Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Plaza baten ibilbideaz

Dokumentuaren akzioak

Plaza baten ibilbideaz

Askoren artean. 'Arizterrazu, mandioko (azken) erromeria'

Argitaratzailea: Trikitixa Elkartea.
Egilea
Andoni Tolosa
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2016/01/10
Lotura
Berria

Disko liburu gero eta ederragoak, gero eta txukunagoak kaleratzen diren honetan, merezi du, alor horretan, gurean aitzindari izan den Soinuaren Liburutegiaren lana goraipatzea, eta horretarako zer hobe bildumaren orain arteko azkena egiten duen Arizterrazu, mandioko (azken) erromeria aipatzea baino. Duela 14 urte hasi zuen ibilbidea bilduma honek, oso helburu jakinarekin: trikitiaren ondarea ezagutzera eman eta zabaltzea. Horretarako, orain arte bederen, trikitiaren historia erromeriaz erromeria idatzi duten musikarien gaineko ale monografikoak kaleratu dituzte.

Ale bakoitzaren alde literarioa idazle konpetenteen lana izan da: Pako Aristi (Gelatxo), Koldo Izagirre (Elgeta), Xabier Amuriza (Rufino Arrola), Iñigo Aranbarri (Sakabi), Xabier Gantzarain (Epelde)... Alde musikalean, berriz, protagonistek egindako ibilbidearen lekukotasuna emateko, askotariko piezaz/kantuz ongi jositako diskoak. Askotan argitaratu gabekoak dira, baita zuzeneko bitxikeriak ere, edota artxibo pribatuetatik jasotako harribitxiak. Alde horretatik, esan daiteke oso ongi orekatu dituztela Trikitixa Elkartekoek bai alde literarioa eta bai musikala. Nahiz eta, nabarmena den abiapuntua liburua dela, eta diskoa hura ongi janzteko ezinbesteko soinekoa.

Edozein modutara, disko liburuz disko liburu, musikazale guztion eskutan eta, batez ere, belarrietan jartzen ari dira trikitiaren historiaren pasarte garrantzitsuenetako batzuk. Topikoak hautsiz, ahantziei leku eginez, Euskal Herriko historia musikalaren pasarterik argienetako eta baita ilunenetako batzuk ere gogoratuz. Herri musikaren ibilbide esanguratsua osatzen dute 11 disko liburu horiek. Hori nahikoa arrazoi litzateke tarte honetan aipatzeko, baina ez litzateke justua kontua horretan uztea.

Azken honek baditu-eta berezitasunak. Alde batetik, Joxemari Iriondok idatzi du Arizterrazuko kronika. Kosta egiten zaigu idazle jantziagorik irudikatzea Aiako bazter horretako festaren bilakaeraz txukun aritzeko. Bestetik, oraingo honetan ez da musikari jakin bati lotutako diskoa. 1980ko hamarkada hasieratik, 2000ko hasierarainoko trikitiaren ibilbidea ilustratzen duten hamaika musikariren piezak agertzen dira, Arizterrazuko agertokia bilakaera horren lekuko pribilegiatua izan baita.

Diskoa Sakabi eta Egañazpiren 1976ko fandango batekin hasten da; ondoren, Martin Aginagalderen 1985eko hainbat pieza datoz, erritmo kutxaren laguntza soilarekin. Badira laukote bitxiak: Tapia, Leturia, Martin eta Imanol; Laja, Landakanda, Epelde eta Iturbide (denak batera); eta hor dira 2004ko triki-poparen azken urteetako eraginak erakusten dituzten Maixa, Xabi Solano, Asier Gozategi... Guztiak topatuko dituzu disko honetan. Bidaia nahiko osatua trikitiaren ibilbidean zehar.

Dokumentuaren akzioak