Dokumentuaren akzioak
Poesia gizarteratzeko bide berrien bila
Andoni Salamerok eta Josi Labajosek poesia liburu bana idatzi eta autoeditatu zuten. Lehenengoak, Zu. Ni. Bi. Bideanà izenekoa, euskaraz. Eta bigarrenak, Por tierra de nadie izenekoa, erdaraz. Bi liburuak mamitsuak, sakonak, bizikizunez beteak, estiloz eta edukiz desberdinak, baina barruko mintzetaraino iristen zaizkizunak dira.
Eta liburuak argitaratu ondoren, argitaletxerik ez zeukatenez horien promozioa egiteko, pentsatu zuten poesia emanaldi berezi, hunkigarri batzuen bidez jendearenganaino iristea eta beren obra ezagutzera ematea. Eta egia esan, bide hori baliagarri suertatu zaie ez euren obrak ezagutzera emateko bakarrik, jendeari poesiaren xarma eta ikuskizun zirraragarri baten edertasuna transmititzeko ere baizik.
Ekitaldia jendetsua eta beroa izan zen Zumarragakoa, Legazpi Dorretxeko aretoan. Andoni eta Josi zumarragarrak direnez, herritarren babesa eta beroa gertutik sentitu zuten. Aurkezpen lanetan Pello Biain aritu zen. Erudizioz, literatur aipamenez eta sentimenduz beteriko aurkezpena berea. Hona hemen, besteak beste, Josi Labajosen poema liburuari buruz aipatu zuena: "Poema hauek irakurtzea geure inozentzia propioa eta geure hitzena berreskuratzea bezalaxe da, hitz laidoztatuak garbitzea, mintzatzen ari zaizuna asmorik garbienarekin ari zaizula ziurtatzea...". Andoni Salameroren olerkiei buruz, beste gauza askoren artean, hauxe esan zuen: "Zer helarazten digu Andonik bere liburuan? Lehenik, bizitza hau bide bat dela, eta bakoitzak bere bidea bilatu, aurkitu eta ibili egin behar duela, eta bide asko daudela, baina gizaki guztion eginkizuna dela benetako bidea bilatzea eta aurkitzea".
Eta poesia emankizuna bera zoragarria izan zen. Oso kalitate handikoa, hunkigarria eta duina. Andoni Salameroren errezitazioa hunkipenez, sentimenduz, ñabarduraz, mugimenduz, keinuz, isilunez eta ahots intonazio bariatuz josia egon zen, behar zenean tximeletaren hegaldi arin, leunaren antza hartuz edota haize burrunbaren zarata eta dardarrotsa sentiaraziz edota, Josi Labajosen armonikaren hotsarekin batera, doinu burlati, ironikoa hartuz. Hauxe izan zen niretzat momenturik apoteosikoena.
Josi Labajosen lana izugarria izan zen pianoa, gitarra akustikoa eta elektrikoa, baxua eta armonika joz eta doinu sakon, triste, alai, ironiko, intimista eta sujerikorrak interpretatuz. Era askotako doinuak interpretatzen ditu Josik, hala nola soul, funki, jazz, blues eta country tankerakoak ere bai. Poesia errezitaldian musika mota hauek guztiak nolabait presente zeudela esan genezake ukitu intimista batez blaiturik.
Eta nolatan dantzari bat emankizun honetan? Uste dut bete-betean asmatu dutela bi poetek Ana Remiroren kolaborazioarekin. Zeinen ondo sartzen zen poesiaren mamian eta nolako goxotasuna eta edertasuna ematen zion hitzezko mezu zirraragarriari eta musika sujerikor eta barnekoiari... Eta nolako edertasuna zabaltzen zuen eszenatokian barrena, giroak hala eskatzen zuenean mugimendu sentsual lasaiak edo mugimendu arin eta indartsuak interpretatuz eta mugimendu hauen bidez poesiaren eta musikaren magia konpendiatuz.
Azken balorazioa eginez, esan dezadan euskara eta erdara hain modu naturalean uztartzea, eta poesia, dantza eta musikarekin halako sinbiosia egitea lorpen izugarritzat jotzen dudala. Hauxe zen nik ekitaldi garaian egiten nuen gogoeta: zein aberatsa den elebidun izatea eta bi hizkuntzetan emandako mezu eder eta hunkigarriak ulertzeko gai izatea. Zenbat hobeto biziko ginatekeen denok elkarri ulertzeko gai izango bagina eta denok elkarrena errespetatu eta maiteko bagenu.
Iñaki Zubeldia, idazlea
Dokumentuaren akzioak