Dokumentuaren akzioak
PDFren zazpigarrena, "oso arrakastatsua"

Ikusle kopuruak gora egin duela aitortu du udalak. Orotara, 3.900 pertsona inguruk gozatu dute antolatutako ekitaldiez. Udalak jakinarazi du herriko parte hartzea izan duten ekintzak izan direla jendetsuenak, eta Eskolen erakustaldia, Barra klasikoa eta Anakrusa Herri Ekimenaren Kalma ikuskizunak nabarmendu ditu.
Mikel Garcia Peñil Antxoko alkateordeak balioan jarri du PDFren zazpigarrena: “Pasaiako Udaletik PDF antolatzeko erraztasunak ematen jarraituko dugu, jaialdi hau gure udalerrirako beharrezkoa eta onuragarria baita. Edizio honetan aurkeztutako lanen maila artistiko handiak, beste urte batez, aire zabaleko ingurune pribilegiatu batean publikoarekin konektatzen jakin du”.
Aitor Brion Kultura eta Ondare zinegotziak Antxok duen indarrean jarri du arreta: “Anakrusaren Kalma bezalako proposamenek ezin hobeto islatzen dute herriaren mugimenduaren indarra eta belaunaldien arteko lan kolektiboaren balioa, sustrai herrikoi markatuak dituen sorkuntza artistikorako modu bat hurbilduz Antxora”.
Antolatzaileak ere asebeteta geratu dira, herritarren erantzuna “ezin hobea” izan baita: “Herritarren erantzuna ezin hobea izan da, eta guztiak gogotsu eta jakin minez hurbildu dira ekintzetara. Aurpegi asko errepikatzen ziren emanaldiz emanaldi, egitaraua eskuan zutela eta jaialdiaren dinamikak ezagun zituztela. Adin guztietako pertsonek gozatu dute emanaldiez egun hauetan. Berriro ere, eskertu digute Pasaian halako jaialdi bat gozatzeko aukera sortzeagatik, eta parte hartzen duten talde eta antolakuntzaren maila ezin hobea goraipatu dute”.
Zazpigarrena bukatuta, zortzigarrenari begira jarri dira udala eta antolatzaileak, eta 2026ko data aurreratu dute: ekainaren 11tik 14ra bitartean izango da. Urtero bezala, Pasaiako eraldaketak erronka eta aukera berriak ekarriko dizkie antolatzaileei, eta Gure Zumardiaren behin betiko berrantolaketak eragin handia izango duela aurreratu dute.
“Aurten izandako arrakasta ikusita, datorren urteetarako programa mimoz lantzen hasi nahi dugu, eta apurka-apurka ikusle kopuruak gora egin dezan bide egokiak bilatzen jarraituko dugu. Helburua da Pasaiako Dantza Festibala lurraldeko erreferente bihurtzea eta dantzak gizartea eraldatzeko duen gaitasuna herritar guztien artean zabaltzea”, esan dute Iurre Aranburu eta Aiert Beobide antolatzaileek.
Dokumentuaren akzioak