Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Pierra Bordazarre eta Pierra Lhanderen herrietatik jalgiko dira maskaradak

Dokumentuaren akzioak

Pierra Bordazarre eta Pierra Lhanderen herrietatik jalgiko dira maskaradak

Iruri eta Zalgize-Doneztebeko gazteriak paratu ditu, eta hamalau agerraldi eginen dituzte, otsailean hasi eta maiatzean buka

Duela hamar urte ere gisa berean elkartu ziren bi herrietako gazteak maskaradetarako
Egilea
Allande Sokarros
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2013/12/29
Lotura
Berria

Iruri (Basabürüa) eta Zalgize-Doneztebe (Arbaila) herri auzoetako gazteria elkartu da 2014. urteko maskaradak paratzeko eta bi herri horietan lehen eta azken agerraldiak eskaintzeaz gain, Zuberoako hamabi herritara egingo dituzte jelkaldiak. Duela hamar urte, zehatz-mehatz, gauza bera egin zuten, bi herri horietako gazteak elkartu baitziren 2004an, Zuberoako inauterien lekukoa hartzeko.

Pierra Bordazarre Etxahun-Iruri kantu eta pastoral egilearen eta Zalgizeko seme Pierra Lhande hizkuntzalari eta euskaltzainaren herrietan gaur egun euskara gazte gutxik mintzatzen badute ere, Zuberoako dantza-jauzien eta maskaraden aldeko zaletasunak bizirik dirau. Euskararik gabeko euskal kultura bat egon litekeelako txakur ametsa nonbait...

Bi herri horien biztanleria batuta 300 bizilagun baino ez dela jakinda, nabari da maskaraden prestatzeak eta eskaintzeak indar eta ahalegin askoren biltzea behartzen dutela. Maskaradakari taldearen bultzatzaile lanetan, Iruriko Jean Etxegoienek jardun du. Horrek bere dohainak maskarada hauen prestaketaren zerbitzuko jarri ditu, bai kantuen moldatzean eta ikasaraztean, baita maskaradetako dantza eta bestelako jokoen zuzentzean ere. Orain dela hamar urteko maskaradetan ere jardun nagusia izan zuen.

Haren inguruan maskaradako kargu nagusien eramaile izango direnak gazteak dira, jakina, maskaradak gazteriaren eskuko zerbait izan ohi baitira. Hala, Kauteren buru Kabana handia Arnaud B asahon izango da; Pitxu kauter broma egilearen jokoan ariko dena Beñat Larrori da eta Buhame jauna egiten Bettan Hoki ariko da. Gizartetik baztertuak izandakoen isla den Beltzeriaren parean, jendarte txukunaren ordezkarietan, berriz, Joel Kodega izango da Jauna, Audrey Keheille Anderea, Fabrice Etxegoien Laboraria eta Fabienne Keheille Laborarisa. Munduaren bi planta hauen tartean, erdiko pertsonaietan, aldiz, hortxe izango dira Elodie Arrosagarai eta Maialen Larrori Xorrotxak nola ere Maider Hoki eta Argitxu Urtiaga Kerestuak. Gogoraraz dezagun, Jaunaren ezpata zorrozteaz gain, Xorrotxek koblak kantatzen dituztela dantza eta joko egite zatien artean eta Kerestuek, berriz, Zamaria zikiratzen dutela, dantza aski berezi bat emateaz gain. Xorrotxei dagokienez, nabarmentzekoa da, iaz Gamere-Zihigako maskaradetan gertatu zen bezala, bi neska ariko direla, Iruri eta Zalgize-Doneztebekoetan ere, joko horretan.

Dantzak eta jauziak

Aspaldiko sineskeren oihartzunak diren joko barregarri eta zalapartatsuez gain, maskaradak dira ere Zuberoako dantza berezien agerraldi bat. Hala, aurten ere maskaraden jarraitzaileek gozatuko dituzten dantza eta jauziak izango dira: barrikada-arribadak, godalet-dantza, brale-kontrapasa, ostalersa, larrabürü, muñeiñak eta aitzina pika. Dantza hauen emateko, bost aitzindariak izango dira, aldiz: Petti Etxegoien zamaltzaina, Maider Larrori gatüzaina, Allande Etxart txerreroa, Cyril Arhie eta Ibai Capot-Thornary entseinariak (txandaka) eta IIora Capot-Thornary kantiniersa.

Orotara, hamalau agerraldi eginen dituzte, otsailetik maiatzera arte, Zalgizen lehena, otsailaren 2an, azkena Irurin, maiatzaren 10ean edo 11n. Jakitekoa da maskaradak 10:00ak inguruan hasi ohi direla barrikada hausteekin eta agerraldia 15:00etatik harat egiten dela.

Kabana handiaren mintzaldia, iaz, Gamere-Zihigako maskaradetan. / ALLANDE SOKARROS

Dokumentuaren akzioak