditut gogoan eta gu. Zinkunegitar Joseba eta gure aita aspaldiko lagunak ziran. Biak euskal idazleak eta abertzale sutsuak. Bere alaba Anerekin adiskide egin nintzan eta neretzat gauza aundia izan zan adiskide bat izatea. Ama eta bost senide ziran bertan eta irugarrena Andoni, gero nere senarra izango zana, Lannemezan’en bizi zan. Laxter itzuli zan Azkainera eta orduan ezagutu nun nere maitia izango zana, Zinkunegitar Andoni.
Iru urte egin genitun Iparraldean. Geiena Azkainen. Neguan Donibanera joaten giñan. Ni 12 urterekin joan nitzan eta 16 bertan bete nitun”.
Berriro Donostian
“1940, emen giñan ba, Donosti’n! Gure aiton-amonaren etxean, Gure izeba bakarrik bizi zan orduan, iru osaba, gure aitarekin Santoñan erori ziran eta batallón de trabajadoresetan zeuden”.
Honeraino Nere oroimenetan idatzita utzi ziguna, laburtuta. Aitak Burgosko espetxean jarraitzen zuen, hasieran 2 urte inguru heriotza zigorpean egon ondoren, orain luzarokoa betetzen zegoen. Bere amak eta biok, irakasketa partikularrak ematen zituzten, ama “maestra” zen eta berak euskara eta frantsesa irakasten zituen. Horrela igaro zuten 1943an aita erdi aske utzi zuten arte.
Orduan, aita aske utzi ondoren, 200 kilometrotara atzerriratu zuten, eta Madrilera joan zen, hasieran aita, baina gero ama, Amale eta Iñaki ere. Bertan urte eta erdi inguru egin zituzten. Bulego batean egiten zuen lan.
Bere bizitza, hasieran, lanetik etxera eta jai egunetan gurasoekin zinera edo ibilalditxoak egitera. Aurrerago lagun euskaldun batzuek aurkitu zituen eta haiekin bidaiatzen zen inguruetara: Puerta de Hierro eta Escorial, adibidez aipatzen ditu.
1944an, Iparraldean ezagutu zuen Andoni Zinkunegiri, gutuna idatzi zion eta horren ondorioz beren arteko harremanetan, gehien bat, gutunen bidez jarraitu zituzten 1948an Andoni hegoaldera itzuli ahal izan zuen arte.
Donostiara itzuli ondoren, Fides inprentan aritu zen lanean 1948an ezkondu zen arte. Gutunen bidez izan zituzten harremanak, nahiz eta Andoni, urtean behin isilpean Donostian agertzen zen iraileko estropadez baliatuz, Iparraldeko itsasontzi batean etorri eta itsasoan Donostiako batera pasa eta iristen zen.
Amale antzezle lanetan aritu zen, hasieran bere aitaren gidaripean, gero bera gabe ere. Baita Schola Cantorum koroan abesten eta katekista ere. Mendizalea bizi guztian.
Bere aitak Alderdiko eta Euskadirekiko jardueretan jarraitzen zuen. Horretaz poliziak arduratuta bere bila joan zirenean ihes egin behar izan zuen eta Iparraldean pasa zituen azken 6 urteak, 1949ko abuztuaren 27an hil zen. Alderdiko lehendakari- orde izan zen, baita Euzkadi Irratiko zuzentzailea eta euskarazko irratsaioen arduraduna ere. Idazlanak ere egin zituen, Euzko Deian etab.
Ikastola
1949an, Elvira Zipitriak eskatuta, etxe-ikastola jarri zuen eta horretan aritu zen 1968ra arte. Gero nagusi taldeei euskara irakasten jarraitu zuen. 1949-1964 artean 9 seme alaba egin gintuen eta gure heziketa, bere “ikastola”rekin bateratu behar izan zuen. Beraz, Amalek amatasuna, andereñotza eta etxekoandretza jarduerak batera egin zituen. Sekula ez zuen hiruretako batere alboan utzi.
Errepresioa
1967-1971 tartean, 5 urteotan, bere senarra eta seme bat atxilotuak izan ziren, orduan espetxera senideak ikustera. Amale bakarrik gelditu zen garai bat, bost hilabetez, beste 7 seme-alabekin, 4tik 18 urtera bitartekoak. 1988an urtarrilaren 15ean bere iloba Bakartxo Guardia Zibilek erail zuten Errenterian. Geroztik, euskal presoekin harremanak izan zituen luzaroan gutun bidez. Haien aldeko kaleratzeetan izaten zen bere azken hilabete arte.
Politikan beti Sabindarra izan zen, EAJn gero EAn eta azken garaian Ezker Abertzalearen inguruan. Euskerazaintzan eratzailea hasieran eta euskaltzaina 1994tik zendu zen arte.
Arbasoen hizkuntza zaleak, gipuzkera eta euskalkien aldeko elkartea eratu zuten. Bera izan zen lehendakaria eta gehien saiatu zenetakoa. Irutxulo aldizkarian idatzi ohi zuen, lantxoak euskararen erabilerari buruz ziren. Katekesia euskeraz ematen zuen, 2006-2007 urteetan behintzat Grosen.
77 urterekin, 2001an ordenagailua erabiltzen ikasi zuen Word, Internet… Ordutik, bere lanak horrela egin zituen. 2015, azkeneko urtea betiko eran hasi zuen, alaitsu, bere azkeneko Donostiako danborrada beti bezala ospatu zuen. Horrela jarraitu zuen bere azken lau hilabeteetaraino, ibiltzeko indarrik gabe gelditu zenean gurpil-aulkia erabili behar izan zuen. Hala ere egunero kalera irtetzen jarraitu zuen. 2015ean, irailak 29an, bere azken arratsaldea kalean pasa ondoren, etxeratu zenean, itzali zitzaigun.