Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Pausorik berrienak

Dokumentuaren akzioak

Pausorik berrienak

Koreografia Erakustaldian nagusitutako bost obrak datorren astetik aurrera emango dituzte

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2005/04/01

Igor Calongeren Trans, Iragartze Garairen Duty free, Atxarte Lopez Munainen Hizki mutua, Eider Rodriguezen Huri eta Izaskun Santamaria eta Natalia Mongeren Cuatro y cuarto dantza lanak nagusitu dira euskal koreografo gazteen sariketan. Orotara, 11 lan lehiatu dira, eta horietatik guztietatik bost baino ez dituzte aurkeztuko Koreografia Erakustaldian, iaz baino bat gehiago.



Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 1996an abiatu zuen Koreografia Erakustaldia. Aldez aurretik aukeratutako 11 koreografori diru laguntzak ematen dizkiete, lanak ekoitz ditza-ten, eta ondoren, dantzaren alorreko zenbait adituk bost onenak aukeratzen dituzte. Aurtengo irabazleak Basauriko So-cial antzokian martxoaren 19an eginiko saioan aukeratu zituzten. Datozen egunetan Barakaldon, Donostian eta Gasteizen erakutsiko dituztenak laburrak dira, 15 minutukoak. Eta estilo askotakoak. Obra batzuetan bideo irudiak dantzarien pausoekin nahasten dira; beste batzuetan, aldiz, dantzaria bakarrik ageriko da oholtzan. Baina lan guztiak zerbaitek lotzen ditu: berriak eta askeak dira.



g Igor calonge; 'trans': Gizakiaren ahotsak dioena dantzaren bidez adierazi nahi du Igor Calongek (Donostia, 1974) Trans obran. Koreografoak berak interpretatzeko egin du obra. Ondorioz, lanak aurrera egin ahala, gizakiaren ahots unibertsala alboratu eta Trans bere barne munduan barruratzen doala iruditzen zaio Calongeri. «Emaitza kaos pertsonala da, eta oso bukaera gogorra du». Calongek ez du ezer aurreratu nahi, baina barrabiletatik odol jario emango ditu obraren azken minutuak.



g Iragartze garai; 'duty free': «Egunero, gure bizimodua baldintzatzen duten soinu ugari entzuten ditugu: telefonoa, iratzargailua... Uste baino eragin handiagoa dute guregan, eta soinu horien bitartez, edozein pertsonaren egunerokoa izan daitekeena azaldu dugu Duty Free-n». Horrela definitu du Iragartze Garaik (Bilbo, 1978) egin duen lehendabiziko lana. Nagore Malasetxebarriak, Marta Pampak, Paula Nutini eta Laura Mourelosek lagunduta ariko da Garai dantzan. Bideo bi proiektatuko dituzte; horietako bat beren gorputzetan, eta, ondorioz, itzalekin jolastuko dira, besteak beste, Orbital eta Myaren musika doinuak entzuten direnean.



g atxarte lopez munain; 'hizki mutua': Hizkuntza nolabaiteko gizarte erakundea dela uste du Atxarte Lopez Munainek (Bilbo, 1974). Hitz egiten duen taldeak baldintzatzen du hizkuntza hori, eta, era berean, hizkuntzak berau hitz egiten dutenen nortasuna finkatzen du. Lopez Munain ideia horretan oinarritu da Hizki mutua eratzeko. Bertan, bost dantzarik bost hizkuntza hitz egingo dituzte, zeinu sistema bakarra erabilita. Ernesto Maestroren musikaren erritmora, testu bera interpretatuko dute, eta bereizten eta elkartzen dituzten kodeak aztertuko dituzte.



g eider rodriguez; 'huri': Eider Rodriguezen (Getxo, 1975) Huri lanak ez du istoriorik kontatzen. Ez du hasierarik, ezta bukaerarik ere: zirkularra da. Anouar Brahemen musikari jarraiki, hasi bezala amaitzen da. «Esperimentatzeko eta ikasteko» balio izan dio obrak egileari; bere barrua ezagutzeko. «Bakarrik egin dut lan [bera da egilea eta interprete bakarra], eta hori oso gogorra da. Burura datozkizun kezkei aurre egiteko orduan ere, bakarrik zaude. Beraz, nirea proposamen erabat intimista da», azaldu du Rodriguezek.



g izaskun santamaria eta natalia monge; 'cuatro y cuarto': Izaskun Santamariaren (Portugalete, 1972) eta Natalia Mongeren (Bilbo, 1972) artean unean-unean izaten den harremana jasotzen du Cuatro y cuarto lanak. Hori dela eta, obrak emaitza ezberdina izango du taularatzen den aldi bakoitzean.



Emanaldiak



Apirilaren 7an, 20:00etan, Barakaldo antzokian (Barakaldo); apirilaren 10ean, 20:00etan, Gazteszenan (Donostia); apirilaren 14an, Hegoalde aretoan (Gasteiz).

Dokumentuaren akzioak