Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Philipe Oyhamburu koreografo, dantzari eta idazlea hil da, 102 urterekin

Dokumentuaren akzioak

Philipe Oyhamburu koreografo, dantzari eta idazlea hil da, 102 urterekin

Philipe Oyhamburu koreografo, idazle eta musikaria hil da Biarritzen, 102 urte zituela. Olaeta eta Oldarra taldeetako kide izan zen, eta Etorki balleta eta abesbatza ere sortu zituen. Abenduaren 27an emango diote azken agurra.
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2023/12/21
Lotura
Naiz

Philippe Oyhamburu 102 urterekin zendu da.

Philippe Oyhamburu 102 urterekin zendu da. (Lucia Barahona)

Philipe Oyhamburu (Argelès Gazost, 1921/06/26) kulturgilea asteartean hil zen Biarritzen, 102 urte zituela. ‘Pupu’ ezizenez ezaguna, idazle, koreografo, musikari, dantzari eta abesbatzako zuzendari... artearen esparru guztietan jardun zuen eta bere bizi osoan euskal kultura munduan zehar ezagutarazteko lan handia egin zuen; horregatik, euskal kulturaren enbaxadoretzat hartua izan da beti. 

Azken agurra abenduaren 27an emango diote Biarritzeko erraustegian, 16.00etan.

Oyhamburu euskaldun berria zen; Argelès-Gazost-en jaioa, hiru hilabete zituela bere familia Montevideora joan zen, Uruguaira, eta lehen zortzi urteak han igaro zituen. 1930ean familia Parisera joan zen eta han bizi izan zen 1939 arte. Oporrak Biarritzen igarotzen zituzten, aitaren familian, eta horregatik gaztea zenetik euskal kulturan murgildu zen. 1939tik 1976 arte, Euskal Herriaren, Pariseren eta dantza taldeekin egin zituen biren artean bizi izan zen. 

Olaeta eta Oldarra (1945-1953) taldeetako partaide izan zen, soinujole, dantzari eta zuzendari gisa, eta Etorki (1953-1984) balleta eta abesbatza ere sortu zituen; azken hau Euskal Herrian bigarren talde profesionala izan zen, Eresoinkaren ondotik. Oyhamburu konbentzituta zegoen euskal dantza profesionalizatu egin behar zela eta Euskal Herriak ballet nazional bat izan behar zuela.

‘De Tbilissi à Getaria en passant par New-York (1995-2008)’ liburuan Etorburu abesbatzan igaro zituen urteen kontakizuna egin zuen. Aurretik idatzi zuen ‘De Biarritz à Tbilissi en passant par Bogota (1942-1994)’ liburuaren segida izan zen.

102 urte betetzean, bilobak dokumentala opari

Berriki, bere biloba Lucia Barahonak eta Yohanna Dufourgek Oyhambururen bizitza eta ibilbide artistikoa jaso zuten ‘Bizi naizeno, Je danserai la vie’, dokumentalean.

Ordubeteko ikus-entzunezkoaren estreinaldiaren bueltan 102 urte bete zituen Oyhamburuk, eta bilobak dokumentala opari ezin hobea zela pentsatu zuen.

«Nire aitonaren bizimodu zalapartatsuak liluratuta utzi ninduen», adierazi zuen aurkezpenean. Bere aitatxi «entziklopedia bizi» bat zela uste zuen, eta hori guztia pantailara eramatea erabaki zuen omenaldi gisa.

Dokumentuaren akzioak