Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Pauso ausartak

Dokumentuaren akzioak

Pauso ausartak

Arrisku handiko apustuak egiten dituzten lau konpainiaren piezak emango ditu Dantzaldiak, urrian eta azaroan, Euskalduna Jauregian

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2005/09/27

Hala, dantzaren munduan iraultza txiki baina asmo handikoak egin dituzten lau konpainiaren lanak ekarriko dituzte Bilboko Euskaldunara urriaren 2tik azaroaren 27ra. Dantzaldiak, Dantza Garaikidearen Bilboko Jaialdiak, arte eszenikoak jorratzeko oso modu ezberdina duten lau konpainiaren obrak emango ditu: Kafigen Recital (urriaren 2an), Leine & Roebanaren Sporen (urriaren 16an), Ballets C. de la B. konpainiaren Bache (azaroaren 13an) eta Pal Frenaken Manono eta Fiuk (azaroaren 27an).



-KAFIG: 'Recital'. Mourad Merzoukik zuzentzen du Frantziako Kafig konpainia. Hip-hopa eta musika klasikoa nahasten dituen piezarekin iritsiko da Bilbora: Recital. Oholtzan hiru dantzari ariko dira Karim Bedaouddia, Kade Belmoktar eta Brahim Bouchelaghem, etengabe berritzen, etengabe aldatzen, harik eta biolinaren tinbrea deskubritu arte. Merzoukiren hitzetan, hip-hop ikuskizuna da Recital, dantzarekin lagundutakoa. «Bada memento bat biak, hip-hopa eta biolinaren doinuak, gurutzatzen direna, eta une horretan hip-hoparen gainean dugun ikuspegia aldatu egiten da».



-LEINE & ROEBANA: 'Sporen'. Andrea Leine eta Harijono Roebana herbeheretarren Sporen piezak dantzak musikarekin duen harremana ikertzen du. Adierazpide artistiko desberdinak izan arren, musikak eta dantzak osotasun naturala dute, koreografo bien ustetan. Sporen sortzeko orduan, antigoaleko piezak berrikusteari ekin zioten, baina horiek interpretatzen hasi eta berehala, mugimendu eta erritmo garaikideagoak hasi ziren gailentzen. Hala, kontrastez beteriko pieza da Sporen. Alba Barral, Ty Boomershine, Sarah Linstra, Tim Persent, Lia Poole eta Heather Ware dantzariek interpretatuko dute pieza. Obrarako espresuki sortutako musika, berriz, Rowena Simpson sopranoak, Reiner van Houdt pianistak eta Sofia Perdicao biola jotzaileak emango dute.



- ballets c. de la b.: 'Bache'. Belgikako Ballets C. de la B. konpainiako Koen Augustijnen koreografoak eta Steve Dugardin musikariak sortutako Bache lanak gizonen arteko harremanaz dihardu, haien artean komunikatzeko ezintasunaz. Beldurraren ikuspegitik egiten du, gainera. Ted Stoffer, Tayeb Banamara, Ghislain Malardier eta Koen Augustijnen bera dira gizonek sentitzen duten beldurrari buruzko lana taulan emateko arduradunak. Dugardinek egindako musikaren erritmora dantzatuko dira, Guy van Nueten pianoaren doinura mugituko dira batera eta bestera. Bache balet pieza da nagusiki, baina dantza modernoari eta break dance-ari ere egiten die lekua.



-pal frenak: 'Manono' eta 'Fiuk'. Hitzean baino gehiago, keinuan oinarritutako hizkuntza menderatzen du koreografo hungariarrak. Bilbon, bi pieza eskainiko ditu, Manono eta Fiuk, Euskalduna Jauregiko sarreran lehena, eta aretoan bigarrena. Butoh-an, AEBetako arte diziplinan, oinarrituta dago Manono. Bakardadearen isiltasunetik jaiotzen da, eta poliki-poliki mugimenduetan aurrera eginez, gormutuen hizkuntzaren zeinuekin jolastera iritsiko da Frenak. Fiuk-en beste dantzari batzuek lagunduta ariko da Frenak; Miguel Ortega, Rolando Rocha eta Andre Mandarino. Gizonaren gorputzaz gizartean ematen den irudiaren gaineko gogoeta egingo dute: «Zergatik ez da erakusten emakumearen gorputza aurkezten den bezala?».

Dokumentuaren akzioak