Dokumentuaren akzioak
Pieza zaharrak gazteen eskutik
'Faborez' bildumako lehen diskoa kaleratu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak, aspaldiko kantuekin
LEHEN DISKOA. Diskoan parte hartu duten bikoteak trikiti txapelketetan ibilitakoak dira, baina sekula diskorik grabatu gabekoak. Erromeriaz erromeria ibiltzen diren bikote horiek aurkezpenerako disko bat edukitzea beharrezkoa ikusten zuen elkarteak: «Gaur egun diskoetxeak dauden egoeran ikusita, zaila zen beraiengana diskoetxeren bat hurbiltzea, edo alderantziz», ohartarazi du Aizpuruk. Iritzi berekoa da Jon Ostolaza trikitilaria: «Guretzat esperientzia berria izan da, ez baitugu aukera handirik izaten diskoetan parte hartzeko. Lehen diskoetxeak irekiagoak zeuden gazteei diskoak ateratzeko, baina orain jarreraz aldatu dira. Beraz, aukera polita iruditu zitzaigun elkartearena». Oskar Estangak bikote bakoitzak bere mundua esploratzeko aukera izan duela azpimarratu du, «bakoitzak bere zaletasunetara jo du».
Bikote bakoitzak bost herri kanta grabatu ditu, guztiak trikitia eta panderoa soilik erabiliz, baina estilo aniztasuna lortu dute. Pasodobleak, boleroak, porrusaldak, kalejirak eta fandagoak bildu dituzte. Gainera, Estanga anai-arrebek fox eta kunbia estiloak nahasten ausartu dira Nere kantua zera kantuan: «Behin irratian entzun nuen abesti bat da. Kunbia estiloan jota dago, baina trikiti eta panderoarekin kuadratu egin dugu. Beraz, Fox aldera gehiago eraman dugu, ezin baitiogu ukitu latinoa eman. Gainera, lehen ere ez zen horrela jotzen», azaldu du Oskar Estangak. Ostolazak zerbait berezia egiten saiatu direla aitortu du. «Ni Debakoa naiz, eta Rakel, Markinakoa. Beraz, gure inguruko soinujotzaileengan oinarritzea pentsatu genuen. Elgeta edota Pedro Solupe Gelatxo trikitilarien oinarria hartu dugu piezak aukeratzerakoan. Koplak aukeratzeko, Bizkaira jo dugu, Rakelengatik.
Diskoko liburuxkan abesti bakoitza, zein estilotakoa den jartzeaz gain, zein trikitirekin jotakoa den ere agertzen da: «Diskoa trikiti eskoletara zabaltzeko asmoa dugu, eta informazio horrek lana errazten du, zein tonutan dagoen esaten baitu. Kontuan eduki behar da trikiti mota bakoitzak hots desberdina ateratzen duela. Beraz, Larrinaga bat izan ala Zero Sette bat izan aldea dago», azaldu du Aizpuruk.
Ostolazaren ustez, orain erromeriak desberdin bizi ditugu. «Sekula baino gehiago behar da animoa. Baina guk kopla zaharrak bildu ditugu. Beraz, itxuraz, orduan ere jendea animatzeko beharra zegoen. Lehengo erromerietan trikitilaria jotzen hasi eta inork dantzarik egiten ez bazuen, hasarretuta, soinua itxi egiten zuen».
Dokumentuaren akzioak