Dokumentuaren akzioak
Portugaleteko Folklore Jaialdia, Europari so
Bihar hasiko da, Eslovakia eta Poloniako taldeen emanaldiekin, eta gero Txekia, Hungaria, Letonia, Lituania, Malta eta Esloveniakoak ariko dira
Eslovakiako eta Poloniako dantzari eta musikari taldeen emanaldiarekin hasiko da bihar Euskal Herriko folklore jaialdirik handiena. Marina konpainiak ordezkatuko du Eslovakia, eta Poznango Unibertsitateko Lany taldeak Polonia. Portugaleteko Elai-Alai dantza taldeak egingo die ongietorria. Horn eta Rozlet taldeak batu eta 60ko hamarkadaren bukaeran sortu zen Eslovakiako Marina konpainia. 1967an, Zvolenen egin zuen aurreneko emanaldia, eta geroztik hainbat jaialditan parte hartu du. Poloniako Lany taldea igoko da oholtzara ondoren. Poloniako Poznango eskualdekoa izaki, bertako dantzak eta soinuak erakutsiko ditu nagusiki. Txekiako, Hungariako eta Letoniako taldeen emanaldiarekin jarraituko du jaialdiak; Txekiako Vsacan, Hungariako Nyirseg eta Letoniako Sudmalinas konpainiak ariko dira hilaren 24an. Vsacan folklore talde txekiarra 1943an sortu zen, Wallachiako eskualdean. Dantzariak, musikariak eta kantariak batzen ditu, eta munduko hainbat folklore jaialditan aritu da: Egipton, Italian, Turkian, Lituanian... Hungariako Nyirse taldea, berriz, 1974an sortu zen, hango dantza tradizionalak eta gaurkoak ezagutzera emateko asmoz. Gazte jendez osatutako taldea da, etorri handikoa. Sudmalinas konpainiak Letonia osoko dantzak eskainiko ditu Portugaleten, baina horien guztien artean Vidzeme herrialdeko Valka eskualdeko erritmoak nabarmenduko ditu.Lituaniako, Maltako eta Esloveniako folklore taldeen emanaldiarekin egingo du bukaera aldera, hilaren 25ean, Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiak. Vilniusko Sviesa Unibertsitateko taldeak eramango ditu Lituaniako dantza eta soinuak Portugaletera. Unibertsitateko ikasleekin osatutako taldea da, 1954. urtean sortua. Ez da lehen aldia etxetik ateratzen dena, aurretik Errusian, Alemanian, Polonian eta AEBetan izan da. Maltatik Paul Curmi Dancers iritsiko da. 60ko hamarkadan turismoak izugarrizko gorakada izan zuen Maltan, eta orduko Gobernuak bertako folklorea ikertzeko eskatu zion Paul Curmiri, egun Paul Curmi Dancers taldea gidatzen duen dantzariari. AFS France Marolt konpainia ariko da Esloveniako ordezkari. Ljubljanako Unibertsitateko ikasleek eratutako taldea da, baina Esloveniako bost herrialdetako dantzak menderatzen ditu.
Osagarri gisa, saio berezia Solarreko plazan Jaialdiaren eskaintzaren osagarri, Portugaleten izango diren folklore taldeetako musikariek saio berezia emango dute Solarreko plazan, hilaren 27an. Eta hilaren 31n, jaialdian parte hartu duten musikariek ohiko Munduko dantzak ikuskizuna eskainiko dute Carlos VII. etorbidetik hasita, kalerik kale.
Horretaz gain, EBn sartu diren herrien gaineko informazio azoka izango da Java zinema aretoko atarian, jaialdiak irauten duen egunetan. 180.000 euroko aurrekontuarekin antolatu du Elai-Alai dantza taldeak Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdia, eta Jose Ignacio Beitia zuzendariak esan duenez, aurreko urteetako ikusleen kopuruari eutsi, eta 800.000 inguru lagun espero dituzte.
Dokumentuaren akzioak