Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Pizkundea eta ordaina

Dokumentuaren akzioak

Pizkundea eta ordaina

Maskaraden bezperan. Bihartik Zuberoan zehar ariko diren bi maskaradak asmo ezberdinek bultzatutakoak izan dira

Egilea
Allande Sokarros
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Maule
Mota
Erreportajea
Data
2002/01/12

Beraz, ez da gutxizkoa izan 120 bizilagun bakarrik dituen herri honetako gazteek hartutako apustua, maskaradak egiteko horren luzea izan den etenaldi baten ostean. Alabaina, maskaradak egiteko, dantzariak izatea ezinbesteko baldintza da eta alor honetan ere dena zen egitekoa. Zorionez, Zihiga Iriondoko Kihillia etxalderat ezkontzeko ideia ona izan zuen Beñat Etxebarne, Altzai Lüküzilo etxondoko semeak. 1970eko hamarkadako dantzari apartekoa zen Beñat Lüküzilo baino maisu hoberik ez zezaketen izan Gamere-Zihigako gazteek. Hortaz, agerraldi ederrik eskainiko digutela ez dezakegu zalantzarik izan.



Dantza jauziez gain, maskaradetako beste jokaldientzat, aldiz, Altzürükütik Gamererat bizitzera etorri den Alain Coyos izan dute eskolatzaile beste maskaradariek. Coyos arizale izan zen Altzürükük emandako maskaradetan eta honen esperientziak ordezkatu du Gamere-Zihigan falta zen aitzinekoen jakitatea. Ororen buru, mende bat baino luzeago maskaraden katea eten izanak ez luke inolako eskasiaren nabaritasunik eragin behar gamerear eta zihigar gazteek eskainiko dizkiguten aurtengo maskarada hauetan.



Eskiulan, emakumeen laguntzaz



Gamere-Zihigaren kasuan maskaradak egitea pizkundea izango bada, aurtengo bigarren maskaradak egingo dituen Eskiula herriaren aldetik, berriz, ordainarena izango da kontua. Ordaina, bai, zeren eta 1992. urtean egin ziren azkenengo maskaradetan emakumezkoak aritu baitziren soilik eta aurtengoetan, berriz, maskadarakari guztiak gizonezkoak izango baitira.



Ez uste izan, haatik, Eskiulan gizonezkoen nagusikeriaz hazitako tradizioaren ikusmolde atzerakoi batek gailendu duenik. Aldi honetako maskaradetan gizonezkoak bakarrik izatea jolas egite bat balitz bezala hartua izan da, ea hauek ere emakumeek lortu zutena kausituko zutenez. Alabaina, Eskiulan ohikoa denez, belaunaldi batetik bestera elkartasunaren haritik dabiltza. Hortaz, bai 1983ko maskarada mistoetan aritu zirenek bai 1992ko maskaradetako emakumeek ere laguntza osoa ekarri diete aurtengo maskaradakari gizonezkoei. Sexuen arteko gatazkarik ez dagoelako froga, 1992ko maskaradetan Kabanana izan zen Maddi Lexardoiek eta Pitxuna izan zen Denise Organbidek moldatuko dituzte aurtengo maskaraden perediküak. Hargatik, 1983an Kabana Handia izan zen Lucien Xabalgoitik ere zerikusia izango du zuberotarrentzako maskaraden une hoberena edo behintzat itxarotuena den mintzaldi horien paratzean.



Eskiulako gizonezkoen eta emakumezkoen arteko elkar aditze eta giro onaren lekuko, hona hemen 1992ko maskaradetan Xorrotx izan zen Maritxu Castillonek aurtengo maskaradakarien alderat moldatutako bertsoak: «Gizonak ützi badütügü emazteen azken maskaradetan etxeko lanetan, aldi hontan, gü gira izanen oilarrik gabe oilaltegietan eta hurak tololoika plazetan».



Lehen maskaradak



Gamere-Zihiga: Bihar, barrikada hausteak, 10:00etatik goiti. Maskaraden agerraldia, 15:30etik harat, Gamereko plazan. Maskaradakarien bazkaria Ager jatetxean.Eskiula: Bihar, barrikada hausteak, 09:00etatik goiti. Maskaraden agerraldia, 15:00etatik harat, herriko plazan. Maskaradakarien bazkaria Hurzurigarai jatetxean.



kadrillak



Narbeko amona xaharrak irakatsikoaren ildotik



Xorrotxen jokoaren aurretik, Jaunak, Andereak, Laborariak eta Laborarisak emango dituzte kadrilla dantza bereziak. Are bereziagoak Eskiulan emandakoak beste maskaradetan agertzen dituztenei alderatuta, ezberdintasunak dituztelakoz dantzatzeko moduan. Eskiulako kadrilla hauek historia aipagarria daukate, zeren eta, 1983an maskaradak egin zirelarik, inork ez baizekien nola ematen ziren lehenagotik. Inork, salbu Narbe izeneko auzotegiko emakume xahar batek, hain zuzen ere aurtengo maskaradetan Laborarisa izango den Arño Xabalgoiti Auje-ren izebaren izeba handiak. Harengana joan ziren 1983ko maskaradakariak kadrillak nola ematen ziren jakiteko eta gogotik irakatsi zizkien Narbeko amonak. Orduan lantzen hasi zen ildoari jarraiki, aurtengo kadrillen emaileek 1983koen eskutik ikasi dituzte. Hauek ikasi zizkieten, aldiz, 1992ko maskaradakari emakumeei. Dantza eta jokoez gain, kantuek ere arrakastarik badute maskaradetan. Azkenengoaren hitzak Henri Castillon eta David Tillousek moldatutakoak dira, eta airea, Henri Lexardoiek.

Dokumentuaren akzioak