Dokumentuaren akzioak
Plaza dantzariz betetzea
Gazte Taldeak dantza ikastaroa antolatu du, besteak beste, festetarako soka dantza berreskuratzeko asmoz.
Ikusita gero eta jende gutxiagok egiten duela plazan dantza, eta bide batez herriko festetako tradizio bat berreskuratzeko, Ikaztegietako Gazte Taldeak dantza ikastaroa antolatu du. «Aurtengo festetan zerbait berria egitea pentsatu genuen», azaldu du Uxue Larrea Gazte Taldeko kideak. «Mahai baten bilduta geundela familian, amonak aipatu zuen lehen soka dantza egiten zela herrian. Hori komentatu taldean, eta ideia polita iruditu zitzaigun horrelako tradizio bat berreskuratzea».
Ez dakite zehazki azkeneko aldiz noiz egin zen soka dantza, oraindik ikertzeko dutela diote. «Egia da urte askotan zehar egon dela herrian dantza taldea, baina azken urteetan talderik ez da izan, eta ziurrenik urte mordoxka bat izango da soka dantza ez dela egin herrian», azaldu du Larreak. Dantza hori nola egiten den ezagutzeko, informazioa bilatzen aritu dira. «Herrian bagaude dantza taldeetan ibili garen edo dantza asko gustatzen zaigun pertsona batzuk, eta Gazte Taldean horietatik dezente. Nondik hasiko garen elkarri galdetuta, handik eta hemendik hasi gara ikertzen, eta gaur egungo teknologi berriei esker sarean bideotxo batzuk aurkitu ditugu eta bide hori baliatu dugu», esan du Larreak. Oraindik ez dakite zenbat izango diren soka dantzan parte hartuko dutenak. «Taldetxo bat animatuta gaude eta ea plaza betetzen dugun». Soka dantzaren ekitaldia festetako azken egunean jartzea pentsatzen ari dira, ikazkina berriro igotzen denean, hain justu.
Arin-arina eta fandangoa
Soka dantza ikasteaz gain, ikastaroan beste dantza batzuk erakusteko aukera ikusi dute. «Guri kuadrillan gertatzen zaigu: batzuk badakigu fandangoa eta arin-arina dantzatzen, eta beste batzuk ez, eta beti egoten dira penatan. Soka dantza berreskuratuko dugula pentsatu dugu, baina asmoa da herriko plaza betetzea fandango eta arin-arin bat egiten ari garenean. Horregatik fandangoa eta arin-arina ikastaroa erakusteko proposamena. Gero, denbora ematen badigu, polka bat ere badugu pentsatuta. Ea behintzat, hiru dantza horiek ondo ikasten ditugun».
Uztailean zehar izango da ikastaroa eta, hain justu, datorren astelehenean jarriko da martxan. Astelehen eta asteazkenero elkartuko dira (azken eguna uztailaren 27a izatea aurreikusten dute), eta ordutegia 19:30etik 21:00etara izango da. Herriko gimnasioan elkartuko dira.
«Soka dantza, fandangoa eta arin-arina ondo ikasi nahi baldin baditugu, denbora pixka bat beharko genuela ikusten genuen, eta proposamena izan da astean bitan jartzea, eta ordutegia zehaztea batez ere lanean daudenei begira», azaldu du Larreak. «Saioak bi egunetan jarri ditugu aukera gehiago izateko denek ikastaroetara joateko. Ea ahal den jende gehiena animatzen den».
Herritar guztiei egin diete gonbidapena ikastaroan parte hartzeko, haur, gazte zein helduei. «Helburua bada plaza betetzea, zer politagoa adin guztietako herritarrak biltzea baino», esan du Larreak. Ez da izenik eman behar ikastaroan parte hartzeko. Saioetara joatea nahiko da. Irakasle lanetan hainbat herritar ariko dira, tartean Gazte Taldeko kideak.
Antolatzaileek espero dute beste herrietako dantza taldeetan aritzen diren haurrak saioetara azalduko direla. «Gure gurasoen adineko batzuk etortzekoak dira, eta espero dugu belaunaldi horietako gehiago ere etortzea», esan du Larreak.
Dokumentuaren akzioak