Dokumentuaren akzioak
Portugaleteko folklore jaialdia «kaletarragoa» izango da aurten
Orain arte ez bezala, ikuskizun guztiak kalean izango dira; ordutegia ere aldatu dute antolatzaileek
Jose Ignacio Beitia jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, bi berritasun nagusi egongo dira. Batetik, kokapena; orain arte ez bezala, emanaldiak Roke Deuna plazan izango dira, Zubi-Alde polikiroldegian izan beharrean. «Aurtengo jaialdia kaletarragoa izango da» aurreratu du Beitiak. Bestetik, eguraldia oztopo ez izateko, taldeak dantzatuko diren taula karpa erraldoi batek estaliko du. Horrez gain, aulkiak jarriko dituzte, emanaldiak «atseginagoak eta erosoagoak» izan daitezen ikusleentzat.
Jaialdiaren egitura ere aldatu da. Bost egunekoa izango da aurten, hiru egunekoa beharrean. Emankizunak 21:30ean hasiko dira, eta bi talde ariko dira gauean, bi egunetan izan ezik. Igandeko inaugurazioan dantza talde guztiek parte hartuko dute, jaialdian ikusi ahalko den aurrerakin gisara. Ostiralean, Munduko dantzak ikuskizunak itxiko du aurtengo jaialdia. Beraz, joaten denak jaialdian aritu diren taldeak aldi berean dantzatzen ikusi ahal izango ditu. Karlos VII kalean izango da hori, 21:30ean hasita.
«Ikastea eta irakastea» xede
Elai-Alaiko lehendakari Benguriaren ustez, jaialdia oso aberasgarria da taldeetako kideentzat. «Beste herrialdeetako kultura, hizkuntza eta ohiturak ikasteko aukera ematen die folkloreak, baita bertakoa irakasteko ere». Guztira zortzi herrialdetako ia 300 lagun jardungo dira Bizkaiko herriko jaialdian. 34. aldi honetan, Bolivia, Turkia, Eslovakia, Irlanda, Benin, Mexiko eta Komiko taldeak ariko dira, Euskal Herriko Elai-Alai taldeaz gain. Aipamen berezia egin nahi izan diete antolatzaileek hainbat arazo tarteko etorri ezin izan duen dantza talde txinatarrari. «Datorren urteko jaialdian egon daitezen saiatuko gara.»
Dokumentuaren akzioak