Dokumentuaren akzioak
Plazak bete dantza
Erromeriek gorabehera ugari izan dituzte urteetan.
Elkarrekin sozializatzeko eta aisialdirako tresna nagusia zen duela
hamarkada batzuk, baina apurka-apurka jendez betetzen ziren plazak
hustuz joan ziren. Gazteek beste aisialdirako guneak topatu zituzten,
elkar sozializatzeko beste gune batzuk.
Baina dantza egiteko
eredu berriak ere iritsi ziren gurera. Trikitia eta panderoa alde batera
utzi, eta berbenek hartu zuten plazak dantzarazteko ardura 80ko
hamarkada inguruan. Baina talde horiek ere denborarekin gainbehera hasi
ziren. 90eko hamarkadan trikitia plazara itzuli zen berriro, garai
berrietako doinuekin nahastuta. Gozategi, Alaitz eta Maider, Etzakit eta
Maixa eta Ixiar taldeekin gorakada izan zen. Baina talde horiek ere
desagertuz joan ziren apurka, eta plazetan trikitiaren presentzia
gutxitu egin zen. Baita dantzatzeko ohitura ere.
Dantza gidatuen eragina
2000ko
hamarkadarekin batera, ordea, erromerien eredua berreskuratzen hasi
zen. Horren arduradunetako batzuk Patxi Perez dantzaria eta Tapia eta
Leturia izan ziren. Dantza gidatuak antolatzen hasi ziren, hau da,
taulan zuzeneko musika jotzen duten bitartean, dantzari bat entzuleen
artera jaisten da eta dantza pausoak erakusten dizkie. Dantzatzen ez
jakitea jada ez da aitzakia, dantza horiek edonork ikas baititzake.
«Sumatu
genuen moda bat sortzen ari zela dantzaren inguruan, eta jendeak era
honetako dantzaldiak gero eta gogotsuago hartzen ditu», dio Arkaitz
Minerrek, Arrabots taldeko mandolina eta arrabita jotzaileak. «Formulak
funtzionatzen du, eredu berezia delako. Zerbait soziala da, ezberdina»,
eta, horren ondorioz, erromeria horiek arrakasta izaten ari dira.
Dantza
horiek unean bertan ikasteko, ezinbestekoa da metodologia aproposa,
azalpen erraza eta era ludikoan erakustea. «Guk argi uzten dugu
dantzarekin disfrutatzea ezinbestekoa dela», azaldu du Joseba
Martinezek, Erdizka Lauetan taldeko dantza gidariak. Pauso errazak
erakusten ditu Martinezek, baina plazan dagoen jendea dantzara ohituta
baldin badago, «horretarako ere badaukagu errepertorioa».
Hemengoa eta atzerrikoa
Euskal
Herrian fenomeno nahiko berria bada ere, atzerrian oso ohikoak dira era
honetako dantza gidatuak. Kanadan, AEBetan, Europan... «Folk munduko
giroan oso ohikoak dira era honetako saioak», Minerren hitzetan. Eurek
horietatik ere edan dute. Euren saioetan kanpoko dantzei tarte zabala
eskaintzen diete, Italiako Piamonte ibarreko dantzak, Bretainiakoak,
Belgikakoak, Eskoziakoak, Alemaniakoak... Erromeria mistoa egiten dute,
eta horrek «ikusmin handia sortzen du». Hala ere, hemengo dantzak ez
dituzte albo batera uzten.
«Inoiz izan da eztabaida kanpokoak
diren piezak eskaintzearen inguruan», esan du Martinezek. Eurek ere
garbi daukate. Lehentasuna hemego dantzei eman ohi diete, kanpoko
eraginei ateak itxi gabe. Esaterako, korru dantza baten pausoak asmatu
dituzte Irlandako abesti baten gainean.
Adin guztiak, dantzari edo ez
Erromeria
horietan adin guztietako lagunak elkartu ohi direla azaldu dute bi
taldeetako kideek, eta hori «polita da, festa mota bakoitzak bere
adineko jendea bildu ohi baitu», Minerren hitzetan. Gazteentzat festa
beste era batean egiteko modu originala izan daitekeela uste du, eta
helduek euren gazte garaiko festak gogorarazten dituztela era berean.
Dantzan
ez dakitenengana inguratzeko ere eredu aproposa da hori, baita dantzan
dakien jendea plazara animatzeko bidea ere. Bi ikuspuntu horietatik
abiatuta, dantza gidariaren zeregina garrantzitsua da Martinez eta
Minerrentzat. Baina erromeriak berreskuratzeko beste biderik ere bada.
Errenterian, Erromeria Eguna
1999.
urteaz geroztik antolatzen dute Errenterian Erromeria Eguna. «Dantza
solte txapelketa herrian antolatzen zela 50. urteurrena aprobetxatuz»
hasi zirela azaldu du Juantxo Maia antolatzaileak. Ordura arte dantza
taldeak antolatzen zituen ekitaldi guztietan jendeak parte hartzen zuen,
baina ikusle «soil moduan, dantzarik egin gabe».
Hausnarketa
egin zuten, eta dantzen jatorrira jo beharra ikusi zuten, hau da,
jendeak dantza eginez parte hartzea. Horretarako sortu zuten uztailean
egin ohi duten Erromeria Eguna, eta lehen urtetik bertatik sekulako
arrakasta lortu zuten. «Jendea dantza ikastaroetan izena ematen hasi
zen, eta eskaintza ere handitu egin zen», Maiaren hitzetan.
Egun
horrek «motor» lana egin duela aitortu du, horren harira etorri direlako
hainbat ikastaro eta bestelako dantzaldi gehiago ere. Egun bakar bateko
gauza izango balitz «artifiziala» izango baitzen, eta Errenterian
jendeak dantza egitea ohikoago bilakatu da.
Era horretako adibide
gehiago ere badaude Euskal Herrian, dantzarako zaletasuna berpizten ari
den seinale. Plazetan dantza gidatuekin ikasten dutena osatzeko, edo
besterik gabe zaletasuna piztu zaielako, jendeak gero eta maizago jotzen
du ikastaro horietara. Eta erromeriek etorkizuna izango badu bide
horretatik jo beharko dela argi dauka Minerrek. «Edozertarako zaletasuna
beharrezkoa da, eta baita alor honetan ere. Eta hor dantza taldeek
zeregin handia daukate».
Juan Mari Azkue. Aiako Aristerrazuko erromeriako antolatzailea
«Gurean bezalako erromeriarik ez da antolatzen dagoeneko beste inon»
L.M. Bilbo
70 urtetik gora dira Aiako Andatza auzoan erromeria
egiten dela. Hasieran noizean behin egiten zuten, baina duela 40 urte
ingurutik hona han izaten da dantzarako aukera igandero. Auzokideek
antolatu izan dute erromeria urte luzez, gazteek batik bat, baina «duela
hogei urte inguru gazteek antolatzeari utzi zioten, normala den bezala,
kalerako bidea hartu baitzuten». Orduz geroztik, Juan Mari Azkue eta
beste bi lagunek erromeria antolatzeko ardura hartu zuten. Aiako
Aristerrazu jatetxean egiten dute, urrian hasi eta ekainera arte. Igande
honetan izango da denboraldiko azkenengo erromeria.
Hainbeste urte erromeriak antolatzen, zer-nolako arrakasta du zuenean antolatzen den asterokoak?
Jendea
oso ondo dabil bolada honetan. Orain dela pare bat urte arte gaueko
hamarretatik gauerdira arte egiten genuen, baina jendea gutxitzen hasi
zela sumatu genuen. Orduan pentsatu genuen arratsaldetan antolatzea,
eta, egia esan, jendeak oso ondo erantzun du.
Eta zer jende etortzen da dantza egitera?
Orokorrean
30 urtetik gorako jendea izaten da batez ere, eta 50 eta 60 urte
inguruko asko. Baina gazteak ere etortzen dira, egunaren arabera. Baina,
hori bai, etortzen den jende guztia dantzatzera etortzen da.
Arrakasta badaukazuela esan daiteke, beraz. Zein da giltza?
Urte
asko daramagula, eta, batez ere, sekula ez dugula utzi. Tarteka,
iganderen batean huts egiten dugu, baina erromeria hor dago, igandero.
Garai zail batzuk ere izan ditugu, eta horietan ere eutsi egin diogu.
Trikitilariek ere hauxe daukate; hauxe da gelditzen zaien erromeria
bakarra, eta eutsi egin behar zaio.
Zailtasun garaiak aipatu dituzu. Noiz izan zen hori?
Orain
dela urte batzuk izan ziren trikitilari talde batzuk fama izan
zutenak, Gozategi, Alaitz eta Maider eta tankerakoak. Gurera ere
etortzen ziren, eta orduan gazte asko inguratzen zen. Baina talde horiek
desagertuz joan ziren bezalaxe, gazteek ere etortzeari utzi zioten.
Helduek talde berri horietara ez ziren inguratzen, eta tarte horretan
izan zen momentu bat nahiko bihurria.
Eta orain zein bolada dago?
Berriz
ere lehengo erak hasi ziren bueltatzen, eta gaur egun soinua eta
panderoa dira gehien dabiltzanak. Horretara helduak asko mugitzen dira
orain...
Erromerien egoera nola ikusten duzu Euskal Herrian?
Trikitilariekin
hitz egiten dut, eta esaten dute hemen ibiltzen den kuadrilla hau
nonbaiteko festetan topatuz gero orduan erromeria izaten dela. Bestela,
ezin dela jendea dantza egitera animatu. Gurean bezalako erromeriarik ez
da antolatzen dagoeneko beste inon.
Aristerrazuko erromeria erreferentzi bihurtu dela esan daiteke?
Erreferentzi? Ez dakit ba, agian bai...
Hemengo erromeria antolatzeko garaian, testigua norbaitek hartuko al du?
Zaila
dago. Hemen jarri izan gara maiz pentsatzen. Gu zahartzen ari gara, eta
trikitilariak ere bai. Hauek gelditzen diren egunean egongo al da
erromeriarik? Kezka badago.
Dantza gidatuen eredua izan al daiteke etorkizunerako giltza?
Jendea
mugitzeko izan daiteke etorkizunerako giltza, baina ez dakit. Egun
jakin batean joango dira dantza egitera, baina beste erromeria bat
antolatzen denean agian joan ere ez. Horietara ere joan egin behar da!
Arrabots taldeak Errenteriako plaza bete zuen joan den igandean. / IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Patxi Perez dantzaria, Errenteriako Erromeria Egunean dantzariak gidatzen. / ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Igande honetan izango da Aristerrazuko denboraldiko azken erromeria. / MARISOL RAMIREZ / AR
Jende ugari bildu ohi da Errenteriako Erromeria Egunean. / JAGOBA MANTEROLA / ARP
Pandero jotzaile bat eta trikitilari bat, Aiako erromerian. / MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak