Dokumentuaren akzioak
Pauso berriak emateko sasoia
Obra garaikideak ez ezik, pieza klasiko, neoklasiko eta bestelakoak ere izango dira Bilboko Dantzaldian, aurrerantzean
Dantzaldiaren jarraitzaileek esku biekin zenbatzen dituzte dagoeneko
jaialdiaren urteak. Dantza garaikidea ardatz duen Bilboko jaialdiak 10
urte bete ditu, eta aldaketak egiteko «une interesgarri eta egokia»
dela erabaki dute antolatzaileek, hots, La Fundicion aretoak eta
Bizkaiko Foru Aldundiak. Udaberrian egingo dute aurrerantzean,
udazkenean barik. «Urtearen azkena sasoi ederra da dantza jaialdia
antolatzeko, baina bada arazo bat: eskaintza handia izaten da garai
horretan, gehiegizkoa. La Fundicion aretoarekin berarekin lehiatzen da
Dantzaldia sasoi horretan», azaldu du Laura Etxebarriak, La Fundicion
aretoko zuzendari eta Dantzaldiaren arduradunak.
Hala bada, apirilean eta maiatzean egingo dute aurten
Dantzaldia. Eta obra garaikideak ez ezik, beste estilo batzuetako
piezak ere erakutsiko ditu. Apirilaren 19tik maiatzaren 31ra denak ere.
«Hamar urtetan, dantza garaikidea normalizatzeko urratsak egin ditugu,
eta uste dugu Bilboko ikus-entzuleengan eragin dugula, bere egin duela
dantza garaikidea nola edo hala». Bestelako moldeei segituta sortutako
lanak eskaintzeko garaia dela ebatzi dute, horrenbestez. Ikuspegia
zabaltzeko, eta bestelako estiloei tartea egiteko: dantza klasikoari,
neoklasikoari, hip-hopari...
Hitzaldiak antolatuko dituzte, orobat, jaialdian izango diren
sortzaile eta ikus-entzuleen arteko lotura indartzeko asmoz. Eta
mintegiak ere egingo dituzte, hemengo koreografo eta dantzari gazteen
trebakuntza sustatzeko helburuarekin. Izan ere, aurtengo egitarauak
ardatz bi izango ditu: hemengoa eta atzerrikoa. Oinarri bi horiek
uztartuko ditu 10. Dantzaldiaren egitarauak.
Eva Yerbabuena
Flamenkoa dantza garaikideko osagaiekin uztartzeak egin du
ezagun Eva Yerbabuena mundu zabalean. 1970ean, Alemanian jaio zen
arren, Espainiako hegoaldean, Andaluzian hazitakoa da Yerbabuena.
Umetatik agertu zituen dantzarako trebezia eta interesa, eta bere kabuz
eman zituen lehendabiziko pausoak. 1998an sortu zuen bere konpainia,
eta, harrezkero, koreografia ugari sortu ditu dantza tradizionala
garaikidearekin uztartuz, flamenkoa mugara eramanez eta adierazpide
berritzaileak sortuz. Bilboko Euskalduna jauregian, orain artean
sortutako solo guztien bilduma eskainiko du Yerbabuenak, apirilaren
19an. Jose Valencia, Pepe de Pura eta Jeromo Segura flamenko kantariek
lagunduko dute oholtzan. Emanaldi honekin hasiko da, hortaz,
Dantzaldia.
Lorraneko Balleta
Frantziako Lorraneko Balletak hiru pieza aurkeztuko ditu Dantzaldian: Steptext, Brokenman eta Les Ombres d'une Guerre Sans Nom. William Forsythe koreografo ezagunak sortutako lana da Steptext. Antzerkiaren
mugak hausten ditu, antzezlanen egitura gaindituz. Lau dantzariren
mintzaldi musikal, eszenografiko eta espaziala erakusten du. Gregory
Beaumont, Mikael Conte, Fabio Dolce eta Nina Khokhamek interpretatuko
dute Steptext.
Stephen Petronioren Brokenman koreografia, bestalde,
Dmitri Domojirovek interpretatuko du. Dantzaria bat-batean igaroko da
bihotza gelditzerainoko laztanetatik estutzerainoko mugimendu
hautsietara. Mutur batetik bestera ariko da, beraz, Domojirov. Azkenik,
Herve Robberen Les Ombres d'une Guerre Sans Nom askoren artean eskainiko dute. Lorraneko Balleta maiatzaren 3an izango da Euskaldunan.
Polaroiska
Euskal Herriko zenbait koreografok sortutako taldea da
Polaroiska. Alaitz Arenzana, Maria Ibarretxe, Jorge Lastra eta Izaskun
Santamariak osatzen dute. Dantzaldian, Natxo Montero, Arrate Etxebarria
eta Amaia Pascualekin batera emango dute Animalia, topaketa eta autopistei buruzko oharrak
lana. Zein tokitan eskainiko duten ez dute aurreratu, ikusleak ezin
du-eta azkenera arte jakin. Zinema esperimental, bideo dantza eta performance-aren
arteko esperientzia izango da. Bukatzean, lan horren parte-hartzaile
sentituko da ikuslea, bizitako horren interprete modura. Maiatzaren
8an, 9an eta 10ean egingo dute lana. Polaroiskaren obra horretan parte
hartu nahi dutenek antolatzaileekin jarri behar dute harremanetan, non
lotu zehazte aldera (info@lafundicion.org).
Lucia Lakarraren eskutik
Municheko Operako Balleteko dantzari nagusia da Lucia Lakarra
(Zumaia, Gipuzkoa, 1975). Urte mordoa daramatza Euskal Herritik kanpo
lanean. Hala, urte hauetan guztietan ezagututako dantzariak ekarriko
ditu Dantzaldira; puntako profesionalak, herri askotakoak. Lakarrak
gidatuko du saioa, eta denen artean balletaren historian mugarri izan
diren lanak interpretatuko dituzte. Romel Frometa Kubako Balleteko
dantzari nagusia, Marlon Dino Municheko Operako Balleteko bakarlaria,
Marian Walter Berlingo Operako dantzari nagusia, Yat-sen Chang English
Balleteko dantzari nagusia, Eva Suarez Kubako Balleteko bakarlaria,
Daria Sukhorukova Municheko Operako Balleteko bakarlaria, Iana Salenko
Berlingo Operako dantzari nagusia eta Crystal Costa English Balleteko
bakarlaria ariko dira Lakarrarekin batera, Euskalduna jauregian,
maiatzaren 19an.
Saskia Holbling
Obra apurtzailea aurkeztuko du Saskia Holbling austriarrak
(Viena, 1971) Guggenheim museoko auditorioan, maiatzaren 27an. Bideo
batekin (Doron Goldfarb) eta musikarekin (Heinz Ditsch) jokatuko du
Holblingek, ikus-entzuleak inguratuko dituen espazioa sortzeko. Izotzaz
sortutako paisaietan barrena bidaiatuko du. Batzuetan gorputza paisaia
horretatik kanpo geratuko da; besteetan, ordea, atzealdearekin bat
egingo du Holblingek, ia desagertzeraino.
Frankfurtetik Bilbora
Sorterria atzean utzita, Frankfurten elkarrekin lan egiten
duten hiru dantzariren bakarkako piezak ikusteko aukera izango da
Dantzaldian, maiatzaren 31n. Euskal Herrian sortuak dira Jone San
Martin eta Amancio Gonzalez; Inma Rubio, berriz, Herrialde
Katalanetakoa da. William Forsytheren konpainian lan egiten dute
hirurek, Alemanian. Bilbon, sona handiko koreografo horrek
diseinaturiko obra bat aurkeztuko dute: The Vile Parody Of Address. Bakarka emango dituzten lanak berriak izango dira, estreinaldiak: Derivado (San Martin), Sin-King In Me (Gonzalez) eta Vision Divided (Rubio).
Dokumentuaren akzioak