Dokumentuaren akzioak
«Politena izan da den-denok ari ginela bizitzen kontatzen ari ginena»
Konfinamenduko garairik zailenetan pilatutako emozioetatik sortu dute 'Bizimina' dantza ardatz duen film dokumentala Iraburuk, Molinak eta Maiak. Gaur aurkeztuko dute, Euskal Zinemaren Galan
Hibridazio bat, zinema dokumentalaren eta dantzaren artekoa. Tren geltoki baten irudiak, eta bi dantzari nasa banatan. Donostiako Konstituzio plaza, gizon gazte bat erdian, eta kamera haren inguruan biraka, dantzaria euskarri mugikor batean dantzan ari deneko inpresioa sortu arte. Hiru lagun zelai batean, erdira lotzen dituen oihalezko soka batez elkartuta, aparte baina batuta. Piezaz pieza osatzen den kontakizun bat da Bizimina. Sentipen askoren habia izan daitekeen berba horretan, garai oso jakin batean bizitakoak bildu dituzte Jon Maiak, Migueltxo Molinak eta Pablo Iraburuk: pandemiaren lehen unetakoak. Distantzia, desioa, ezina, nahasmena. Egileen hitzetan, «denok bizi genituen horiek». Irudien bidez, baina batez ere lengoaia koreografikoaren bidez, emozio horiei leku egin eta besteekin partekatzeko lan bat izan nahi du filmak. Kukai dantza konpainiako kideak arduratu dira gorputza jartzeaz, eta OrekaTx taldea musika gehitzeaz. Gaur estreinatuko dute emaitza Viktoria Eugenia antzokian, Euskal Zinemaren Galan.
Konfinamenduaren «egunik zailenetan» izan zuen ernamuina proiektuak. Apirila zen, eta Maiak buruan zerabilen nolakoa behar zuen izan euren lanak halako egoera batean. «Publikoaren, erakusteko espazioen eta sortzaile, kulturako langile edo zernahi garenon arteko hiruko banaezina puskatzen ikusi genuen. Bakoitza bere lekuan zegoen aparte. Baina, aldi berean, egungo teknologiak lagun, sentitzen nuen triangelu horrek segi zezakeela funtzionatzen. Horrekin batera, egoera berriak bizitzen ari ginen, gatazka berriak bizitzen eta espazioen okupazio berriak sortzen». Oskara dokumentala elkarrekin egin zutenetik ezagutzen zituen Molina eta Iraburu, eta haiengana jo zuen film proposamenarekin. «Denok ari ginen gaizki pasatzen, eta Jonek aukera bat eman zigun egiten dakiguna egiteko», oroitu du Iraburuk.
Bazituzten sentsazioak, landu nahi zituzten kontzeptuak. Hori guztia mugimenduaren bidez nola eman zen erronka, Maiaren esanetan. «Konstantzia, itxialdia, desioa, bakardadea eta antzerako kontzeptuez hitz egiten genuen, eta, nahigabe, irudiak etortzen zitzaizkigun, gorputzaren bidez adieraztekoak». Zuzendarien lehen egitekoa lantaldean ariketa «ereitea» izan zela dio. Dantzariek inprobisazioak bidaltzen zituzten, Mikel Salasek musika proposamenak egin, Ikerne Jimenezek jantziak findu... Alde horretatik, zuzendaritza bera hiruk sinatu arren, oso lan «korala» izan dela azaldu du Iraburuk: «Proiektuko politena izan da den-denok bizitzen ari ginela kontatzen ari ginena. Horrek mugitu gaitu: barruan oraindik ere badaukagun sentsazio arraro eta desatsegin honek, gertatzen ari zaiguna, eta askotan adierazten hain zaila dena. Nola adierazten duzu amari denbora askoan besarkadarik eman ezinak sortzen dizun hori?».
Kamera aurrean dantzatzea
Sentsazioak koreografiatan jaso ostean, dantza zinemara eramatea zetorren hurrena. Esanahiekin, ikuspuntuekin, erritmoekin jokatzeko abaniko oso bat zabaltzen zen hor, baina garbi izan dute zein zen proiektuak behar zuen begirada: «Ahalik eta dokumentalena». Molina: «Ez dugu bilatu ikusgarritasun handirik kamerarekin, jasotzen genuena ahalik eta errealen erakustea baizik». Bai bera eta bai Iraburu dokumentalaren esparrutik etorrita —Pura vida (2012), Muros/Walls (2015), Elkarrekin-Together (2017)—, ezagutza horretatik aritu dira Bizimina-n ere. Pieza gehientsuenak plano-sekuentzia modura eman dituzte; denbora errealean eta zuzeneko soinua ere baliatuz. Hala erabaki dute, halaber, irudi «politegiak» saihestea eta eguneroko lokalizazioak eta jantzi arruntak lehenestea. Kamera mugimendu hanpaturik ez, beraz, ezta argi artifizialik ere. «Begirada oso natural bat bilatu dugu denbora guztian, ikuslea benetan gertatzen ari den zerbaiten testigu sentitu dadin».
Eta berdin dantzari dagokionez. Zinemagileek formari hainbesteko garrantzia eman ez dioten moduan, dantzaren alorrean ere bigarren mailan geratu dela azaldu du Maiak. «Halako edo holako pausoa ez da izan inportantea; espresibitatea eta benetakotasuna baizik. Dena egon da adierazi nahi genuen horren zerbitzura». Dantzarien artean ageri da bera ere filmean. Etxeko pasillo luze baten amaieran, esaterako, ezin kabitu bat gorpuzten, kamerak gero eta hurbilagotik filmatzen duen bitartean. Dantza soilik ez, interpretatu egin behar izan dute konpainiako kideek, baina oholtza gainean ere hala gertatzen dela aipatu du Maiak.
Bizimina lan «apal» bat dela errepikatu du, «inoizko unibertsalena bihurtu den horri gure-guretik jarritako ale bat». Ikuslearen bizipenek filmean lekua topatzea desio dute orain.
Dokumentuaren akzioak