Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Denok arriskuan gaude, baina ezinezkoak diruditen baldintzatan bizi gaitezke»

Dokumentuaren akzioak

«Denok arriskuan gaude, baina ezinezkoak diruditen baldintzatan bizi gaitezke»

Pierre Rigal. Dantzaria

Egilea
Edu Lartzanguren
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2009/03/15

Dantzari bihurtu aurretik 400 metroko probako eliteko atleta izan zen Pierre Rigal (Moissac, Frantzia, 1973). Derniere Minute dantza konpainia zuzentzen du Okzitaniako Tolosan. Bilbon ari da asteburu honetan, Press pieza aurkezten. Gaur izango da lana ikusteko azken aukera, 20:00etan, Fundicion aretoan.

Rockaren inguruko ikuskizun bat prestatzen ari zara...

MicroOpera izango du izena, eta rock kontzertuen eta horrekin loturiko mugimenduaren inguruko hausnarketa izango da. Bost edo zortzi dantzarik parte hartuko dute, oraindik ez dut erabaki.

Nola bihurtzen da eliteko atleta bat dantzari?

Dantza ikastaro bat egin nuen, eta asko gustatu zitzaidan. Ordurako 24 urte nituen, eta kirolaria nintzen, ez nuen dantzaren inguruko ezagutzarik. Denbora-pasa gisa hasi nintzen dantzatzen.

Noraino eragin dio zure dantza estiloari kirolari iraganak?

Kirola izan zen nire prestakuntza gorputza mugitu eta koordinatzeko orduan. Dantzak eta kirolak hori partekatzen dute. Nire koreografian eragin handia du iragan horrek.

Horrez gain, ekonomia eta matematika ikasi zenituen. Zerikusirik al dute horiek zure dantzan?

A priori ez dute zerikusirik, baina gaur erabilgarriak zaizkidan gauzak ikasi nituen ekonomian: zorroztasuna eta prezisioa, geometria... Nire lanak eraikitzeko orduan erabiltzen ditudan tresnak zor dizkiot matematikari.

Hori guztia ikus daiteke Bilbon aurkezten ari zaren Press ikuskizunean?

Bakarkako ikuskizuna da. Gero eta txikiago den espazio batean koreografia bat sortzeko erronka da. Gela batean itxita dagoen pertsonaia bat dago, eta etengabe moldatu egin beharko du lekura, tokia aldatu egiten delako. Bizitzaren alegoria da. Denok arriskuan gaude, eta arrisku hori larri edo arin eta zoriontsu bizi dezakegu. Gizakia bizi daiteke ezinezkoak eman ditzaketen baldintzatan.

Jantziak ere badu garrantzia...

Oso garrantzitsua da pertsonaia definitzerakoan, gizaki modernoa irudikatzeko. Bigarren eskuko arropa denda batean erosi nuen ikuskizunean erabiltzen dudan jantzia, eta poltsikoan 10 euroko billetea aurkitu nuen. Jantzia aurkitu nuenean pertsonaia aurkitu nuen. Espero dut Bilboko ikusleak proposatzen dudan unibertsoan sartzea eta larritasuna ez ezik ikuskizunean dagoen umorea ere partekatzea.

Dokumentuaren akzioak