Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Pauso berriak jantzi histuetan

Dokumentuaren akzioak

Pauso berriak jantzi histuetan

Egilea
Aitor Arroyo Askarai
Komunikabidea
Ataria
Tokia
Tolosa
Mota
Albistea
Data
2024/09/27
Lotura
Ataria
'Zamaltzain' ikuskizuna Lekeition. ALURR

Alurr dantza taldeak bihar eskainiko du pieza berria: Zamaltzain; Zumardiaundian egingo dute, 13:00etan, Kultura Plazara egitarauaren barruan.

Maskarada Gorrian laugarren, aurretik izaten baititu Txerreroa, Gathuzaina eta Kantiniersa. Dantzaririk trebeena izaten omen da Zamaltzaina, eta ez alferrik: gerrian egurrezko zaldi bat daramala egin behar izaten baitu dantza. Dantzari finenaren arabera izendatu du Alurrek ikuskizun berria, eta oholtza gaineko guztiak dira Zamaltzain. Piezaren zentzua azaldu du Saioa Etxegia dantza taldeko batzordeko kideak: «Irudikapen hori garatu beharrean, pertsonaia horretatik abiatuta irakurketa berri bat proposatu nahi dugu». Bihar egingo dute Tolosan, Kultura Plazara egitarauaren barruan.

'Zamaltzain' piezaren estreinaldia, Bidania-Goiatzen. ALURR

Lana Oinazez taldeak –Alurreko helduen taldeak– interpretatzen du jendaurrean eta, Etxegiaren arabera, aurreko lanketa baten jarraipena da ikuskizun berria: «Aurretik Gathuzainaren errepresentazio bezala Gattiu pieza landu zuten eta nahiko ondo atera zen. Hortik abiatuta etorri da azken hau». Alurren barruan dantza garaikidea eta tradizionala «gehien» uztartzen dituen taldea da Oinazez eta «aproposena» iruditu zaie Zamaltzain taularatzeko.

Pieza berria Bidania-Goiatzen estreinatu zuten, joan den uztailean, eta «oso polita eta intimoa» izan zela aipatu du Etxegiak: «Harreman berezia dugu haiekin. Azken urteetan bertako ikasle dezente izan ditugu eta horrek asko estutzen du harremana. Familiaren aurrean estreinatzea bezalakoa izan zen». Hain zuzen, jendeak Alurr Ibarrako dantza taldetzat duela uste du arduradunak, baina nabarmendu du inguruko herrietako «jende asko» izaten dutela.

 

Saioa Etxegia, Alurr dantza taldeko batzordekidea: «Orokorrean publikoa oso esker onekoa izan da. Ez da emanaldi luzea eta erraz ikusten da»

 

Uztailetik hona gehiagotan ere interpretatu dute Zamaltzain, besteak beste, Lekeition (Bizkaia) eta Ibarran; eta publikoak «harrera ona» egin diola uste du dantza taldeko kideak: «Orokorrean publikoa oso esker onekoa izan da. Ez da emanaldi luzea eta erraz ikusten da». Hari berari tiraka gehitu du «azkenaldian» Oinazez helduen taldearekin «estilo garaikideagoa» ari zirela jorratzen, eta pieza honek «ukitu tradizionalagoa» duela janzkeratik hasita.

Tolosan, berriz, bihar egingo dute emanaldia, 13:00etan, Zumardiaundian. Kultura Plazara egitarauaren barruan igoko dira oholtzara eta «sekulako ilusioa» dutela aurreratu du Etxegiak: «Kartel berean daude Mikel Urdangarin, Janus Lester... Izen horien ondoan Alurr ikusteak poz handia eragiten du». Ikuskizunaren inguruan gaineratu du «edonor» joateko modukoa dela, zer ikustera doan, taldea ezagutu gabe edo ezagututa.

Egutegiari dagokionez, Iruran izango dute hurrengo saioa, hain zuzen, hurrengo egunean, 11:30ean. Eta hortik aurrera «agenda zabalik» omen dute: «Orain hasten dira proposamenak, udazkenera begira. Emanaldia fintzen joango gara eta baliteke bitartean beste zerbait berria lantzen ere hastea».

Zamaltzainen hezurdura

Zenbat denbora behar da, baina, emanaldi bat prestatzeko? Ikasturte hasieran abiatzen dute prozesua eta, udarako, pieza prest edukitzea izaten dute helburu. Tarte horretan sortzen dituzte koreografia, musika, jantziak eta abar. Prozesuan ikuskizuna «etenik gabe eraldatzen» joaten dela azaldu du arduradunak, eta azken emaitza izaten omen da «hasierako ideia», baina «geruzak eta geruzak» gehituta zein kenduta.

Zamaltzain egiteko prozesua «espres samarra» izan omen da: gutxi gorabehera ikasturte bat behar badute ikuskizun bat egiteko, berri hau egiteko «kurtso erdi inguru» baino ez dute izan. «Berandu hasi ginen talde honek beste emanaldi bat zuelako esku artean. Gerora Gattiu lanarekin ere aritu dira eta, azkenean, ez dute sormenerako tarte handirik izan».

Emanaldi berri bat sortzeko ideia batetik abiatzen dira eta, Etxegiaren hitzetan, horretan «asko du esateko» Eli Nosellasek, dantza taldeko koordinatzaile ohiak: «Beti izaten ditu ideia berriak; beti ari da gauza berriak ikusten, denetariko emanaldietara joaten... Beti laguntzen gaitu, nahiz eta ez duen Alurren parte hartzen [barre txikiarekin]». Zamaltzaineko koreografia egiten, berriz, Aiert Beobide dantzari eta koreografoak lagundu die. «Dantzako elementuei buelta bat emateko oso modu bereizgarria dauka, gorputzaren eta mugimenduen adierazkortasuna asko lantzen ditu».

Dantzariek, ordea, doinua behar dute haren arabera mugitzeko, eta hori aukeratzea ere ez da nolanahiko erabakia. «Durangoko Azokak asko laguntzen du [barrez]». Etxegiak azaldu du pieza berri asko ateratzen direnez, «aukera berriak» ere zabaltzen zaizkiela. Dena dela, abesti berriak bakarrik erabiltzetik harago, musika instrumental «pila bat» dagoela nabarmendu du dantza taldeko kideak, eta gehitu euskal dantza ez dela trikitia eta panderoa bakarrik: «Material ezezagun pila bat dago. Egileak entzutea da kontua eta, ondoren, haien erreferentziak ere entzutea... Lan hori aspalditik daukagu eginda». Hari berari tiraka, gaur egun kanta tradizionalen moldaketa asko egiten direla ere ekarri du gogora, baina beraiek ez omen dute horiek erabiltzeko ohiturarik; kontrara, «askotan» erabiltzen dituzte moldaketa instrumentalak eta hitzak egokitu dizkieten abestiak, eta Agurra jarri du horren adibidetzat.

Janzkerak baldintzatzen du dantza ala mugimenduen arabera janzten da dantzaria? Nolanahi dela ere, ezin uka daiteke musika eta pausoak bezain garrantzitsuak direla jantziak dantza ikuskizun batean. Jantziak birpentsatzea berezko ezaugarri du Alurrek: «Jende askok kritikatu gaitu hori egiteagatik. Jantzi tradizionalak moldatu ditugu bai kolore, bai luzera aldetik... Gonak, esate baterako». Zamaltzainen kasuan jantzia ez da «erabat, berez, den bezalakoa», baina «silueta» mantendu dute: «Nahiko lotura estua du tradizionalarekin, eman nahi geniolako sinbolismoak duen sinpletasun hori, eta eszenan azaltzen denean jendeak zuzenean uler dezan 'Hau da Zamaltzaina'».

Orain erretiratu bada ere, Ramon Garcia jostunak egin izan dizkie jantziak. Etxegiak azaldu duenez, «ia-ia museo bat» zuen Garciak, eta hark laguntzen zien jantzietako brodatu, kolore eta gainerakoekin.

Ufada zaharrei, bolada berriak

Tradizioa eta berrikuntza uztartzea da Alurr dantza taldearen bereizgarrietako bat, eta «pixkanaka» garatu den ezaugarri bat dela azaldu du batzordeko kideak: «Hasieran lotsatiagoak edo ginen, eta jantziekin arriskatu genuen gehiago. Hortik hasi eta garatzen joan gara: koreografiak lantzen hasi, musika berria erabiltzen hasi...». Dena dela, nabarmendu du ez dutela «inoiz» galtzen «tradizioaren oinarria» eta hori nabaritzen dela, batik bat, dantza pausoetan: «Asko gipuzkoarrak dira edo fandangoak... Baina birpentsatu egin ditugu eta, horrela, ia-ia zerbait berria ematen dute».

Non dago, baina, bien arteko oreka? Etxegiaren hitzetan dantza taldearen «jardun orokorrak» berdintzen ditu tradizioa eta berritzea: «Taldearen jardun osoak ematen dio oreka. Dantza eskolan, oinarritik, pauso tradizionalak ikasten dituzte lehenik. Gerora, agian, dantza bera beste musika batekin egiten ikasten dute. Eta, azkenik, garaikideak tradizionalarekin izan ditzakeen puntu komunak aurkitu eta batetik besterako pasabide bat nola sortu lantzen dugu». Eta helburu jakin batzuk ere baditu biak uztartzeko joerak, besteak beste, erakustea posible dela kanta «dibertigarriak» uztartzea datza «serioekin» eta, bide beretik, plazaratzea «dibertigarriak» direla euskal dantzak ere.

Kontuak kontu, Alurreko ikuskizun guztiek dute abiapuntutzat euskal kultura tradizionaleko elementuren bat, eta piezen nolakotasuna ere aldatzen joan da taldearekin batera: «Lehen, agian, gehiago zen testuinguru historiko bat hartu eta hori taularatzea. Gero elementuak banaka hartzen hasi gara». Euskal kulturako osagaietatik abiatuta istorio bat sortzen dute, baina ez orain arte «kontatu diren» bezala: «Beti kontatu dituzte heroien eta gizonen istorioak. Guk, aldiz, emakumeen istorioak eta egunerokoak ditugu hizpide. Saiatzen gara erakusten edonork egin dezakeela edozer».

 

Saioa Etxegia, Alurr dantza taldeko batzordekidea: «Ez du oinarri
zehatz bat, baizik eta askotariko sinbologia uztartzen du istorio bat kontatzeko» 

Etxegiaren hitzetan gizartearen iruditerian badago «euskal kultura estanko bat» eta egitasmo «asko» egin dira horrekin. Kontrara, «moldagarritasuna» du Alurren bereizgarritzat: «Ez da zerbait solidoa, likidoa baizik. Ez du oinarri zehatz bat, baizik eta askotariko sinbologia uztartzen du istorio bat kontatzeko». Hari berari tiraka, nabarmendu du abiapuntua «beti» izaten dutela «euskal errepresentazio bat» eta euren erara moldatzen dutela gero: «Euskal kulturako elementuren bat hartzen dugu, baina ez gara bere egiten. Alderantziz, elementua egiten dugu gure».

Dokumentuaren akzioak