Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Patxi Montero: "Dantza tradizionalekin disfrutatzea da Herrixa dantzan saioaren asmoa"

Dokumentuaren akzioak

Patxi Montero: "Dantza tradizionalekin disfrutatzea da Herrixa dantzan saioaren asmoa"

Egilea
Mirian Biteri
Komunikabidea
Goiena.net
Tokia
Bergara
Mota
Elkarrizketa
Data
2011/09/19
Lotura
Goiena.net

Berrikuntzekin dator aurtengo dantzen gaineko eskaintza...

Bai, hala da. Udalak antolatuta, Herrixa dantzan. Elgetako metodologia jarraituko dut Bergaran ere; hain justu ere, hilean behin zabalik dagoen dantzaldia. Urritik abendura, hileko bigarren domeketan egingo dugu Zabalotegi aretoan: urriaren 9an, azaroaren 13an eta abenduaren 11n egingo dira. Proba moduan jarriko dugu martxan, eta harrera ona baldin badu, jarraitzeko asmoa dugu.

Nori dago zuzenduta bereziki dantzaldi hori?

Dantzaldi irekia da; parte-hartzea zabalik dago. Helburua da dantza tradizionalen bidez disfrutatzea. Dantza tradizionala naturala da, prestakuntza berezirik ez duena, edozeinek egin dezakeena. Denetariko dantzak izango dira saio horretan: sokan, taldean eta bikoteka egiten diren dantzak, eta baita bikoteak aldatzen doazen dantzak ere; bada, bereziki taldeko dantzak jorratuko ditugu. Saioak debalde dira eta interesa duenak Zabalotegira baino ez da joan behar.

Hileko bigarren domekan bai. Baina ze ordutan izango dira?

Elgeta eta Debagoieneko beste hainbat herrietako esperientzian oinarrituta, ume asko egoten da dantzarako gertu, eta baita gurasoak ere. Niri asko gustatzen zait plaza batean adin guztietako herritarrak disfrutatzen ikustea. Gure dinamikak hori egiteko aukera ematen baldin badu ere, egia da adinaren arabera dantza bat edo beste gustuko dugula. Horregatik ordu bi jarri ditugu: 18:00etan, bereziki haur eta gurasoek elkarrekin egiteko dantzak; eta 19:00etik 20:30era, helduendako.

Zergatik domeka arratsaldean?

Aproposa iruditu zaigu domeka arratsaldea nahiko momentu tontoa delako; asteburua amaitzear dago, eta hortaz, ezin dugu plan berezirik egin. Domeka goizean,  ostera, agian, mendirako plana edo bazkariren bat eduki dezakegu.

Bestalde, Jardun euskara elkartearen bidez, Plazako dantzak ikastaroa ere eskaintzen duzu, ezta?

Bai, urritik ekainera. Hirugarren ikasturtea izango da hastear dagoena.  Hastapeneko ikastaroak egiten zituzten lehen; ni sartu nintzenean ere hastapeneko eskolak ematen hasi nintzen, baina dantzari horiek jarraitzea nahi zuten, eta trebetasun gehiago dutenendako saioak eskaintzen hasi ginen iaz.
Nik mailaka daukat antolatuta dantzen irakaskuntza; lau maila dauzkat. Joan den urtean bigarren eta aurten hirugarren maila eskainiko du.

Dagoeneko zabalik dago horretan izena emateko epea?

Bai, izena eman daiteke Jardun Euskara Elkarteak kultura etxean duen egoitzan, jardunkultura@topagunea.com e-postan zein 943 76 36 61 zenbakian. Ikastaroak martitzenetan izango dira Zabalotegiko gaztelekuan. Eskolak hilaren 27an hasiko dira; lehen eta bigarren mailakoak 18:30ean; eta hirugarrenekoak, 20:00etan.

Nolakoak dira saio horiek?

Ordu eta erdiko errepertorioan 20 pieza inguru dantzatuko ditugu; askotariko piezak dira, bikote dantzak, bikote aldaketakoak, taldekoak, soka eta baita fandangoa eta arin-arina ere. Azken horren harira, jendeak garbi izan behar du Plazako dantzak ez dela bakarrik fandangoa eta arin-arina.

Patxi Montero Herrixa dantzan ekimeneko burua.

Dokumentuaren akzioak