Dokumentuaren akzioak
Pertsonen barne munduaren isla, 'Babia' obran
Bilbo. Gaur, 20:05ean, Kaiako eskaileretan (Abandoibarra).
Ertza konpainiaren arabera, banakoaren barne mundua da Babia. Egoera inkontzientea, kanpoko arriskuengandik erabat babestuta dagoena. Egoera horrek pertsona bat nolakoa den erakusten du, bere desioak eta beldurrak agerian utziz. Erreakzioak ere ugariak dira: babian dagoen pertsonak ozenki hitz egiten du, keinuak egiten ditu, egoerak irudikatzen ditu, kantatu egiten du edo begirada galtzen du.Egoera horiek guztiak irudikatzen dituzte Babia ikuskizunean. Horretarako, pertsonaia eta eszena ugari agertuko dira. Hari narratibo bat jarraitu gabe, elkarren artean loturarik gabeko sekuentziak dira, nahiz eta amaieran guztien arteko lotura egon. Norbere munduan murgilduta egongo da, bere arazo, poz eta kezkekin.Dantza eta antzerkia uztartuz taularatuko dute obra Ertzako dantzari eta aktoreek. Izan ere, bi arloetan aritutako jendeak parte hartzen du ikuskizunean. Pilar Andres, Iñigo Iraultza Garcia, Maria Ibarretxe eta Jorge Lastra agertuko dira oholtza gainean. Asier Zabaleta oraingoan ez da jendaurrean agertuko; zuzendari eta koreografoak nahiago izan du atzean geratu.Pertsonaia bakoitzak mundu bat azaltzen duenez, elkarrenganako ageriko loturarik gabekoak, bakoitzak bere koreografia landuko du. Askotan oso estilo desberdinetakoak izango dira. Dena den, umorea present dago ia eszena guztietan. Abstrakzio egoera horretan, hitz solte batzuk ere esaten dituzte protagonistek, euskaraz zein gaztelaniaz. Norbere buruarekin hitz egitean edo kantatzean esaten dituzten hitzak dira. Esanahi zehatzik gabeko testuak.
Asier Zabaletaren proiektu berria
Euskal Herritik kanpo, hainbat konpainia eta ikuskizunetan lan egin ondoren, etxera itzuli da Asier Zabaleta. Azken aldian, Suitzan hainbat obratan ibilia da. Dena den, hemendik aurrera, Euskal Herrian finkatzea da bere asmoa. Proiektu horren barnean sartzen da Ertza taldea.
Lekuz leku jaialdiaren barnean izango da gaurko ikuskizuna. Fundicion aretoak antolatuta, dantza kalera atera eta herritarrengana hurbiltzea da ekimenaren helburua. Euskal Herriko nahiz atzerriko 15 konpainia ari dira beraien lanak erakusten Bilboko Abandoibarrean. Atzo hasi zen jaialdia, eta bihar amaituko da.
Dokumentuaren akzioak