Dokumentuaren akzioak
Plazarik plaza, 25 urte dantzan
Hernaniko Ttarla Dantza Taldeak mende laurdena bete du euskal dantzei bultzada emanez, eta Hernaniko txiki eta gazteak euskal kulturaren eta folklorearen alor horretan barneratzen. Oholtzatik oholtzara egindako 25 urte luze eta oparo horiek ospatzeko asmoz, apirilaren 13an eta 14an, bat egingo dute Ttarla familiatik igaro diren lau belaunaldi ezberdinek, eta elkarrekin, festa berezia eskainiko dute asteburuan zehar. Ikustekoa izango den emanaldia ere eskainiko dute udal kiroldegiko pilotalekuan, ostiralean 22:00etan. Ikuskizun ahaztezina izango dela uste dute Ttarlako partaideek, eta Kronikak haietako batzuen testigantza zein aurreikuspenak ezagutzeko parada izan du.
Hasiera batean, 1993 urtearen inguruan, bospasei lagun hasi ziren elkartzen dantza talde bat osatzeko intentzioz. Horien artean zeuden, besteak beste, Ainhoa Casco, Estitxu Mateo, Juankar Intxauspe eta Nagore Arraras gazteak. Inauterien atarian ekin zioten abenturari, abentura hori noraino helduko zen aurreikusi gabe. Garai hartako Ereintza Dantza Taldeak begiz jota zuen euskal dantzekin lotutako ekimen bat antolatu eta egitea. Proposamen hura erakargarria iruditu zitzaien Juankar Intxausti eta beste kide batzuei, eta zenbait dantzarekin trebatzen hasi eta inauteri haietan parte hartu zuten lehendabizikoz, Ereintzako kideek beraiek mailegatutako arropa eta jantziekin. Hastapeneko xede xume hartatik abiatuta, eta betiere ikasteko gogoz, gaurko egunera arteko ibilbide luzea burutu dute. Intxauspek dio belaunaldiz belaunaldi igaro den katea dela Ttarla taldekoena: «betidanik gurera batu izan diren haur eta gazte ezberdinei transmititu diegu guk urteetan zehar ikasitakoa». Azkenean, eta partaide berriak sartzen joan diren heinean, talde sendoa eta batua osatzea lortu dute.
Aurreneko urteetan ikasitako dantzak, betiko dantzak izan ziren, eta onartzen dute haiek zeukaten ezagutza urria. Dantza bideoak ikusten, beste herrietako lagunek irakatsitakoaz... ikasi zuten artea.
Hasiera malkartsua
Hasierako urratsak dibertsio modu bat ziren, eta diotenez, oso ondo pasatzen zuten, baina helburu baikorragoak ere bazituzten; esan bezala, dantza talde bat sortzea. Nuria Plaza kide sortzailearen arabera, «lagun talde soil bat izatetik, talde handi bat sortu, estatutuak adostu, eta gerora gure egoera legalizatzera iritsi ginen». Garai horiek, hala ere, ez ziren uste bezain errazak izan. Izan ere, egoitza sozial baten beharra zuten taldea aurrera atera ahal izateko, eta Udalarekin zenbait hizka-mizka ere izan zituzten, azkenean Florida auzoan Udalak berak utzitako lokal bat lortu zuten arte. Gerora, Langile Ikastolak ere bere instalazioetan entsaiatzeko aukera eman zien, eta Biteri kultur etxeko ateak ere zabalik izan zituzten astean zehar, Ttarlatik pasatzen ziren 180 haurrentzat. Gaur egun, zorionez, ez dute leku arazorik.
Lehen une haietan ikasitako aurreneko dantzak, betiko dantza tradizionalak izan ziren, eta onartzen dute haiek mundu horrekiko zuten ezagutza urria. Lanari gogor ekin zioten, ordea, eta dantza bideoak ikusiz, beste herrietako lagunek irakatsitakoez edota beste zenbait modutan, ikasi zuten dantzaren artea. Intxausperen ustez, horiek izan ziren zailtasunik handienak, aipatutako entseiatzeko egoitza aurkitzearen kontuarekin batera.
Lekuko aldaketa
Ttarla estreinatu zuten kide gutxien artean zegoen Nuria Plazak, XXI. mendea hasi baino pare bat urte lehenago utzi zuen taldea eta Intxauspek, berriz, zertxobait beranduago, 2002an, hain zuzen ere. Ordurako, lehen urratsetan hasitako haur koskorrak gaztetu egin ziren, eta erreleboa hartzeko hautua egin zuten, besteak beste, Zuriñe Alvarez, Izaskun Kijera eta Irati Lopezek. «Ume ginela hasi ginen gure belaunaldiko gehienak dantzaren mundu horretan sartzen, eta Nuria eta Juankar izan genituen irakasle lehen-lehenetik; Denbora pasatu ahala, gu geu bihurtu ginen ondorengoen maisu eta maistrak».
Denbora luze horretan leku askotan eskaini izan dituzte emanaldiak, baina batez ere Hernanin eta inguruko herrietan. Gure mugetatik at ere dantzatu dute; izan ere, Saharara joateko aukera ere izan zuten taldeko batzuek, eta esperientzia polita izan zela diote. Zuriñe Alvarezen arabera, ikuskizun gehienak omenaldietan, ezkontzetan eta festetako ekitaldi ezberdinetan ematen zituzten. Estiloari dagokionez, berriz, ez zuten aurreko belaunaldikoekin hautsi, nahiz eta koreografia berri batzuk sartu zituzten dantzen zerrendan, errepertorioa zabalagoa izan zedin. Hala ere, aipatutako estilo berrikuntza handiena hirugarren belaunaldiak eman zuen, eta adin tarte horretako Miren Zubillagak dioen bezala, «guk dantzak ikasteko modua aldatu genuen. Izan ere, gure aurrekoek bideoak ikusiz ikasten bazuten, guk gure ingurutik kanpo etorritako irakasle bat izan genuen. Horrela, euskal dantza tradizionala eta dantza kontenporaneoa nahasten hasi ginen. Kepa Junkera, Oreka TX eta beste hainbat musikariren doinuei, euskal dantzako pausoak jarri genizkien, eta horrela garapen estilistikoa izan zuen Ttarlak. Instrumentu modernoagoak, jantzi desberdinak, argi ikuskizun berriak, eta abar, baina dantza tradizionala oinarri izanda», dio Zubillagak.
Etorkizun emankorra
Gaur egun Ttarlaren gidaritzaren lekukoa hartu duen laugarren belaunaldia, animotsu dago etorkizuneko erronkei aurre egiteko, eta baikorrak izateko motiboak badituzte. Ikasle eta irakasleen artean, 250 neska-mutileko taldea osatzen dute, eta Amalia Elorza kideak dioenez, «garaiak eta ikusmoldeak aldatu dira eta orain edozein kanturi euskal dantzaren urratsak jartzea posible da; horrek aukera berriak zabaltzen ditu». Amaia Perez gaztearen ustez, hala ere, «estilo berritzaileak sartu ditugun arren, emanaldi bakoitzean girora egokitzen gara, eta horregatik, batzuetan estilo modernoagoa lantzen dugu, eta beste batzuetan, ordea, estilo tradizionalari eusten diogu, pentsatzen dugulako gure izaera mantendu behar dugula».
Elorzak eta Perezek aitortu dute, dantza talde bat baino gehiago dela Ttarla: «lagun talde edo familia kontsideratzen dugu, eta askotan gure koadrilarekin baino denbora gehiago pasatzen dugu elkarrekin. Eguneroko errutina eta estresaren aurka egiteko eta disfrutatzeko ona da». Astean bi orduz entsaiatzen dute, nahiz eta azken hilabetean trebakuntza saioen kopurua areagotu duten, eskaintzera doazen emanaldi berezia dela eta.
Etorkizunari buruz galdetuta, egoera osasuntsuan ikusten dute euskal dantza gaur egun, nahiz eta aitortu beti dagoela zer hobetu. Txikitatik ikastea garrantzitsua omen da. Bestalde, hezkuntza prozesuan jarduera ona izan daiteke umeentzat, «behin probatuz gero, etorkizunean gauza berriak ikasi eta mundu horretan barneratzeko ateak irekitzen baititu, eta kulturaz bustitzeko aukera ematen du gainera», dio Perezek. Egia da, hala ere, betidanik gehiago izan direla dantzara animatu diren neskak, eta mutilak egon badaude ere, gehiago kostatzen zaiela taldera sartzea. Izan ere, «mutilak eskola kirolarekin hasten direnean, adibidez, futbolean edo pilotan, dantza egiteari uzten diote, eta Ttarlan jarraitzen duten gehienak neskak izaten gara», dio.
Ahaztezina izango da
Dantzan egindako hogeita bost urte bete diren honetan, behar den bezala ospatzeko motiboak dituzte Ttarlako kideek. Adin ezberdinetako pertsonek, euren arteko katea josi dute, eta ondorengo belaunaldiei familia berean murgiltzeko aukera ematen segi nahi dute. Joan diren eta etorriko diren garai eta momentuak gogoratu eta ospatzeko asmoz, apirilaren 13 eta 14an, festa egingo dute Hernanin. Ostiralean omenaldia egingo diete, eta ikuskizun ikusgarri bezain hunkigarria izango kiroldegiko frontoian. Larunbaterako, berriz, egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizerako, Kanika Aisialdi taldeak hainbat jolas antolatu ditu, 11:30etan hasita, hurbiltzen diren guztiek goza dezaten. Ordu berean, Apaxiren kontakizunak entzuteko aukera egongo da. Eguerdian, berriz, mahaiaren bueltan jarraituko dute ospakizuna, Tilosetan egingo duten bazkarian. Eta arratsaldean, azkenik, beste bi emanaldi izango dira; batetik, haurrentzako txoko jolasa, eta bestetik, erromeria. Biak ala biak, tiloen azpian izango dira; eta eguraldiak lagunduko ez balu, Atsegindegin.
Dokumentuaren akzioak