Dokumentuaren akzioak
Pierre Haira: 'Inauteak gure kultura bizi dela frogatzen du'
Pierre Haira gaita-jotzaile ezaguna da, eta urteak dihardu Hartzaro festibala antolatzen. Uztaritzeko inauteriei lotua, otsailaren 25ean hasiko da festibala.
Zure jatorriak zein dira?
1951. urtean sortua naiz, Uztaritzen. Aitaren aldetik, familia uztariztarra dugu. Txokolategia zuen gure aita zenak, gure aitatxiren eta birraitatxiren eskutik ukana. Ama atharraztarra dugu, Hastoy familiakoa, eta horretako erraten dut zuberotarra ere naizela pixka bat... Bestela, ene ofizioa bankuan lan egitea izan da, kasik bizi guzian, Société Générale etxean.
Kulturaren mundutik urrun, beraz...
Urrun
eta hurbil, aldi berean, musikaren munduan murgildurik handitu bainaiz.
Gure aitatxi, amaren aldetik, piano-jolea zen, eta gure aita elizan
xantre zen. Mixel Labeguerie bere lehengusua zen, funtsean. Dozena bat
urte ukan nituelarik, dantza taldeño bat muntatu zen Uztaritzen, eta
musikariak behar ziren. Gure aitatxirekin pianoan pixka bat trebatua
nintzanez, oroitzen naiz irakasle gogorra zela, txistua jotzen ikasi
nuen Paco Pagoagarekin hemen berean, Uztaritzen. Urte batez
kontserbatorioan egon ondoan, gaitaren inguruko musikariak bilatzen hasi
ginen, anaia eta biak. 1970eko hamarkadan,
Agirretxe anaiak ezagutu genituen, Irunen, eta haien gaitekin jotzen hasi.
Horrek zer erran nahi du, Ipar Euskal Herrian gaitarik ez zela ?
Ez
zen deus horrelakorik, ez! Gaita-jotzailerik ere ez, funtsean.
Tradizioz, Hego Nafarroan, Araban eta Errioxan ziren. Elizaga,
Agirretxe, Montero, Perez familiakoak ziren... Erran dena, tradizio
baten fruituak, bai eta familiako transmisioaren azken belaunaldiak.
Horiek denak gaita jotzen ikusirik oroitzen naiz ni, garaian biziki
ezagunak baitziren. Egun batez, Lizarra eta Garaziren arteko
herri-kidetzaren karietara, ene lagun taldearekin Lakuntza anaiak
ezagutu genituen, Javier eta Fernando. Bigarren hau Parisen errefuxiatua
zen, eta horrekin ad iskidetu ginen. Elkarrekin gaita jotzen hasi, eta
Uztaritzen garatzea lortu dut, Betti Bidartek Baigorrin egin duen
bezala.
Zu, gaiteroa, karrikari lotua, eta inauterien antolatzaile...
Bai,
ez da deus harrigarririk horretan! Gainera, edozein abertzale
militanteren ibilbidea dut, dantza talde baten sortzean parte harturik,
ikastolan eta gau eskolan ere bai, ene anaiarekin... Eta festibalak.
Gure lehena Euskal Kultur Erakundearen eta Errobiko Kaskarotak
elkartearen partaidetzarekin eraiki genuen, Herri Uzta izenarekin. 1992.
urte inguruan izan zen, uda bete-betean, eta eramateko biziki zaila.
Guti gorabehera lau urtez iraun zuen, eta egoerak bultzatu gaitu
festibal hori inauteri garaira antolatzera. Eta hori arras gustatu
zitzaigun, zailtasunetan zen inauteria indartzeko aukera baikenuen,
musika, dantza eta inautea karrikan elkartuz, eta lekuko jendeari
hurbilduz ere bai, biziki inportantea dena. Horra Hartzaro festibala
nola sortu den, izena Daniel Landartek harrapaturik. Hamabosgarren
edizioa izanen dugu aurten.
Festibala hasi orduko, nortasuna ez galtzeko nahikeria sendi zaizue...
Horri
sekulako garrantzia ematen diogu. Inauteria mendez mende iraun duen
ohitura da hemen, Uztaritzen. Gerlarengatik salbu, ez da sekula bospasei
urtez baino gehiago moztua izan. Inauteriak ezagutu ditudalarik,
konskripziokoek, armada egin behar zuten mutikoek, berriz hartuak
zituzten. Mutiko gazte haiek, ezkongabeak, dirua irabazteko kaskarotak
egiten zituzten, dantzari, musikari eta eskelari izanez. Uztaritzen,
etxez etxe ibiltzen
ziren, baina Baionara, Miarritzera, edo Donibane
Lohizunera ere joaten ziren. Lehenago, Donostiara edo Akizeraino ere
urruntzen omen ziren. Ogibidea zen, zinez, nahiz eta besta ere egiten
zuten irabazitako diruarekin. Eta guk gisa horretan kaskarotak berriz
hartu ditugu 1968an, Izartxo dantza taldea sortu ondoan. Elkarteko
ohitura bilakatu da gurekin.
Elkarteko ohitura, baina mutikoen artekoa ere bai... Ez daiteke denen gustukoa, hori...
Egia,
eta bi zentzuetan, gainera! Guk mutikoen arteko ohitura atxiki dugu
polemika frankorekin. Urte batez, ordea, neska bat kaskarotetan ibili
zela oroitzen naiz, eskelari gisa. Etxe batean, sekulakoak entzun
genituen horrengatik, eta gogoeta bat bultzatu genuen, gure artean.
Mutikoen artean segitzea deliberatu genuen guk. Baina Ezpeletan,
konparazione, badakit neskak baizik ez direla ibiltzen kaskarotetan.
Beste puntara, edo muturrera joan dira han. Gure iduriko, eta ene
ikusmoldea ere da, mutikoen ohitura da, transmisioaren erantzukizuna ere
mutikoen artekoa da. Kaskaroten dantzak ere mutikoenak dira.
Horregatik, sorkuntza bat bultzatu nahiko nuke, neskak ere atera
daitezen inaute garaian, etxez etxe ibiltzeko. Sorkuntza horren
transmisioa nesken gain litzateke, mutikoen hein berean. 2012ko
proiektua dugu hori.
Eta inauteriak berak, zer heinetan harrapatu dituzue?
Oroitzen
naizenez, Zanpantzarra bazen, hauste asteazkenez. Kamioneta bat zen,
karriketan pasatzen zena, musikariekin, Anje Duhalde bazen, besteak
beste. Denbora joan ahala, ordea, ohitura hori galdu da. 1979an,
berpiztera entseatu ginen, baina debaldetan izan zen. 1985ean, urte
osoan prestatu ondoan, inauteriak berreskuratzea lortu dugu. Artistak
bagenituen, profesionalak, gainera: Pascal Gaigne edo Mizel Theret
bezalako sortzaileak. Mozorroak sortu ditugu euskal mitologiako
pertsonaietatik abiaturik, Zirtzilak bezalako pertsonaia tradizionalak
berriz sartu, edo abere sinbolikoak ere bai, funtsean,
Hartza bezala,
inauteko ikurra dena hemen, edota Europa ekialdeko herrietan ere bai,
Bulgarian bezala. Gero, ahal bezainbat herritar sarrarazi ditugu
proiektuan, eta sekulako arrakasta izan genuen, nahi eta kritika
erauntsien artean izan...
Nolaz kritika horiek ?
Eremu
garaikidean egonak ginen, mutxikorik edo horrelako gauza tradizionalik
gabe. Jantziak ere ez ziren anitzen gustukoak... Guk, ordea, halako
pindarra sentitua genuen, Uztaritze osoa argitu zuena. Sorkuntza arlo
horretan segitu dugu, beraz, tradizioari gehiago lotuz, eta Hartzaro
festibala sortu zen 1996an. Geroztik irauten du eta, aro ederrarekin,
anitz jende biltzen da. 2009an, adibidez, 5.000 bat pertsona zen
astearte gizeneko desfilean. Hego Euskal Herritik ere etorriak baziren.
Otsaileko azken asteburuan hasten da, ostiral arratsez, Beñat Zintzo-Garmendiaren hitzaldi batekin, inauteriez. Biharamun goizean, xerri-hiltzea badugu eta, arratsaldean, Arruntzako auzoan, eskolako inauteriak, mutxikoak. Arratsean, bertako elizan kantaldi ikuskizuna: Etxegoien ahizpak lehenik, eta Sakratua sorkuntza. Igandean, kaskarotak Herauritz auzoan ditugu, lekuko eskolako inauteriak ere bai, eta mutxikoak. Ondoko asteazkenean, ipuinak badira haurrentzat eta helduentzat, Hau dela, hori dela, Latsan, eta arratsean, berriz, metal kontzertuak Ttirritta ostatuan. Bigarren asteburuari lotzeko, kontzertuak izanen dira herriko ostatu gehienetan, ostiral arratsez. Larunbatean, Philippe Alborren kontzertu bat izanen da haurrentzat, eta eskolen ikusgarriak Kiroletan. Arratsean, Ezpelak Jauregitik
bere sorkuntzaren zati bat eskainiko du, eta Aukeran taldea ere hor izanen da. Igandean, kaskarotak herri barnean ibiliko dira, handiak zein ttipiak, animazioekin, eta Haur Kantu Txapelketa izanen da arratsaldean. Eta egun handia ondoko astearte gizenean dugu, desfile handia 18:00etatik goiti karriketan.
Sorkuntzaren eta tradizioaren arteko loturak harrapatzen dira hor, eta transmisioaren nahikeria ere bai...
Guretzat baitezpadakoak dira. Gure nortasuna, euskalduna eta uztariztarra, ez galtzea beti izan da gure haria. Lehen urratsa gure ohiturak ezagutzea izan da, baina ikusmolde bereziarekin: tradizioa, egun batez, sortua izan dela kontuan hartuz. Hausnarketa hori etengabe eginez gara beti aitzinatu ahal izan. Gure nortasunaren zati bat bilakatu da. Hori segurtaturik, transmisioari lotu gara. Hartzaro helduen festibala da, kasik haurrik ez da, baina desfile baten 250 aktore dira. Prestakuntza garaian, berrogei bat lagun berri murgildurik egoten da jadanik hor den jendearekin, etengabeko eraberritzea da hori.
Horrez gain, eskoletan ere ibiltzen gara festibala hasi baino lehen, haurrak eta gazteak inauteria dastarazteko. Transmisioa da festibalaren bihotza. Eta inauteak herrian sartu behar du. Gure kulturaren bizia laguntzeko bide bat da, bizi dela frogatzen du.
Hemen dituzu elkarrizketaren laburpena. Xehetasun gehiago (soinua, argazkia, loturak...): eitb.eke.org
Dokumentuaren akzioak