Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Pole dance', ahalduntzen ikasteko

Dokumentuaren akzioak

'Pole dance', ahalduntzen ikasteko

'Pole dance' egiteko barra bat ezarria dute Hendaiako Enbata gaztetxean. Lagun arteko saioak egiten dituzte gehienik, eta Oneka Jauregik esplikatu du kirol horrek ahalduntzeko balio izan diola.
Egilea
Oihana Teyseyre Koskarat
Komunikabidea
Berria
Tokia
Hendaia
Mota
Albistea
Data
2024/05/25
Lotura
Berria

'Pole Dance' Hendaiako gaztetxean

Bi emakume, 'pole dance' egiten, Hendaiako gaztetxean, 2020ko maiatzean. HITZA 

Gaztetxe batek badu ostatua, badu dantzalekua, taula bat batzuetan, eta komunak gehienetan. Gutik dute pole dance egiteko barra, eta horietako bat da Hendaiako Enbata gaztetxea. 2020an ezarri zuten, konfinamendutik landa. Izan ere, Oneka Jauregi gaztetxeko kideak Donostiako eskola batean egiten zuen pole dance garai hartan, baina pandemiaren ondorioz ez zuen segitu ahal izan, etxean ez baitzuen barra bat ezartzeko baliabiderik. Lagun artean erabaki zuten orduan Hendaiako gaztetxean barra bat ezartzea, eta, geroztik, lagun arteko jardunaz aparte, publikoari zabaldutako iniziazio bat egin dute. Aurreiritziak gainditu behar direla uste du Jauregik, eta argi du pole dance «ahalduntzeko» modu bat izan dela beretzat.

Pole dance kirol eta arte mota bat da, dantza bat, finean. Dantza horren jatorriari buruz hainbat teoria badirela esplikatu du Jauregik. Batzuen arabera, Indiako eta Afrikako herrialde batzuetako dantza mota batzuetatik heldu da. Beste batzuen arabera, zirkuarekin lotura du gehiago; zirkuak egiteko baliatzen diren karpa handietako barretan striptease egiten hasi ziren garai batez, eta hortik akrobaziarekin lotura izan du.

Egun, hiru arlotan banatzen den diziplina da: pole art, pole sport, eta pole exotic. Jauregiren arabera, pole exotic diziplina da aurreiritziekin gehien lotzen dena: takoi handiekin egiten da, eta sentsualitatea lantzen da. Pole art, dantzarekin lotuagoa da, eta, pole sport, akrobaziarekin. Jauregik azken diziplina hori lantzen du gehienik. «Hirurek beren zailtasunak badituzte, hirurentzat indarra behar da, eta estetika landu behar da. Baina oinarrian gauza berak ikasten dira hirurentzat», azaldu du.

Aurreiritziak gaindituz

Jauregik uste du dantza mota horren inguruan aurreiritzi anitz badela, «jendeak striptease-arekin lotzen» baitu, «gauza txar bat balitz bezala» ikusiz. «Jendeak uste du kirol hori beste norbaitentzat egiten dela, niretzat egiten ez banu bezala. Ohikoa da pole dance egiten dutenei erratea 'eginen didazu dantza bat'. Nik ez dut halakorik jasan, baina egia da hasieran ez niola edonori kontatzen pole dance egiten nuela». Geroztik, erabat asumitzen du, eta «errazkiago» aipatzen du. «Saiatzen naiz jendeari esplikatzen zer den eta pole dance mota desberdinak erakusten, baita egiten duen jende desberdina erakusten ere: formak dituzten emazteak, gizonak...».

Aurreiritzien gainetik, Jauregik argi du «kirol zail» bat dela, eta balio izan diola bere baitan konfiantza hartzeko: «Aurreiritziei aurre egiteko, jendeari kontatzen diot nolako konfiantza irabazi dudan, zenbat indar eta nolako malgutasuna irabazi dudan». Gorputzarekin duen harremana ere aldatu zaio. «Jendeak dantza hori lotzen du biluztasunarekin ere. Egia da oso jantzi gutxirekin egiten dela, baina ez da gorputza erakusteagatik. Arrazoia da barra kromozkoa dela eta irristatzen duela jantziekin. Azalak hobeto atxikitzen du».

«Emakume gisa hainbeste gauza sartzen dizkigute buruan gure gorputzari buruz... Nik baditut nire kiloak, nire formak, baina, halere, badut indarra, eta lortzen dut pole dance egiten. Ez da baitezpada fina izan behar kirol hori egiteko; edonork ikasten ahal du».

ONEKA JAUREGIDantzaria

Konfiantza irabazirik ere, «emakume gehienek bezala» bere gorputza maitatzeko bidea badu egiteko, baina uste du pole dance horretarako tresna egokia dela. «Emakume gisa hainbeste gauza sartzen dizkigute buruan gure gorputzari buruz... Nik baditut nire kiloak, nire formak, baina, halere, badut indarra, eta lortzen dut pole dance egiten. Ez da baitezpada fina izan behar kirol hori egiteko; edonork ikasten ahal du», erran du. Donostiako eskola batean ikasten du orain Jauregik, eta klase denboran «elkartasuna» sentitzen du. «Gehienak emakumeak gara, baina badira gizonak ere, eta pertsona ez binarioak. Kodeak hausteko balio du».

«Etxekoa»

Hendaiako gaztetxean barra bat ezartzea deliberatu zutenean, ez zen baitezpada «helburu zehatzik», Jauregik azaldu duenez. Entrenatzeko toki bat behar zuen, eta horretatik abiatu zen asmoa. Hiruzpalau lagun bildu ziren gero, ikasteko. «Pixkanaka lagun gehiago animatu ziren eta erakasten segitu nuen. Iniziazio txiki batzuk ere egiten genituen, baina hasieran ez zen publikoari begirako ezer». Iaz lehen aldiz publikoari zabaldutako iniziazio tailerra egin zuten Hendaiako Mintzaian elkartearekin. «Lau barra jarri genituen, eta hamar bat ikasle bildu ziren. Eremu guzietan bezala, aukera bada molde alternatiboan egiteko, etxekoa egiteko. Jendeak ez baldin badu ordaintzeko ahalik, elkar lagunduz egiten dugu», trenkatu du.

Geroztik, gaztetxean «anekdota politak» gertatu direla kontatu du. Lagun artean edo jende gutxi zenean, barra ezarririk uzten zuten, eta gogoan du nola denek entseatzen zuten. «Gizon, emakume, heldu, haur... Aurreiritzien aurka eraginkorra da ikustea denek egiten ahal dutela».

Dokumentuaren akzioak