Dokumentuaren akzioak
Pausoz pauso dantzan osatutako unea
Iruñerriko hamabi dantza taldetako berrehun lagunek baino gehiagok dantzatu dute Foruen plazan
Lehenik, biribil bat osatu zuten dantzariek tradizioari jarraiki, agintariena dantzatzeko. Arrano beltzaren bandera eta ikurrina astintzea Amaiur dantza taldeko kideei egokitu zitzaien aurten. Ziurrenik, jaialdiko unerik hunkigarriena izan zen hori. Izan ere, txalo zaparraden artean goratu zituzten ikusleek bi dantzariak.
Eguzki gogorrari aurre egin ezinik ibili ziren ikusleak. Hainbatek lepoan zintzilik zuten zapia askatu eta buruan jarri behar izan zuten txapela gisa, Foruen plaza itzal gutxiko gunea baita. Hala ere, asko eguraldira egokituta joan ziren ikuskizunera, eskuetan garagardoz eta kalimotxoz betetako edalontziak zituztela.
Behin agintariena dantzatuta, Cortesko dantzak eskaini zituzten. Fisikoki gogorrak dira dantza horiek. Lau atal dituzte: kortesiak, balsa, zinta dantza eta jota. Batek baino gehiagok saioa gorri-gorri eginda amaitu zuen ahalegin fisikoa eta beroarengatik. Horren ostean, Lasarte-Oriako sorgin dantzaren txanda izan zen.
Australiatik herenegun ailegatu zen Iruñera Tim Malon. Hiru egunez izango da neska-lagunarekin batera sanferminetan. Haren irudiko, eskainitako dantzen artean harrigarriena sorgin dantza izan zen. «Dantzarien jantziak oso harrigarriak dira, eta koloretsuak. Oso dantza bereziak dira, guretzat erabat ezezagunak», adierazi zuen. Binaka dantzatzen da berez sorgin dantza, eta bikoteko kide batek txano puntaduneko kapela bat zeraman soinean.
Jauzi bat dantza izan zen aurrez prestatutako programan laugarrena. Itzi Gartzes Muthiko Alaiak dantza taldeko kideak laugarren aldiz dantzatu zuen Folklore jaialdian. «Gaurkoa [atzo] inoiz baino txupinazo bereziagoa izan da, ikurrinak bere tokia izan baitu», azaldu zuen pozik.
Dantza nagusi den jaialdia ez da egun batetik bestera prestatzen. Amianok adierazi zuenez, dantzatzeko modua bateratzen saiatzen dira, ekitaldian batasuna irudikatzeko xedez. Atzo, batasun hori erdietsi zuten, nahiko era bertsuan dantzatu baitzituzten lau dantzak.
14:30 pasatxo zirela amaitu zen San Fermin egunaren bezperako ekitaldi nagusienetako bat. Nafarroako herri askotan ohitura den legez, dantzari zein ikusleek larrain dantza elkarrekin dantzatuz amaitu zen saioa. Sanferminetan anitz dira unetxoak; askorentzat Nafarroako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatutako ikuskizuna da horietako bat.
Iruñeko Foruen plazan Folklore jaialdia egin zuten atzo, eta, besteak beste, Cortesko dantzak dantzatu zituzten. / JOSU SANTESTEBAN / ARGAZKI PRESS
Beroari aurre egin behar izan zioten dantzariek. / JOSU SANTESTEBAN / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak