Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Plazak dantzaz bete arte

Dokumentuaren akzioak

Plazak dantzaz bete arte

Erromeriak eta dantzarekiko zaletasuna susperraldian daude egun, plazak gero eta gehiago betetzen direla. Horren adibide ditugu Aiko taldearen erromeriak edo Iruñean hilero antolatzen den Karrikadantza

Egilea
Jonebati Zabala
Komunikabidea
Noticias de Navarra
Mota
Albistea
Data
2016/05/08
Lotura
Noticias de Navarra

Azken urteotan Euskal Herriko plazak gero eta dantzari gehiagoz bete-tzen ari dira. Urteetan plazak erdi hutsik egon eta gero, badirudi erromerien susperraldi bat ematen ari dela, izan ere, dantza zaletasuna areagotuz doa, gutxika bada ere. Zaletasun hori sustatzeko eta dantzatzeko gogoa duen orok horretarako plaza bat izan dezan, bi proiektu ezberdinen bidez kale dantzaldiak antolatzen dituzte Aiko taldeak eta Duguna dantza taldeak.

Orain dela hamar bat urte sortu zen Aiko taldea. Dantza taldeetako lagun koadrila ziren, eta ikuskizunak egitera ohituta, erromeria edo kale dantzaldien falta nabaritu zuten. Sabin Bikandi taldearen fundatzaileak azaldu bezala, hutsune hori estaltzeko asmoarekin hasi zen Aiko, dantzaren funtzio komunikatiboa berreskuratu nahian. Egun, erromeriez gain dantza ikastaroak ere eskaintzen dituzte eta produkzio departamentua ere badute. “Tradiziozko dantzatzeko moduaren aldeko hautua egin dugu parte hartzeko egokiagoa iruditzen zaigulako, hau da, dantza zabaltzeko eta herrikoitzeko”, dio Bikandik. Dena dela, ez dira musikaz ahazten; horri ere garrantzia handia ematen diote eta oraindik egiteko asko dagoela uste du Aikoko kideak. “Musika eta dantza dibortziatuta aurkitzen ditugu leku askotan, hau da, dantzariek dan-tzan bai, baina musikaz ideiarik ere ez dute izaten, eta baita alderantziz ere”.

Duguna dantza taldea 1949an sortu zuen Iruñeko udalak. 60ko hamarkada bukaeratik aurrera, iturrietara itzuli eta dantzak bere jatorrizko tokietan egiten ziren moduan -hots, ahalik eta fidelen- egiten hasi zen taldea. “Dantza taldeak ere badu bere urteroko egitaraua, baina saiatzen gara horretara ez mugatzen; gure helburua dantza tradizionala sustatzea da ahalik eta alor gehienetan”, azaldu du Aritz Ibañez taldeko zuzendariak.

Karrikadantza proiektua Orain 8-9 urte sortu zen Karrikadantza proiektua, Iruñean, hilabete bakoitzeko hirugarren larunbatean egiten den plazako dantzaldia, baina beranduxeago jarri zuten martxan Duguna dantza taldearen eta Karrikiri eta Zaldiko Maldiko euskara elkarteen eskutik. “Helburu bikoitza du Karrikadantzak: batetik, jendeak plazako dantzak eta bertoko dantza tradizionalak dan-tzatzeko toki bat edukitzea, eta, bestetik, harremanak euskaraz egin ahal izateko bilgunea sortzea”, azaldu du Ibañezek. Udan plaza irekian egiten dute Karrikadantza, San Nikolas enparantzan, eta neguko hilabeteetan Iruñean ireki duten Zentral Kafe Antzokian, Iruñeko udaletxe ondoan. “Deialdi irekia da eta jende multzo polita elkartzen da, 200 dantzari inguru eta musikariak, eta baita kuxkuxeroak ere. Giro ederra sortzen da bi ordu irauten duen emanaldian. Jauziak, fandangoa, arin-arina, habanera… Esaten den moduan, suelto eta agarrau eta dantza jauziak egiten dira. Arratsaldeko sei eta erdietan izaten da, larunbatetan, asteburuko plan polita izaten da”, gehitu du Ibañezek.

Dantzaldietara hurreratzen den jendearen artean ez dago profil zehatzik, Ibañezen esanetan. Batez ere 45-55 urte inguruko jendea izaten dela dio, agian emakumeak gehiago direla, baina nahiko orekatua den heinean ez dagoela alde nabarmenik. “Gazteak ere egoten dira, neskak, mutilak, haurrak… Oso ani-tza da bertan parte hartzen duen jendea”. Aikok egiten dituen erromerietan, ordea, emakume helduak izaten dira dantzariak, Bikandik dioenez. “Ez dantzan bakarrik, gizartean egiten diren hainbat ekimenetan ausartenak  emakumeak dira. 30 eta 50 urte arteko asko etortzen da guregana. Baina kulturako hainbat arlora begiratuz gero ere antzeko analisia egiten dugu; ez dakit gizonok non sartzen garen... Gazteak ere gutxi izaten dira, hori da errealitatea”.

Interakziotik ikuskizunera Historian zehar, askotarikoak izan dira dantzaren fun-tzioak eta aldatuz joan dira sasoiaren arabera. “Gure inguruan, dantza harremana izan da batez ere, eta ia-ia kortejoa. Adin batetik aurrerakoak erromeriei esker gara, gure gurasoak gehienetan dantzaldi batean edo dantzaren inguruan ezagutzen zirelako”, azaldu du Bikandik. Bikotea aurkitzeko tokia izaten zen garai batean erromeria, sozializaziorako gune garrantzitsua zen; izan ere, dantza “gauza interaktiboa” zen, jendeak parte hartu eta elkarrekin egotekoa. Baina, urteekin, erromeria egiteko modua aldatu egin dela uste du Bikandik. “Guk hamar urtetan erromeriak egiteko modua aldatu dugu, eta denboran atzera begiratuz gero, jakina aldatu direla gauzak. Esate baterako, nire gurasoek ia astero egiten zuten dantzan Galdakaoko musika bandaren soinuekin; soinulariak jotzen zuen orduan, eta mendira ere joaten ziren erromeriara”.

Azkenengo hamarkadetan dantzaren ondarea dantza taldeen esku utzi izan dela dio Bikandik eta horrek “dantzaren berezko funtzioa bidean ahaztea” eragin duela. “Sarritan dan-tza ikuskizun moduan ulertzen da, baina hori berria da. Dantzak eduki ditzakeen funtzio horiek, gehienetan harremana, komunikazioa eta sozializazioarekin zerikusia dutenak, momentu baten aldatu egin ziren, dantza espektakulu bihurtzeko. Ikuskizun izaera emateko aurreko guztia ahaztu eta lengoaia eta forma ere aldatu ziren, unibertsaltasun horrekin janzteko, konplexuetatik etorri dena zenbaitetan; balleta hartu izan da eredu moduan sarritan”. Akademizazio horrek dantzak berak zuen aniztasuna eta aberastasuna galtzea eragin zuela kontatu du Bikandik, eta era berean konplexuak sortu. “Edadeko hainbat lagunek komentatu izan didate sasoi batean lotsatu egiten zirela erromerietan dantzan egitean; dan-tza taldeetako jendea etortzen zen euren teknikarekin eta denak ederto dantzatuz eta berdin-berdin, eta eurek dantzan egiteari utzi zioten azkenean”, kontatu du.

Dantza taldeek batez ere ikuskizuna egiten dute: haiek dantzatu eta publikoak ikusi. Baina hori dantzaren esparru bat baino ez dela dio Ibañezek. “Badira kale dantzaldi hauek ere eta, agian ez garai batean bezala, baina badira biltzeko puntu bat. Elkartu, lagunekin bildu, dantzatu, pote bat hartu... Ez da garai batean bezala jendea dantzaldietara joaten zela egun gazteak diskoteketara doazen modura, ligatzera edo auskalo. Baina nik uste dut funtzio hori ere badutela”. Ibañez bat dator Bikandik dantzaren akademizazioaz esandakoarekin, baina gauzak aldatuz doazela uste du: “baliteke batzuei konplexua sortu izana eta horren ondorioz plazak hustu izana urte batzuetan, baina nik uste dut poliki-poliki berriz betetzen ari direla”.

susperraldi betean “Ikusten da jendea ikasten ari dela, lehenagotik ikasita duenak ere nahi du dantzatu”, dio Ibañezek. Eskaria badagoela uste du, izan ere, Iruñea eta Iruñerrian dantza ikastaro asko ematen dira orain eta jendeak ikasten duena praktikan jartzeko aukera izan dezan aukera ona da Karrikadan-tza. Ekimen horretatik abiatuz, Iruñerriko beste herri batzuetan Dantzan Enparantzan egiten da (kontzeptu berbera, baina beste izen batekin). Horrelako ekimenak ugaritu direla uste du Ibañezek. “Euskal Herri osoan ematen ari den fenomenoa dela esango nuke. Ikastaroak ugaritu dira, eta denetik hurreratzen da jendea: dantza taldeetakoak, modu aktiboan ez dabiltzanak... Dantzatzeko gogoa dutenak, azken finean”. Dantzari mota ezberdinak aurki daitezke Karrikadantzan: hasiberriak, beteranoak, egun dantzan egiten dutenak eta beste modu batean dantzatu nahi dutenak... Horiei erantzuna ematen dien proiektua da Karrikadantza. “Hasieratik nahiko arrakasta-tsua izan da. Nabarreria plazan hasi zen, eta gero tokiz aldatzen joan da. Publikoa beti izan da nahiko fidela eta ugaria eta beti plaza beteta ikusten da”, jakinarazi du Ibañezek.

Bikandiren hitzetan, eurentzat “erronka” bat izan zen plaza bakoitzera joan eta bertako jendea erakartzea, hutsetik hasi baitziren. Baina ordutik aldaketak ikusi ditu Aikokoak: “Egia esan, ez dakit guk jada taldetxoa edo zale multzoa egina dugulako edo, baina plazetan askoz dantza zaletasun handiago dagoela igartzen dugu orain. Jendeak dantzatzeko gogoa duela, ikasten dagoela eta gero ikasten dituenak praktikatu nahi dituela, alegia”. Euren erromeria egiteko modua ere aldatu egin da urte hauetan, izan ere, erromeriak jada ez dira lehen bezain didaktikoak, hurbiltzen den jendeak dantzak dakizkielako. Erromerien “susperraldia” dagoela uste du Aiko taldearen sortzaileak. “Hasi ginenean ezingo genuke imajinatu ere egin orain esku artean ditugun dantza zaletu guztiak izatea eta gaur egun egin ahal ditugun ekimenak egitea, eskolak eman, etab. Guk behintzat bai ikusten dugu susperraldi bat dagoela, egon dela edo, behintzat, bidean gaudela”.

Aiko taldearen erromeriek gero eta dantzazale gehiago batzen dituzte. Irudietan, Durangoko Plateruenan oraintsu eginiko saio jendetsu bat.

Aiko taldearen erromeriek gero eta dantzazale gehiago batzen dituzte. Irudietan, Durangoko Plateruenan oraintsu eginiko saio jendetsu bat. (Aiko taldea)

Dokumentuaren akzioak