Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Pilota, dantzan

Dokumentuaren akzioak

Pilota, dantzan

'pilotar(h)itza' ikusgarriaren bitartez, pilota arte eszeniko gisa aurkeztuko du aurtengo xiru jaialdiak hilaren 19an; pilotariek, dantzariek eta bertsolariek esku hartuko dute lan horretan

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2005/03/10

«Zuberoa hiltzen ari dela eta, gai serios bat atzeman behar genuelakoan jokoari interesatzea erabaki dugu», gehitu zuen ironikoki Etxekoparrek. Pilota, bertsolaritza, hitz jokoak direlakoak, komedia edo irria ekartzen duen jokoa eta beste zenbait alor jorratzekoak dituzte. Pilotari dagokionez, kirola baino gehiago estetika huts balitz bezala jorratuko dute berori. «Ideia 10. Xiru jaialdian etorri zitzaigun; lagun batek dantzari hoberenak pilota plazan zirela erran eta, han gelditu ginen pilotariei so. Eta egia da, izugarriko dantzariak ziren!».



Pilota, bertsoa eta musika



Pilotarien trebetasuna neurtzeko, 19an ukanen dute aukera ikusleek, Pilotar(h)itza ikusgarriaren bitartez. Pilota, dantza, musika eta hitzak nahasten ditu ikusgarriak, espresuki Xiruren karietara sortua. Ondotik beste herri batzuetan ematekoa dute, baina ez dakite oraino non zehazki.



Puntista profesional ohia den Mauleko Michel Iturriaren lagun Mizel Theret dantzari koreografoak pilotaren keinuaren estetika ekarriko du argitara. Pilotaren hizkuntza, aldiz, Xabier Amuriza eta Xabier Euzkitzek. Euskal kultura eta euskararekin kirol honek duen lotura arraindartzea nahi dute nolazpait antolatzaileek, egunerokoan «gero eta ahulagoa» baita. Musikarien artean, Jean-Christian Irigoien soinu jotzailea, Pierre Thibaud perkusio jotzaile eta Mixel Etxekopar txirularia ariko dira. Pierre Vissler musikariak pilotalekuetan grabatu soinuekin nahasiko du guztia. Apainketa Uztaro artista kolektiboak hartuko du bere gain. Baina Xiru ez da begiak asetzeko jaialdia soilik: burmuinak ere landu nahi dituzte, eta eztabaidari lekua atxikiko diote larunbat goizean. Hitzaldi batekin hasiko dute larunbata. Xabier Amurizak bertsoaren artea aurkeztu eta, Angelique Fulinek Matalaz izeneko ikusgarrian oinarritu liburu-diskoaren berri emanen du. 2001eko abenturaren bizi esperientzien lekukotasunak irakurtzeko paradaz gain, betiko eztabaidari ekar-penak egiteko xedea du. Hau da, kantuak euskaldun zerk egiten dituen azaltzen saiatuko dira. Jaialdia bera ostiralean hasiko da, Larraineko trinketean ematekoa duten Punpa sare kantore ikuskizunarekin. Helburua «herritarrengana joatea» dela esplikatu zuen Etxekoparrek, eta, horretarako, pilota partida berezi bat ematekoa dute gain hartan. Igandean, berriz, arte plastikoak izanen dira protagonistak. Blanqueforteko Jose Le Piez artistaren erakusketaz gain, bere zizelan bat behin betiko sustraituko dute Iribarneko Ütürzabala gunean.



Hebentik: kolektibo berria kulturaz gogoetatzeko



Hiru egun hauez gain, gainerateko egunetan ere Abotiak, jaialdia antolatzen duen elkarteak, zubiak eraikitzen ahalegintzen segitzen du: «Artea eta kultura sortzen, transmititzeko eta biziarazteko».



Berrikitan Hebentik kolektiboa jarri dute abian, Zuberoako beste sei elkarte kulturalekin. Probintziako kulturaren antolaketaren gogoetetan parte hartzea du eginbeharretariko bat kolektiboak. Iduriz, bide onetik hasia da, gainera. Lekuko hautetsiekin zinezko negoziazioak hasi baitituzte, aspaldian ez bezala. «Eztabaida sakonak izan ditugu, biziki baikorrak. Zerbait hasten dela senti daiteke. Orotara hamar bat profesional biltzen dira kolektiboan. Eta hamar langile Zuberoarentzat ez da guti».

Dokumentuaren akzioak