Dokumentuaren akzioak
Plazako dantza izango da Nazioarteko Trikitixa Jaialdiaren ardatz nagusia
Trikitixaren urteko ekitaldi berezienetakoa larunbatean ospatuko da Donostiako Viktoria Eugenia antzokian
Larunbatean 19:00etatik aurrera, atzerriko zein euskal musika eta
dantza taldeez gozatzeko aukera izango da. Europako hiru taldek eta
Euskal Herriko beste hiruk hartuko dute parte jaialdian.
Horietako bat Irlandako Spraoi taldea izango da. Azken aldian
mundu osoan zehar eskaini dituzte Irlandako dantza eta musika
tradizionala uztartzen dituzten emanaldiak. Larunbatean Irlandako
musika pieza tradizionalak eskainiko dituzte, eta hango dantza
ezberdinez ere gozatu ahal izango da Donostiako antzokian.
Menta Fresca Dantza talde italiarra izango da bigarren talde
atzerritarra. Campania eta Puglia eskualdeetako tradizio herrikoiak
uztartzen ditu. Bi lurraldeok mende luzetan zibilizazio grekoaren
eragina izan dute, eta gaur arte iraun duten tarantelak eta
tammurriatak, esaterako, ezagutu ahal izango dira, dantza sentsual biak
ere.
Kanpotik etorriko den hirugarren taldea Pandeiro Furado
Galiziako laukotea da. Horiek arduratuko dira muñeira eta jotak
jotzeaz, panderoa, perkusioa eta gaita lagun. Nahiz eta eskusoinu
diatonikorik ez erabili, panderoa ezinbestekoa da talde horren
ikuskizunetan.
Euskal ordezkariak
Bestaldee, Lapurdiko Zpeiz Mukaki izango da euskal taldeen
ordezkarietako bat. Euskal dantzari berritzaileak eta txaranga rockero
bat batzen ditu talde gazteak. Hamabost lagunek osatzen dute eta dantza
tradiziotik gaurkotasunera eramatea da.
Bigarren euskal taldea Bizkaiko Arantzarte dantza taldea
izango da. Igorren sortu zenetik, bidaia eta jaialdi askotan parte
hartu dute. Arratiako eta Gorbeialdeko herri gehienetan dantzatutakoak,
dantzari jarraitzen dute gaur egun ere. Larunbateko Trikitixa
Jaialdian, Arratia inguruko errepertorioa eskainiko dute musika eta
dantzaren bitartez egingo duten erakustaldian.
Azkenik Gipuzkoako erromerietan dantzan aritzen diren hainbat
lagunek osatutako talde bat ariko da; sasi dantza eskainiko dute,
besteak beste. Landa eta baserri ingurunean garatu den fandangoa
dantzatzeko modu berezia da sasi dantza.
Plazako dantzarien omenaldia
Garai batean, mandio eta ganbaratan ezkutuan egiten ziren
erromerietan garatu zen estiloa da larunbatean ariko diren dantzariena.
Partitura eta dantza eskoletatik aparte jaiotako bertsio berriak dira.
Hala, Gipuzkoako hainbat eta hainbat erromeritan dantza
plazer soilez dabilen seikotea osatu dute jaialdirako. Trikitixa eta
panderoarekin Alkorta anai-arrebak ariko dira larunbateko jaialdian.
Sei lagun horiek egingo duten saioaren bitartez, plazako dantzariak
omendu nahi dituzte. Agurtzane Aizpuru Euskal Herriko Trikitixa
Elkarteko idazkariaren hitzetan, «plazan egiten diren dantzak igandero
antolatzen diren erromeriei esker daude bizirik». Hori aitzakiatzat
hartuta, jaiero erromeriak egiten diren herri eta auzoak ere ekarriko
dituzte gogora.
Sarrerak Viktoria Eugeniako txarteldegian, Antzokia Zaharrean, Servikutxa, Telekutxa eta www.kutxa.net
Interneteko helbidean izango dira salgai larunbata bitarte. Ekitaldia
amaitu ondoren, afaria egingo da Lasarteko (Gipuzkoa) Goiegi jatetxean.
Han izan nahi duenak trikitixa@trikitixa.net helbidean egin behar du erreserba. 943-83 28 28 eta 657-79 42 17 telefono zenbakietara ere deitu daiteke eserlekua eskuratzeko.
Dokumentuaren akzioak