Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Peio Berterretxe: “Antzerki herrikoia nahi genuen, totala; ‘Antso’-k badu Shakespearetik”

Dokumentuaren akzioak

Peio Berterretxe: “Antzerki herrikoia nahi genuen, totala; ‘Antso’-k badu Shakespearetik”

Egilea
Iñaki Etxeleku
Komunikabidea
Ipar Euskal Herriko Hitza
Tokia
Makea
Mota
Albistea
Data
2022/07/22
Lotura
Ipar Euskal Herriko Hitza

Antso Azkarra edo Miramamolinen esmeralda, Antton Lukuk duela 25 urte idatzi antzerkia emanen dute Makean, lehen aldikoz, bihar. 1997an, Donostia Hiria literatur saria ukan zuen Lukuren testuak, baina sekula ez da muntatu. Peio Berterretxe antzerkilariak (Makea, 1990) zuzendu du makearrez eta Makeatik kanpoko jokalariz osatu taldea, taula zuzendaritza bat proposatuz. Jostakin, Makeako gazteen antzerki elkartearen hogeigarren urteurrenaren karietara sortu dute egitasmoa. Ostatua zabalik eta txaranga batek alaiturik abiatuko da estreinaldia, Makeako ezkerparetan, 19:00etarik goiti. Emanaldia 20:00etan izanen da, prezio librean.

Antzerkiarekin izan zenuen lehen harremanaz oroit zara?

Antzerkia lotzen dut Jostakini. Jostakin duela 21 urte sortu zen; gu ikastolan ginen, eta gure amek zuten sortu. Nahi zutelakoz herriko haurrek aktibitate artistiko bat egin zezaten euskaraz; arrunt naturala zen euskaraz egitea. Hor hasi nintzen, kusiekin, lagunekin, herriko bestendako, Pantzo Hirigarairen antzerkiak emanez. Lehen antzerki esperientzia zen. Oroit naiz, sustut, osteguneko gaualdi horiez, xapito pean, plazan. Bete-betea zen; herriko amatxi eta familiak hor ziren.

Haurrak zinetela?

Dentista egiten genuen, eta nik Berthaud jokatzen nuen —irri egingarria da; haurrekin antzerki bera egin dugu aurten—. Lehen agertze hartan, bazen alimaleko oihu bat egiteko; oroitzen naiz oihu hori botata jendeek erran zutela: “A zer boza!”. Bat-batean existitzen zara; taldean zara, baina bazara zu ere. Irriak, giroa… Niretzat, askatasun handiko gauza bat izan zen antzerkia herrian, pozari lotua.

Segitu zenuen; zer moldetan?

Urrunago joan nahi nuen, eta Chimeresekin hasi nintzen. Beste hozka bat pasatu genuen. Irailetik ekainera arte, ikusgarri batekin. Haatik, hor frantsesez zen. Euskal saretik kanpo zen, banuen anonimotasun zerbait —ez nintzen gehiago horren kusia, laguna edo semea—; antzerkia askatasun toki bat zen. Gorputzaren eta barneko munduaren adierazteko lekua zen. Gero, 18-19 urtetan, hautu bat egin behar duzu bizian.

Antzerkilari izateko?

Hastapenean, ez nuen batere antzerkilari izan nahi. Rock izarra izan nahi nuen. Antzerkilari anitzek hori nahi dute: Freddie Mercury bilakatu. Non eszena rau! hartzen duzun; Wembley. Erran zidaten bazela [antzerki] eskola bat Agenen, Pierre Debauchek sortua [Namur, Belgika, 1930-Agen, Okzitania, 2017]. Frantziako kultur mundu hori, kontserbatorioa-eta, ez nuen batere ezagutzen. Frantzian hori baita bidea antzerkia egin nahi baduzu: kontserbatoriora joaten zara; gero, baduzu eskualdeko kontserbatorioa, eta, gero, nazionala. Frantziako kultur politika hierarkia horretan antolatu da. Agenekoa eskola pribatu ttipi bat zen.

Famatua, halere?

Bazuen arrakasta ttipi bat. Pierre [Debauche] inportantea izan zen 1980ko hamarkadan; [Antoine] Vitezekin lan egin zuen: irakasle ziren Parisko kontserbatorioan. Hor, antzerkiak alimaleko garrantzia hartu zuen niretako. Hori baizik ez genuen: klaseak goizetan, errepikak arratsaldeetan eta emanaldiak arratsetan, jende aitzinean. Zinezko aprendizgoa zen, biziki praktikoa. Hiru urtez 242 emanaldi egin genituen.

Lilleko (Frantzia) antzerki eskolan hartu zintuzten gero?

Banuen lagun bat eskola nazional batean izan zena. Erran zidan: “Duzun profilarekin, pasaitzazu sartzeko azterketak”. Ez nuen pasatu nahi, burges istorio bat baitzitzaidan, handiusteak baitzitzaizkidan mundu horretan. Halere, galdegin nuen non izan zitekeen interesgarria, eta Lille aipatu zidaten. Bakarrik joan nintzen. Banituen bi testu: Shakespeareren Lear erregea, eta Hari bat zangoan, [George] Feydeaurena. Ez nekien zenbat izanen ginen konkurtsoan. 990 ginen, hamalau tokirentzat. Ikusiz lehen entzunaldia nola pasatu zen, segur nintzen ez nuela xantza izpirik sartzeko.

Baina hartu zintuzten. Zer formakuntza mota izan zen?

Formakuntza horren berezitasuna da testuari ematen dioten garrantzia. Frantzian, 1970eko hamarkadatik goiti, antzerki fisikoak hartu zuen garrantzia, eta testua pixka bat baztertu zen. Horko talde pedagogikoak uste zuen aktore onak ukaiteko, testu garaikideak emateko gai izateko, behar zutela testua ulertu: nola funtzionatzen duen, hizkuntzari eman formaren garrantzia. Testu klasiko batzuek iraun badute, erran nahi du badituztela gauza indartsuak ez direnak bakarrik edukitik etortzen. Gauza bat erratean, estilizatuz, literatura eginez, inpaktu handiagoa ukanen zuela zioten, sakonago sartuko zela publikoaren baitan. Poesia dramatikoa erraten zaio. Egia bat hunki bagenu bezala zen. Dena da forma: formak du konta.

 

Testu klasikoen eskolan. Peio Berterretxe, 2019an, Lilleko (Frantzia) Iparreko antzerki eskolan muntatu Paul Claudelen Les souliers de satin (Satinezko zapatak) antzezlanean, Don Rodrigoren rolean, Jean-Pierre Garnierrek zuzendurik. (Arg. Simon Gosselin)

Hortik, Comedie Française taldean sartu zinen?

Goi mailako eskola nazionalei proposatua zaie urte bateko kontratua egitea aktoreentzat Comedie Françaisen. Entzunaldiak pasatu genituen, eta urte batez troparen barnean lan egiteko xantza ukan nuen. Ez genituen rolik garrantzitsuenak, baina troparekin ginen. Ikaragarriko esperientzia izan da. Laurehun langile badira hirurogei antzerkilarirentzat. Itsasontzi bateko hierarkia da, eta errespetatu behar da. Denek badakite non den beren tokia. 11 hilabetez, lau egun bakantza ukan nituen. Egunero ari ginen; asteburuetan, lau aldiz. Anitz ikasi dut; espazioari buruz, adibidez. Europako taula zuzendaririk ospetsuenen sorkuntzetan aritzeko xantza ukan nuen. Begirada zorrozten du anitz.

Eta Euskal Herrirat itzultzea erabaki zenuen.

Konfinamendua jin da. Jada hartua nuen erabakia ofizioa uzteko. Akitua nintzen, aspertua; barneko su hori ez nuen gehiago sentitzen. Ohartu naiz antzerki munduan injustizia izugarri handiak badirela. Ondoan nituen lagun guziek ezin heldua zuten: etengabe ari, baina ez martxatzen, eta ondoan antzerki txar bat programaturik antzoki nagusietan. Paris ere ez zitzaidan erraza, Euskal Herria falta nuen, eta lotua zen libertimenduei ere.

Makea-Luhuso-Lekorneko libertimenduak?

Izan zen, lehen, Makeako kabalkada. Lilletik sartu nintzen, eta ikusi nuen zer indar zuen. Publikoan, 2.000 pertsona ginen lehen emanaldian, euripean, hiru oren eta erdiz. Non bada holako gauza bat? Antzerki formaren aldetik: hitzak badu forma bat, estilizatua da; espazioa kodifikatua da; badituzu kantuak, dantzak, hitza, musika; antzerki totala da. Indartsua. Heldu baita, inkontzienteki, barnean ditugun gauza batzuen nahastera. Damutu nintzen ez parte harturik. Eta libertimendua etorri da.

Zer zaizu interesgarri libertimenduko artedraman?

Beti ukan dut antzerki herrikoiaren gogo hori. [Jean] Vilarrek aipatu antzerki herrikoia. Bada denentzat, eta ez bakarrik klase sozial batendako. Libertimendu, kabalkada, pastoraletan bada gauza hori: zikiroa, ostatua, jan, edan, ondoren besta. Antzerki isabeldarrean [1558-1642, Ingalaterrako Errenazimentuko Antzerkia] ikusi behar da nola pasatzen ziren emanaldiak: bazen ostatua, jendeak mintzo ziren; separatuak ere baziren, klase desberdinak baziren ber lekuan, trobadoreak agerraldien artean. Besta zen; aisialdi zentro bat zen antzerkiaren inguruan. Libertimenduetan badira jendeak ez direnak baitezpada antzerki baten ikustera joanen. Harrapatuak sentitzen dituzu; xutik dira, baina egoten. Publikoa beste toki batean ezarria da, ez ilunean, isiltasunean, pasibo. Antso-n, hori eginen dugu pixka bat. Eta, parte hartzaileendako, libertimendua iniziazio erritu bat da. Gazteek erraten baitute: ‘Hor naiz, holakoa naiz; gizartean sartzen gara, eta ez gara isilduko’. Heziketa politiko-sozialean biziki inportantea da. Ederra da.

Antso Azkarra, Antton Lukuk duela 25 urte idatzi testu bat da. Zergatik testu hori muntatu?

Jostakinen hogeigarren urtemuga markatzeko testu bat nahi genuen. Antzerki herrikoi eta totala egin nahi genuen; [Ariane] Mnouchkinen modukoak, non badiren aktore anitz. Antzerki epiko bat. Euskarazko Shakespeare nahi genuen, errege gauzekin, baina gure garaia aipatzeko. Antso-k badu Shakespearetik: errege testuingurua, tragikomedia edo komedia pastorala. Anttonen [Luku] antzerki honetan bada politika, bada komedia, amodio istorio bat, hizkuntzaren poesia, jantzi ederrak, zirtzilkeria, borrokak. Testu horretan sentitu dugu edozein publikorentzat badela bazka. Badu arnasa epiko bat.

Ariko diren anitz libertimenduko zirtzil izanak dira. Nolako emaitza zaizu egin duzuen lana?

Biziki emaitza ederra. Egia! Zaila izan da batzuendako, pasatu baitira zirtziletik antzerki rol izugarri zail batzuetara. Desafio bat da. Emaitza ikusten dudalarik, erraten dut: zer lana egin duten, pertsonalki. Testuaren ikastea, lehen. Antzerkilari lan bat egin dute, zinez. Testua partizio bat da: behar direnean eman behar dira notak. Hori ez zuten sekula landua. Egin dute, eta izugarri ontsa. Gero, badira rolak, non zirtzilkeria gehiago baden; beste dimentsio bat hartu dute.

Ondoko egitasmorik baduzu?

Idazten entseatzea. Hori da ene desafioa —trebeago naiz frantsesezko adierazpen idatzian, ezen ez euskarazkoan—. Gainditzen gaituen antzerki mota hori.

‘Antso Azkarra eta Miramamolinen esmeralda’ antzerkiko afixa Makeako

Dokumentuaren akzioak