Dokumentuaren akzioak
Plaza dantzen susperraldia eskualdean
Zumarragako Udalak 2000. urtean antolatu zuen lehenengoz ikastaro hau. Eskolak emateko, Juantxo Urbieta bergararrarekin jarri zen harremanetan. Egun, honi, bere alaba Janirek laguntzen dio. Izan ere, Udalaren ekimenak sekulako arrakasta izan du eta, urtero, 50 bat lagunek parte hartzen dute.
Aurten, urriaren 7an hasiko dira eskolak. Izena emateko, Zumarragako udaletxeko Kultura zerbitzura jo behar da. Aldiz klaseak Ispilla kiroldegian izango dira, larunbatetan, 17.30etik 20.00etara. Oraingoz, zazpi parte-hartzaile berrik eman dute izena. Hauekin batera arituko den bat Xabier Barriola beteranoa dugu. Barriolak duela lau urte eman zuen izena lehenengoz, hainbat arrazoi direla medio. "Ariketa bezala oso ondo dago eta, gainera, gure dantzak direnez, gurea da ikasteko eta mantentzeko ardura".
Barriola musikaria da, baina dantzan ere ondo moldatzen dela dio: "Orain arte dantza eginaraztea tokatu zait eta, orain, ni naiz dan-tzaria. Ariketa gogorra da, eusko-aerobic deitzen diot". Sasoia mantentzeko ezik, lagunak egiteko ere aproposa da: "Oso giro ona dugu".
Hala izanik, ikastarotik kanpo ere elkartzen dira: dantza txapelketan erakustaldia eskaintzen dute, igandean Urretxuko karroza desfilean parte hartu zuten... "Gure lana erakusteko eta jendea animatzeko, erakustaldiak egiten ditugu. Ea jende gehiagok izena ematen duen!".
parte-hartzaileak
Zumarragan 50 eta Legazpin 20
Legazpiko Sustraiak taldearen plaza dantzen ikastaroan ere jende askok parte hartzen du. Legazpiarrek iaz antolatu zuten lehenengoz ikastaro hau eta, Aitor Mantxolak esan duenez, "oso gustura" daude: "Espero baino harrera hobea izan zuen: 20 lagun inguruk parte hartu zuten eta harrituta gelditu ginen. Gainera, adin guztietako jendea etorri zen: gazteenak zazpi urte zituen eta helduenak, berriz, 40 bat. Oso gustura gaude, guztiak gogo handiz etorri baitziren".
Legazpiarrek ez dute erakustaldirik eskaintzen. "Eskoletara etortzen direnak, ez dira, gero, derrigor plazara irteten. Dena den, askok, inauterietako eta jaietako ikastaroetan ere izena eman dute". Mantxola ez da dantza hauek modan daudela esatera ausartzen, baina zaletasunak gora egin duela dio: "Lehen baino jende gehiago aritzen da".
2006-2007 ikastaroa hastear da eta herritarrak parte hartzera animatu nahi ditu: "Ez dira dantza zailak eta ondo ikasi dituzte. Garrantzi-tsuena lotsa galtzea da".
Lehen eskola larunbat honetan izango da: Sustraiak dantza taldearen lokalean, 17.00etatik 18.30era. Informazio gehiago lortzeko kultur etxera jo daiteke. "Izena ematea derrigorrezkoa ez denez, larunbatean azaltzearekin nahikoa da, ez dakigu ziur zenbat jende etorriko den. Dena den, hamar batek parte hartzeko asmoa azaldu dute jada", dio Aitor Mantxolak.
Dokumentuaren akzioak