Dokumentuaren akzioak
Pertsona bat, mila aurpegi
Barakaldo antzokiko (Bizkaia) oholtza gainean prest daude jada Denis Martinez eta Olaia Valle dantzariak. Ohe bat dago agertokiaren erdi-erdian, eta haren inguruan bueltaka dabiltza bi interpreteak, azken orduko zehaztasunak finkatzen. «Hasiko gara?», galdegin die Jokin Oregik, Esna obraren zuzendariak. «Segundo bat, mesedez», entzun da aretoaren atzealdetik. Irene Zarrabeitia da, Marie de Jongh konpainiako komunikazio arduraduna. Argi eta soinu frogak egiten ari dira, azken ukituak ematen. Dena ondo dagoela ziurtatu ostean, hasi da entsegua. Argiak itzali, eta musikaz bete da areto osoa. Ohearen atzealdetik agertu dira bi dantzariak, euren gorputzekin eta mugimendu koordinatuekin musikaren erritmoari erantzuten.
Horiek izango dira, hain zuzen, Esna obra berriaren kode nagusiak: musika, keinuak, mugimenduak eta isiltasuna. «Amets egitea oso interesgarria da lotan zaudenean, baina are ederragoa da esna gaudenean amets egitea», aurreratu du Oregik. Marie de Jongh eta Doos konpainiek lehenengoz ondu dute obra bat elkarlanean, eta dantza-antzezlan gisa definitu dute proiektua. 7 urtetik gorako edozein herritarrentzako ikuskizuna da, eta Barakaldo antzokian estreinatuko dute, bihar arratsaldean.
Zehazki, aniztasuna izango da emanaldiaren ardatz nagusia. «Gaur egun pil-pilean dauden gaietako bat da», esan du zuzendariak. Baina beste ertz batetik landu nahi izan dute hori: «Barrura begira jarri gara. Norberak bere baitan duen aniztasuna islatu nahi izan dugu; izan ere, sarritan dugu geure burua zirikatzeko joera».
Hitzik gabeko hizkuntzak erabilita sortzen ditu ikuskizunak Marie de Jonghek, eta ildo beretik jo dute oraingoan ere: gorputzaren bidez transmitituko dituzte sentimendu guztiak. Eva Guerrero Doos kolektiboko koreografoa eta interpretea arduratu da koreografia guztiak sortzeaz, eta Martinez eta Valle dantzariek interpretatuko dituzte horiek taula gainean. Guerrerok azaldu du denbora «asko» eman duela dantzaren heterodoxia aztertzen, baina pozik dago emaitzarekin: «Bi dantzariek trebetasun tekniko eta sormen handia erakutsi dute, kimika handia dago elkarren artean». Oregik ere bat egin du koreografoarekin: «Goi mailako dantzariak dira biak ala biak, adurretan egoten naiz beraiei begira».
Mugimenduez gainera, metaforek ere lekua izango dute ikuskizunean. Kolore zuriko buztina erabili dute, esate baterako, aniztasuna irudikatzeko. «Buztin zati bat hartu eta forma ematen diogunean izaki bat sortzen da; baina inoiz ez dugu lortuko bi zati berdin egitea. Aniztasun hori zugan dago, zeuk sortzen duzu, zeure baitatik atera dira aukera horiek guztiak». Oregik aitortu du «nahiko obra abstraktua» dela, baina irauten duen 45 minutuetan hausnarketarako bidea ere zabalduko duela uste du.
Antzezleei dagokienez, berriz, oholtzan bi pertsona ikusi arren, bakarra irudikatu nahi izan dute. «Ulertzera eman nahi dugu batak bestea amesten duela; bi gorputz ikusiko ditugu, baina bakarra izango balitz bezala. Mila aurpegi izango ditu», nabarmendu du zuzendariak. Finean, ikuskizuna «irudimen eta joko esperimentu moduko bat» izango dela kontatu du: «Ikuskizunak balioa eman nahi dio pertsonek duten gaitasunari rol desberdinak jokatzeko, munduan modu desberdinetan eragiteko, harremanetan arakatzeko, probatzeko eta bilatzeko, besteak beste».
Martxoan, Feten jaialdian
Marie de Jongh eta Doos konpainiak joan den urteko udaberrian bildu ziren lehenengoz, proiektuari forma ematen hasteko. Bi kolektiboen arteko lankidetza «oso erraz» egin dutela kontatu du Oregik: «Natural suertatu zaigu antzerkia eta dantza uztartzea, asko lagundu dugu elkar. Bata bestearen osagarri izan gara». Era berean, nabarmendu du konpainia bakarrenetakoak direla dantza garaikidea haurrentzako modukoa ere baden ikuskizun batean txertatzen dutenak.
Barakaldoko estreinaldiaren ondotik, beste hainbat dituzte lotuta dagoeneko; besteak beste, hilaren 19an, Galdakaoko (Bizkaia) Torrezabal kultur etxean izango dira; martxoaren 19an, Leioako (Bizkaia) kultur etxean; eta martxoaren 26an, Gernika-Lumoko (Bizkaia) Lizeo antzokian.
Horrez gainera, ekitaldi berezi bat ere iragarri dute: Feten Gijongo (Espainia) umeentzako Europako arte eszenikoen azokan izango dira martxoan. «Erakusleiho handi bat da jaialdia guretzat, oso pozik gaude», adierazi du zuzendariak. Ez da lehenengo aldia Marie de Jongh konpainiak jaialdian parte hartzen duela; aurretik ere hainbat sari eskuratu izan ditu jaialdi horretan. Besteak beste, Haur eta Gazteentzako Arte Eszenikoen Espainiako Saria irabazi zuen 2018an.
Dokumentuaren akzioak