Dokumentuaren akzioak
Pello Larrañaga
Sahatsa taldeko txistularia
Frankismoa amaitu berritan sortu zenuten taldea, 1976an. Behar bereziren batek bultzatuta?
Ni ez nintzen hasierako talde hartan aritu, baina berez Sahatsa Urrestillan batzen zen lagun koadrila baten ekimenez sortu zen. Izango zuten ezinegon kulturala, izango zuten zerbait egiteko gogoa, eta dantzarako batu ziren. Sortu Urrestillan sortu zen taldea, eta hantxe entseatzen zuten aurreneko urteetan. Azpeitiara pasatu ziren gero, eta gaur egun Azkoitin entseatzen dugu, baina berez Azpeiti eta Azkoitiko jendea ibili da beti taldean.
Lagun talde baten kontua izan zen beraz, diktadura amaitu berritan hemen bertakoa sustatzeko konpromisoa baino gehiago?
Bietatik. Esango nuke garai hartan sortu ziren kultur elkarte guztiek badutela urteetan bizi izan zuten errepresio hari erantzuteko gogoa.
Sahatsa, tradiziozko dantza eta doinuetan jarri diozue izena ikuskizunari. Izenak berak esaten du zerbait, baina zer da Mendaron ikusiko duguna?
Azkeneko urteotan badago sormenerako joera bat. Talde askok aukeratu dute bide hori eta gu ere ibili gara kreazioa lantzen azkeneko urteetan. Sortu ditugu dantza berriak Benito Lertxundiren musikarekin eta egin ditugu bestelako saio batzuk ere, baina iritsi da momentu bat berriro tradiziozko formatora itzultzeko beharra sentitu dugula. Esan beharra dago, gainera, herri batzuetatik espreski eskatu digutela tradiziozko emanaldiak egitea. Mendaroko saioak bi zati izango ditu. Lapurdi, Behenafarroa eta Zuberoako dantzak izango dira lehenengo zatian, eta bigarrengoan gehiago izango dira Gipuzkoa eta Bizkaiko dantzak. Lapurdi, Behenafarroa eta Zuberoako jautsi, makil-joko, kontradantza eta maskaradekin hasiko dugu ekitaldia. Bigarren zatian Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasaldeko dantzei eskainiko diegu. Lehen, dantza talde gehienek eskainiko luketen dantzak izango dira, baina beharbada, beste itxura bat mantenduta. dantza saio entretenigarria izango da; sentitzekoa, bizitzekoa.
Zenbat lagunek osatzen duzue taldea?
28 bat dantzari eta dozena bat musikari izango gara. Inoiz ez beste musikari gara eta talde handia osatzen dugu dantzari eta musikariak batuta, baina, aldi berean, kezka ere badaukagu, kosta egiten zaigulako dantzara jende berria erakartzea. Ez dakit kultur munduko jendea ondo ari garen, iruditzen zaidalako identifikatzen gaituzten gauzetarako interesa galtzen ari dela gazte jendea.
Ikerketa lana ere zuen gain hartzen duzue dantza taldeok, dela jantziak josteko edo dantza zaharrak berreskuratzeko.
Bai, saiatzen gara gu ere ahal dugun neurrian gauza horiek zaintzen. dantzan.com-ekoak, esaterako, lan handia egiten ari dira zentzu horretan eta dokumentazio ugari batu dute.
Perfil jakinik badute zuen ikusleek?
40-45 urtez gorakoak edota dantzaren bueltan dabiltzan gazteagoak izaten dira normalean.
Dokumentuaren akzioak