Dokumentuaren akzioak
Patua eta desafioa, inauteen giroan
Pas de Basque Juan Antonio Urbeltzek zuzendu eta sortu duen ikuskizuna eskainiko du, Bilbon, Argia taldeak
Patua, inauteriak eta desafioa dira Pas de Basque Argia dantza taldearen ikuskizun berriaren ardatzak. Dantzariak oholtzara igo bezain laster, euren arteko lehian ariko dira, Bizkaiko dantzen bitartez Almute dantza egingo dute, besteak beste. Patuaren dantzari egingo diote tartea ondoren, zinta dantzarekin eta Nafarroako ingurutxoarekin, eta, azken atalean, Zuberoako inauteen girora egingo dute jauzi. Denak batuko dituen elementua «dantzariek euren dantzatzeko iaiotasuna agertzeko moduko sorkuntza» izango da, Juan Antonio Urbeltz zuzendari eta obraren sortzaileak adierazi duenez. Otsailaren 23an izango da Arriaga antzokian ikusteko aukera.
«Berrikuntza interesgarriak» daude koreografiaren ordenari dagokionez, «Euskal Herrian hedatua dagoen apusturako eta desafiorako ohitura islatzeko». Desafioen atalean, dantzatzeko ohitura aske horretan oinarrituko dira. «Dantzariak bere bertutearen arabera kantatzen eta dantzatzen du, ingurukoei erakusteko egiten dakiena», Iñaki Arregi dantza maisuak esandakoaren arabera: «Talde barruan kanonak egon ohi dira. Hori kendu, eta nork berea lantzeko aukera ematean, dantzariak bere kabuz ere lan egiten du».
Patuaren kasuan, berriz, antzinako ezkontzen inguruko keinu batzuk ere agertuko dira ikuskizunean. Era berean, Urbeltzek mitologia ere presente egongo dela dio, «neska-lagunaren irudia, ispilu eta orraziarekin agertuko da». Sail horretan, Zinta Dantza izango da adierazpide nagusia. Haren arabera, «zinta dantzaren erdiko enborrak biziaren zuhaitza ordezkatzen du, eta zinta bakoitzak zilbor hestea. Dantzariek horri helduta dantzan egiten dute, eta bizitzan gu garenez elkarren oztopo, haiek ere, elkarrengandik ihes egin behar izaten dute». Dantzaren amaieran, zinta utzi egiten da, eta Urbeltzek uste du heriotza adierazten duela horrek.
Inauteriei lotutako atalean, berriz, hainbat ohitura berritzen ahalegindu dira: «Agustin Chaok kontatzen zuenez, lehenago, Miarritzen, buhameek zamaltzaina eskuetan hartu eta airera botatzen zuten. Violet Alfor idazleak idatzi zuenez, ohitura hori galdu ahala, ezpata dantza bat galdu zen hor. Guk, egurrezko ezpatekin berreskuratu dugu hori». Gainera, buhameen papera egungo dantzak lantzen dituen neska talde batek egingo du: Anabel Miroren taldeak.
Bakarkakoen eta talde anitzen ekarpena
Era berean, euskal dantzetan ohikoa den taldeko parte hartzeari, bakarkako parte-hartzea gailenduko zaio ikuskizun horretan. «40 urtean ibili gara taldearen barruan lanean, baina bakarkako lanak ere badaude».
Argia dantza taldearen koordinaziopean, Añorgako Harkaitz dantzari taldea, Elgoibarko Haritz eta Eibarko Kezka taldea dabiltza Pas de Basque-n. «Dantzaririk onenekin lan egiteko modurik onena da hori. Denak batu eta lana homogeneizatzen dugu», adierazi du Iñaki Arregik. Astean behin batu dira entseguetarako, eta Arregik uste du, «ikuskizuna bera motibatzailea» izan dela dantzarientzat. Guztira 60 pertsona inguruk parte hartzen dute ikuskizunean.
Euskal dantzen inguruan musikak hartzen duen forma ere ezberdina izango da Pas de Basque-n. Dantza saio arruntetan izan ohi diren instrumentuen oso bestelakoa da emanaldiak izango duen musika taldea. Txistuaren, albokaren eta danbolinaren ordez, Urbeltzen berbetan «forma orkestral bakarrak adieraziko die dantzariei egin behar dutena. Panderoak, biolinak, akordeoiak eta kontrabaxuak gidatuko dituzte dantzariak».
Joan den irailean aurkeztu zuten Pas de Basque ikuskizuna Miarritzeko Maitaldian, eta harrera oso ona izan zuten ikusleen artean.
J.A. Urbeltz: "zinta dantzaren erdiko enborrak biziaren zuhaitza ordezkatzen du, eta zintek zilbor hestea".
Iñaki Arregi: "norbere aukerak lantzeko aukera ematean, dantzariak bere kabuz ere lan egiten du".
Bilakaera
Euskal dantzatik balet klasikora, Pas de Basque
Pas de Basque esan, eta balet klasikoan dabilenak ongi daki zein urrats eman, oso erabilia baita pauso hori mugimendu klasikoan zernahi egiterakoan, baina inork gutxik daki urrats hori gure dantzan sortua dela, Juan Antonio Urbeltzen arabera: «Pauso horrek lotzen gaitu kultura unibertsalarekin. Hemen hizketan ari garen artean, baten bat, Pas de Basque dantzan egiten ari da munduko lekuren batean», eta «mundu osoari» erakutsi nahi dio Urbeltzek pauso hori aro aurreklasikoan sortu zela, balet klasikoan erabili aurretik, eta hementxe bertan, gure dantzetan. «Tradizio izugarria dago urrats horren baitan, pauso hori, dantza euskaldunetako zati bakar batek inspiratuko zuen arren, eta nik horixe esan nahi dut Pas de Basque-rekin. Hementxe gaudela. Ez dezatela hori ahaztu. Kontuan har gaitzatela».
Dokumentuaren akzioak