Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Philippe Oyhamburu kulturgilea zendu da

Dokumentuaren akzioak

Philippe Oyhamburu kulturgilea zendu da

Philippe Oyhamburu kulturgilea, ‘Pupu’, abenduaren 19an zendu da Biarritzen. Dantza munduan bereziki, baina kulturaren alor anitzetan ekarpen handia utzi du etorkizunerako. 102 urte zituen kulturgilearen hileta abenduaren 27an iraganen da.
Egilea
Saioa Rodriguez Andueza
Komunikabidea
Kazeta
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2023/12/21
Lotura
Kazeta

 Philippe Oyhamburuk ekainean 102 urte egin zituelarik, bere biziari buruzko dokumentala aurkeztu zuen bere bilobak.

Philippe Oyhamburuk ekainean 102 urte egin zituelarik, bere biziari buruzko dokumentala aurkeztu zuen bere bilobak. (Lucia Barahona)

Musikari, dantzari, koreografo, koru zuzendari, irrati gizon eta idazle, ‘Pupu’-k anitz zuen partekatzeko. Euskal kulturaren enbaxadorea izan zen munduan zehar, eta kausa abertzalearen jarraitzaile sutsua. 1921ean Argeles-Gazosten sortu zen aurpegi anitzeko kulturgilea Biarritzeko bere etxean zendu da, abenduaren 19an. Hileta ospakizunak abenduaren 27an, 16:00etan, iraganen dira Biarritzeko erraustegian.

Munduan gaindi euskal kulturaren enbaxadore akiezina izan da. Hiru hilabete zituelarik, familia Montevideora joan zen (Uruguai) eta bertan iragan zituen bere haurtzaroaren lehen zortzi urteak. Ondotik, 1930ean Parisera joan ziren eta han bizi izan zen ‘Pupu’ 1939 arte, oporrak Hendaian iraganez, aitaren familiarekin. Ordurako fandangoa dantzatzen ikasia zen, Parisen. Bigarren Mundu Gerla hasi zelarik Biarritzen instalatu ziren. Abertzaletasunera gerturatu zen.

1939tik 1976ra arte, dantza taldeekin birak egiten aritu zen, Oldarra (1945-1953) eta batez ere Etorki balletekin (1953-1984). Hego Euskal Herritik 1936ko Gerlaren ondorioz erbesteraturiko hainbat pertsonarekin harremana ukan zuen. Hala nola, ezagutu zuen lehen dantza taldea, Don Segundo de Olaeta bizkaitar dantza-maisuarena izan zen, 1942an, Biarritzen. 1945ean, Olaeta taldea Oldarra bilakatu zen, Oyhamburu haren zuzendari artistikoa bilakaturik. Oldarra balleta 1953an utzi zuen, Etorki balleta sortzeko.

Philippe Oyhamburu euskal balletaren sortzaileetako bat da, dantza herrikoiaz eta ikusgarrietako dantzaz harago joanez. Euskal dantza profesionalizatu behar dela konbentzitua zen eta Euskal Herriak ballet nazional bat behar duela ere aldarrikatzen zuen.

Duela hilabete guti, Lucia Barahona bilobak zuzenduriko Bizi naizeno, bizitza dantzatuko dut dokumenta aurkeztu zuten eta horri esker Philippe Oyhamburu ezagutzeko aukera izan du publikoak. Dokumentalaren aurkezpenean hilobak azaldu zuenez, 2006an bururatu zitzaion dokumentalaren ideia, bere aitatxik zuzenduriko Etorburu abesbatzaren azkenetariko kontzertu batean. Izan ere, kulturaren bitartez «aitatxirengana gehiago hurbiltzeko» modua ikusi zuen.

Barahonak, Yohanna Dufourgerekin ekoitzi lanean bere aitatxiren bizia filmatu zuen, 60 minutuko erretratu musikal bat osatuz. 102 urteko bizi oparoaren ondoan azken hatsa eman du kulturgileak abenduaren 19an.

Dokumentuaren akzioak