Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Pettarreko gazteen maskarada abiatuko da igandean Ezpeizen

Dokumentuaren akzioak

Pettarreko gazteen maskarada abiatuko da igandean Ezpeizen

Aurtengo maskaradak Zuberoako Pettarreko sei herriren artean egingo dituzte. Igandean hasiko dira Ezpeizen, eta apirilaren 30ean Ürrüstoin bukatu arte hamabost emanaldi egingo dituzte. Gazteak dira protagonista, baina pertsonaia zaharrak berreskuratuta.
Egilea
Idoia Eraso
Komunikabidea
Gara
Tokia
Urruña
Mota
Albistea
Data
2017/01/20
Lotura
Gara

Bi ezaugarri nagusi ditu aurtengo maskaradak, gaztetasuna eta herrien biltzea; Pettar aldeko sei herrietako biztanleen parte-hartzea beharrezkoa izan baita maskarada antolatu ahal izateko. Ikuspegi artistikoari helduta, aspaldi agertzen ez ziren bi pertsonaia tradizional ekarri dituzte maskaradara: hartz hezlea eta ikusle artean dabiltzan lili saltzaileak.

Gazteak eta euskaldunak dira parte-hartzaileetako anitz. Gehienak 25 urterekin maskaradan parte hartzeko zahar sentitzen direla azaldu zuen Margo Fauri dantza irakasleak. Horrela, dantzarien artean zaharrenak 24 urte ditu eta 15 gazteenak.

Arizaleen artean euskaldunak dira gehiengo nagusia, kauteretan denak, eta buhameetan gehienak. Denak zuzentzen Allande Davant dabil, eta 1996an Mitikilen jaunaren kargua izan zuen errejentak garai hartan Zuberoan euskaldun gehiago bazirela azaldu zuen, «salbu Pettarrean, Mauletik behera bada belaunaldi bat ikastolatik etortzen dena eta orain euskaraz mintzo dena».

Jaunaren kargua duen Jerome Serbiellek argi erran zuen: «Maskaradan parte hartzen duten euskaldun guztiak ikastolatik pasatu dira». 30 urte dituen, eta euskalduna ez den Serbiellek bere belaunaldian haustura eman zela azaldu zuen.

Biztanleak biltzen

Pettar aldeko sei herritako biztanleak ari dira parte hartzen: Ezpeize-Ündüreine, Ürrüstoi-Larrabile, Ainharbe, Sarrikota, Onizepea eta Mitikile. «Aspaldian maskaradarik egin gabe ziren herriak bildu dira», azaldu zuen errejentak.

2008an lau herriren artean “Xiberoko Jauna” pastorala egiteko sortu zen elkartea dago maskaraden jatorrian. Geroztik bereziki dantzaren arloan izan du jarraipena inguruko biztanleak bilduz. Faurik azaldu zuen: «Ez da erraza izan jendea motibatzea, baina pixkaka lortu dugu». Baita ere Pettarreko Xiberoko Jauna elkarteko presidentea ere baden Serbiellek: «hastapenean jendea biltzea zaila izan zen, horregatik inguruko herrietara jende bila joan ginen».

Hartzari balentriak egiten erakusten dion kargua eta lili saltzaileak berreskuratu dituzte. «Nahikeria izan da hezlea agertzea, kargua ahantzia zen, baina inportantzia eman nahi izan diogu», adierazi zuen Davantek. Gaineratu zuen saltzaileekin sorpresa bat izango dela.

0120_kul_maskarada

Dokumentuaren akzioak