Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Plazan dantzatzeko borroka

Dokumentuaren akzioak

Plazan dantzatzeko borroka

Urteak dira Baztango emakumeak plazan sartu zirela mutil dantzak dantzatzeko. Gaur egun, ia herri guztietan berdintasunean dantzatzen dituzte. Elizondon gizon talde batek dantza «baztertzaileak» egiten jarraitzen duela eta, horiek ez egiteko eskaera egin diote udalbatzari eta batzar nagusiari.
Egilea
Ainhoa Larretxea Agirre
Komunikabidea
Berria
Mota
Erreportajea
Data
2018/11/23
Lotura
Berria

Hamabortz herrik osatzen dute Baztango (Nafarroa) udalerria, eta horietatik hamarretan dantzatzen dituzte mutil dantzak herriko bestetan. Bestaren zati garrantzitsu bihurtu dira, baina azken urteetan baita gatazkarako motibo ere. Tradizioan, gizonek dantzatzen zituzten; duela urte batzuk, ordea, emakume batzuek plazara sartzeko pausoa eman zuten. Geroztik, herri batzuetan gatazka sortu da gizonek bakarrik dantzatzea nahi dutenen eta emakumeen parte hartzearen alde daudenen artean.

Iruritan, 2014. urtean dantzatu zituzten lehen aldiz dantza parekideak

Iruritan, 2014. urtean dantzatu zituzten lehen aldiz dantza parekideak PLAZARA DANTZARA
Egun, bestetako egitarau ofizialetan agertzen diren mutil dantza guztiak dira parekideak; emakumeak dantzatzearen aurka dagoen gizon talde batek, ordea, azken urteetan Elizondoko elizako lorategian hartu du babes, han mutil dantzak gizonek bakarrik dantzatzeko.

Badira horren aurkako eskeak. Emakumeen parte hartzearen alde daude, erraterako, Plazara Dantzara eta Jo ala Jo taldeak, eta mozio bat aurkeztu zuten joan den urrian, Baztango Talde Feministarekin batera; Baztango udalbatzara eta Baztango Batzar Nagusira eraman zuten. Udalbatzan, hamahiru zinegotzi daude; batzar nagusian, zinegotziez gain, hamabortz herrietako batzarrek hautatutako herriko alkateak, lau juntakide eta zortzi mendi ordezkari. Mozioan, emakumeak onartzen ez dituzten dantza horiek ez egiteko eskatu zuten aipatu elkarteek. Udalbatzak ez zuen mozioa onartu; batzar nagusiak, aldiz, bai. Elurre Iriarte, Plazara Dantzara taldeko kidearen hitzetan, dena kate bat izan da: «Baztandarren Biltzarrean eta Elizondoko bestetan mutil dantzak elizan dantzatu zituztela ikusi ondotik, erabaki genuen nahikoa zela. Besten antolatzaileekin solastatu eta, erabaki genuen erakundeetara ere jotzea». Plazara Dantzara-ko kideek espero zuten Udalbatzaren ezezkoa; kontrako bortz boto izan ziren (Geroa Bai, Ezkerra eta Baztan Auzolanean), aldeko hiru (EH Bildu) eta lau abstentzio (UPN). «Ezkerrako zinegotziek normalean neutro izan nahi dute, baina, kasu honetan, kontra bozkatu zuten, baldintzekin ados ez zirela erranez. Geroa Baik, ustez neutroa den rola hartzen du, eta ez dute ulertzen hemen neutraltasunik ez dagoela». Plazara Dantzara-ko kideak bereziki kritikoak dira bi alderdi horiekin eta Iruñean eta Baztanen jarrera erabat ezberdinak dituztela aurpegiratzen diete, gainera.

Baztanen tradizio luzea dute mutil dantzek. Baztango herri kultura gordetzeko lanean ari da Jo ala Jo elkartea; hango kide Kattalin Ezkerrak kontatu duenez, historikoki bi erranahi izan dituzte: «Igandero egiten zen ttunttunean dibertsio moduan dantzatzen zituzten gizonek. Herriko bestetan, aldiz, mutilek besten antolaketan zuten boterea erakusteko tresna ziren». 1960ko hamarkadan ttunttuna galtzearekin bat, bestetako mutil dantza bakarrik gorde zela kontatu du, eta izaera «errituala» galdu zuela. Mutil gazteek ohitura zaharrak gordetzen ez zituztenez, bestetako mutil dantzetan gizon edadetuagoak ere parte hartzen hasi ziren. Ezkerraren arabera, hortik aitzinera eta XX. mende bukaera arte mutil dantza «Baztandar identitatearen adierazpen» gisa ulertzen hasi ziren, nolabaiteko «erromantizismo kutsu» batekin.

2005. urtean, dantzen beherakadarekin kezkatuta, Jo ala Jo kultur elkarteak ikastaroak antolatu zituen Baztango hainbat herritan. Horietan, emakumeek ere parte hartu zuten, modu naturalean. Arrakasta ikusita, mutil dantzak galduak zituzten herrietan haiek berreskuratzeko era ikusi zen, eta gizon zein emakumeek plazetan dantzatu zuten, modu naturalean. Mutil dantzak bizirik zeuden bertze herri batzuetan ere harrera ona izan zuten emakumeek. Ezkerraren arabera, ordea, herri guztietan ez zituzten emakumeak ongi hartu: «Mutil dantzak dantzatzea nolabaiteko prestigio soziala adierazten zuten herrietan kalapitak sortu ziren: irainak, boikotak, txistulariak isiltzea, plaza argi gabe uztea... Gizon horiek, mutil dantzaren bitartez, herriaren aitzinean azaltzen ziren beren prestigioa eta boterea adieraziz. Emakumeen parte hartzearekin, gizon dantzariek esklusibotasuna galdu zuten».

Emakumeak plazetan gero eta presentzia handiago hartzen hasi ziren heinean, horien parte hartzearen aurka zeudenak elkartu ziren, eta talde bat sortu zuten: Baztango Mutil Dantzari Taldea. Hona taldearen helburua, sortzaileen hitzetan: «Baztango dantzarik nabarmenena ezagutaraztea» eta «aitzineko belaunaldiak aurreko mendeetan dantzatzen zuten bezala dantzatzea». Plazara Dantzara elkarteko hainbat andrek taldean sartzeko eskea egin zuten. Maitane Maritorena kidearen hitzetan, ordea, ez zieten izena ematen ere utzi: «Erran ziguten ezin genuela. Andreak onartzen dituztela elkartean, baina ikusle gisa. Bazekiten guk dantzatuko genuela». Elkarte hori sortu ondotik, mutil dantzak pribatizatzeko ahaleginak sumatu zituzten bai Plazara Dantzara elkarteak bai Jo ala Jo taldeak.

Plaza guztietarako bidea

2013an, Elbeten egin zuen eztanda auziak. Garbiñe Elizegi Baztango alkatea mutil dantzak dantzatzera sartu zen plazara, eta irainka hartu zuten hainbat pertsonak. Ordura arte, Baztanen ezaguna zen auzia Euskal Herrira zabaldu zen. Handik urtebetera hartu zuen Plazara Dantzara-k plaza publiko guztietan dantzatzeko erabakia. Elizondon, erraterako, ikastolako jolastokian gizon talde batek egiten zuen mutil dantzan sartu ziren. Halakoak saihesteko, 2015ean publikoa ez den toki batean batzen hasi ziren bazterketaren aldekoak: Elizondoko elizako lorategian. Iriarteren arabera, espero gabeko erreakzioa izan zen: «Ikusi zuten lur horiek ez direla ez pribatuak ez publikoak». Plazara Dantzara-ko kideek, nekeak eraginda, egoera bere horretan uztea erabaki zuten, elizan dantzatzeak «irudi erranguratsua» uzten zuela iritzita. Aurten, bazterketa iraultze aldera, egoera hori eten beharra ikusi dute hautu parekidearen aldekoek. Badakite «zaila» dela plazara sartzea, eta pankarta bat egin zutela kontatu du Plazara Dantzara elkarteko kide Aitziber Zapiainek: «Baztertzetik hasten da, eta La Manadan akitu, dena bat da leloa zuen. Hautsak harrotu zituen, gogorra egin zitzaielako». Zapiainek adierazi duenez, jarritako pankartaren bidez adierazi nahi zuten bortz gizonek horrelako eraso bat egiteko «sistema patriarkal» baten beharra dagoela, eta mutil dantzari horiek defendatzen dutena «sistema horren oinarrian» dagoela.

Hautu parekidearen aldekoek oroitarazi dute aurten egin duten eskean udalbatzaren babesa izateaz gain, Baztandarren Biltzarra jai entzutetsuarena ere badutela. Horrek «sekulako indarra» eman diela erran du Zapirainek. Bide beretik, Maritorena:«Orain arte, mutil dantzari baztertzaileen estrategia erraza zen; orain, herri baten eskaerari zer erantzun emango diote? Kasurik ez egin? Sartzen bagara, iraindu?». Jo ala Jo taldeko Ezkerrak ere ez du argi hemendik aurrera zer gertatuko den, baina beharrezkotzat du egin duten urratsa: «Orain arte bezala elizan dantzatzen uzten badiegu, ematen du onartzen dugula eremu batzuetan bazterketa».

Etorkizunari begira, bazterketaz harago, mutil dantzen ezagutzaren inguruan ere kezka azaldu du Ezkerrak. Kontatu duenez, Elizondon hilean behin egiten den dantzaldian ez dituzte herriko mutil dantzak dantzatzen. Horren atzean, mutil dantzen esklusibotasunari eustearen filosofia dagoela pentsatzen du: «Mutil dantzen kutsu zeremonial eta esklusiboa mantenduta bakarrik justifikatzen al dute gizonezkoek bakarrik dantzatzea». Maritorenaren erranetan, azken urteetan argudioak aldatuz joan dira emakumeek dantza ez ditzaten: «Lehenik, ezin genuela dantzatu erraten zuten. Gero baietz, baina egun jakin batzuetan soilik. Orain, ulertu dute argudio horiek ez dutela balio. Tradizio hitza apaltzen hasi dira, eta beraiena dantzatzen uzteko eskatzen dute». Maritorenarekin bat dator Zapiain: «Batzuentzat, tradizioa ulertzeko modu bakarra emakumea kanpoan egotea da».

Azkeen urteetan Baztanen mutil dantzen inguruan egon den gatazkak jende anitz bultzatu du dantza horiek dantzatzera eta ikastera. Gaur egun, duela urte batzuk baino «gehiago» eta «hobeki» dantzatzen dela pentsatzen du Ezkerrak. Horiez harago, emakumeak plazara sartu izanak belaunaldi berrietako emakumeek dantza «borrokarako eremu» gisa ulertzea ekarri duela nabarmendu du Iriartek. Emakume anitz sartu badira ere plazan, gizonezko gazte batzuek plazara ez sartzeko hautua egin dute. Iriarteren ustetan, mutil gazteentzat errazagoa da ez ikastea, horrela gero ez dutelako «azalpenik eman behar».

Emakumeentzat, ez da erraza izan. Plazara sartu izanak bizitza «baldintzatu» die. Baztan txikia izanik, leku denetan haien aurka ibili direnak ikustearen sentipena izan duela kontatu du Zapiainek: «Gogorra da mehatxatu zaituena kalean aurkitzea eta gorrotoarekin begiratzen zaituela ikustea». Beldurraz ari dira. Zapiainek Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohiaren hitz batzuk oroitu ditu plazara sartzeak zer ekarri dien kontatzeko: «Zure gorputza borrokarako arma bihurtzen da, sekulako indarra ematen dizu, baina garesti ordaintzen duzu».

Ikusteko dago datorren urtean zer gertatuko den. 2019ko maiatzean hauteskundeak eginen dituzte Baztanen, eta, aitzineko hauteskundeetan bezala, auziak «erabilera politikoa» izanen duela uste du Maritorenak: «Bozak alde batera edo bertzera mugitzeko gaia izanen da, seguru».

Dokumentuaren akzioak