Dokumentuaren akzioak
Pausoz pauso
Miarritzeko Maitaldia festibalak geroz eta eragin handiagoa du; aurten irailaren 8tik 17ra egingo da
Maitaldia, Miarritzek duela hamasei urte hautatu zuen hitza bere dantza festibalarentzat. Irailaren 8tik 17ra iraganen den jaialdia aurten, mundu osoko dantzari talde ospetsuenekin. «Maitaldia ez da gure herriko ekitaldi xume bat, hori baino gehiago bilakatu da gaur egun», zion atzo Jakes Abeberri Biarritz Culture-ko lehendakariak, festibalaren aurkezpenean. «Irakasgai artistiko baten bultzatzailea izan da hemen, gure txokoan». Maitaldiari esker dantzaren sustraiak Euskal Herriko lurraldean pausoz pauso sendotu direla ziur dago Abeberri. «Miarritzen dagoen dantza kontserbatorioa lekuko dago. Frantziako Kultura Ministerioak zerbaitengatik du erabaki instituzio hori hemen egitea. Usaian hiri handiagoetan, nagusietan egiten dira horrelako kontserbatorioak».
Aurtengo egitarauak ere Maitaldiaren arrakasta indartu behar luke. Mundu osoko 500 bat dantzari Miarritzen geldituko dira, Afrikakoak, Hego Amerikakoak ala Europakoak. «Kulturen elkarretaratze bat antolatu nahi izan dugu aurten ere, mundu osoari irekiz, nahasketa polita osatuz» , adierazi zuen Filgi Claverie egitarauaren arduradunak.
Flamenkoa, hip hopa, estilo barrokoa ala garaikidea, estilo guztiak dastatzen ahalko dira 11. ekitaldi honetan, gai ezberdinak jorratuz, gizartea, zentsura, gorpua, itsasoa, bideojokoak, besteak beste. Dantza hauek denak musika askoren doinuetan, Vivaldiren barrokotik Radioheaden rockera. Jaialdi guztietan bezala, hitzordu nagusiak izango dira. Hala nola Antonio Gades, flamenkoaren maisuari omenaldi bat eskainiko dio bere konpainiak. Maitaldiko azken ekitaldiak ere merezi izango du, Jorge Oteizaren bizia izango baita aipagai, Jon Maiaren koreografia batean, Mikel Urdangarin eta Rafa Ruedaren musikarekin. Euskal dantzak beste ordezkari andana bat izanen ditu funtsean, Ciento Cincuenta Cuerdas, Blanca Arrieta, Idoia Zabaleta, Asier Zabaleta eta Garaztarrakekin.
Baina dantza kale eta parkeetan ere izango da, bai eta ikastaro eta tailerrak ere. Monette Lozak ere dantzari buruz egingo du erakusketa bat. Miarritzek ez du dantza elitistarik nahi, denek erritmo berean mugitu behar dute, pausoz pauso, denek aurrera egin behar dute. Kanpotik begiratuz, herri osoa geldituko da, dantzaren maitatzeko denbora hartuz, Maitaldi goxo batentzat.
eGITaraua
Irailak 8, ostirala
Bernard Menaut Frantziako kale dantza-antzerki taldea eta Herbehereetako Scapino Ballet Rotterdam dantza garaikide dramatiko taldea.
Irailak 9, larunbata
Espainiako Aracaladanza talde garaikidea, Sociedade Masculina, Frantziako L'Eventail dantza konpainia, eta Beau Geste taldea.
Irailak 10, igandea
Gigabarre, dantza ikastaldi eta emanaldi publikoa, Baiona eta Paueko unibertsitateko ikasleen emanaldia, Frantziako Beau Geste, hondeamakina eta gizon baten arteko baleta, Sociedade Masculina konpainia eta Antonio Gades flamenko konpainia.
Irailak 11, astelehena
Israel Galvan flamenko modernoko konpainia.
Irailak 12, asteartea
Esloveniako SNG-Maribor Ballet taldearen Romeo eta Julietteri buruzko ikusgarria eta dantzaren egituraz dokumentalak.
Irailak 13, asteazkena
Hip Hop tailerra, Ciento Cincuenta Cuerdas konpainia Blanca Arrietarekin, eta Frantzia eta Aljeriako Hip Hop ikusgarria.
Irailak 14, osteguna
Filipa Francisco eta Idoia Zabaletaren gorpuari buruzko ikusgarri garaikidea eta Frantziako Preljocaj baleta.
Irailak 15, ostirala
Asier Zabaleta eta Ertza konpainia eta Kolonbiako L'Explose taldea.
Irailak 16, larunbata
Frantziako Paul Les Oiseaux taldearen bideojokoei buruzko ikusgarri garaikidea, Portugalgo Bailado Konpainia Nazionala eta 5ème Dimension Senegalgo taldea.
Irailak 17, igandea
Garaztarrak taldearen hip hop eta euskal dantzen arteko nahasketa, Frantziako Genevieve Sorinen konpainia eta Kukai Tanttakaren Otehitzari biraka.
Irailak 8tik 17ra
Monette Lozaren erakusketa (brontzezko eskulturak).
Dokumentuaren akzioak