Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Pixka bat gorago

Dokumentuaren akzioak

Pixka bat gorago

Aritz Maestu

Bihartik aurrera, Europako Txapelketan arituko da Maestu, Minsken. Iaz, 11. izan zen, eta lehen zortzien artean sartzea du helburu aurten. Bere ibilbideko emaitza boladarik onena izan du Laura Barquerorekin ari denetik.
Egilea
Imanol Magro Eizmendi
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2019/01/22
Lotura
Berria
Dantza egitea oso dibertigarria da. Ondo pasatu eta gozatzeko asmaturiko ekintzarik ederrenetakoa. Endorfinak sortu eta tentsioa askatzeko ariketa perfektua da. Baina ez beti. «Lehiaketan, ariketa ondo irten dela ikustea da plazera. Ondo egin duzula jakin eta jendeak txalo egiten dizula ikustea. Txapelketara iristea sufrimendua da; beraz, ondo lehiatzen zarenean dator gozamena». Aritz Maestu izotz gaineko patinatzaile artistikoarena da esaldia, eta, bihartik aurrera, plazer hori aurkitzen saiatuko da Minsken, Europako Txapelketan. Bere ibilbideko laugarrena du, eta bigarrenez ariko da Laura Barquero bikotekidearekin.

Maestuk 27 urte ditu, Donostiako Gros auzoan jaiotakoa da, eta, itsasoa etxetik gertu izan arren, izotzak liluratu zuen. 2002an hasi zuen bidea, Txuri Berrin, eta egun Bergamon (Italia) entrenatzen da. Atzerrira irten beharra zuen, eta bere onena lortu du han. «Hemen, beste inon baino baldintza hobeak ditut lan egiteko: pistak... Eta teknikari multzo ona: patinaje entrenatzailea, koreografoa, ballet irakaslea, prestatzaile fisikoa... Dena». Ingurua, baina, ez da arrazoi bakarra; iaz, Laura Barquero patinatzaile espainiarrarekin hasi zen lanean, bere ibilbideko laugarren bikotekidea, eta inoizko emaitzarik onenak lortzen ari da Maestu. «Hau biren arteko kontua da: talde lana da. Aurreko bikotekideekin ez nintzen hain urrun iristeko gai. Laurarekin dena errazagoa da, eta txapelketan haratago goaz. Apurka goaz goraka, baina etengabe».

Eta zergatik bilakaera hori? «Haren ahal fisikoa bikaina da, eta gure arteko harremana, ona. Konfiantza handia du nigan. Ipurdikoren bat edo beste hartu du jauzi eta jaurtiketetan, eta nik askotan esaten diot: 'Ni zu banintz, ez nintzateke hori egiten ausartuko, ni naizen baldarrarekin...'». Barquerok 17 urte ditu, eta 50 kilo inguru; Maestuk, berriz, 27, eta 1,88 metro da luze. «Adin alde handia dugu, baina ni barrutik ume bat naiz, eta Laura oso heldua da. Hor ez dago arazorik. Eta alde fisikoa ona da, jaurtiketa eta altxaketak errazagoak dira niretzat».

«Lana, lana eta lana»

Azken urteetako bilakaerak Maesturen anbizioa puztu du Minsken. «Helburua zortzigarren izatea da, baina ez da erraza. Garrantzitsua da epaileek nola epaitzen duten zure lana; hau kirol subjektibo bat da». Iaz, 11. izan ziren Europako Txapelketan, eta pixka bat gorago begiratzen du —bihar egingo dute programa motza, eta etzi luzea—. Izan ere, urte ona izaten ari dira: bi Sari Nagusitan parte hartzeko aukera izan dute, eta sona hartzen ari dira. Epaileek eta aurkariek gero eta gehiago hartzen dituzte kontuan. Aurten, gainera, ziurtatua dute Munduko Txapelketan lehiatzea, martxoan, Japonian. «Txartela ziurtatua izateak ez gaitu lasaitzen, lanean jarraitu behar duzu hobetzeko, eta, ahal izanez gero, finalean sartzeko. Helburu hori eskura dugu». Iaz 20. izan ziren. 

Maestuk gehien errepikatzen duen hitza lana da. Badaki hobekuntza haren fruitu dela. Astelehenetik ostegunera, sei orduz entrenatzen da, eta ostiralean, bost orduz. Buruz errezitatzen du eguneroko diziplina: «Goiz eta arratsalde entrenatzen gara: hasteko, 45 minutuko beroketa; ordubeteko saioa lehorrean altxaketa eta jaurtiketak lantzen; gero, ordubete izotzean ariketak egiten; ordu erdi patinatze teknika lantzeko; bazkaldu; berriz ere berotu; beste ordubete binakako lanean; ordubeteko ballet saioa, eta, bukatzeko, astean lau egunez, ordubete gimnasiora». Horri, astean umeekin egin beharreko sei irakasle orduak gehitu behar dizkio, beka eta diru laguntzekin ez baitu aski dena ordaintzeko. Kirolgirena jasotzen du, eta BAT Basque Team-ena eskatu du. Erantzun zain dago, baina baikorra da. «Laguntzen didate, nire lanari erreparatzen diote, baina aurreko urteko emaitzen araberako da. Ahal dutenean lagunduko didate». 

Baina denak merezi du, Minsken egingo dituen programak oso gustuko baititu. Lan motza alaia eta bizia da, Buona Sera Signorina Italia hegoaldeko abesti tradizionalaren erritmoan; luzea, berriz, solemneagoa, 2046 Hong Kongo filmaren soinu bandarekin. «Urte osoan egunero lauzpabost aldiz entzungo duzun musika da; derrigorrean izan behar duzu gustuko». Maestuk, dena den, zehaztu egin nahi izan du. «Ariketa ondo irteten denean, doinu ederra da; aldiz, gaizki irteten bada, jasanezina».
 MAURI RATILAINEN / EFE 

Dokumentuaren akzioak