Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Patrik Larralde: «Internetekin jendeak anitz ikusten du, baina ez du harremanik sortzen»

Dokumentuaren akzioak

Patrik Larralde: «Internetekin jendeak anitz ikusten du, baina ez du harremanik sortzen»

Datorren hilabetean, otsailean, Patrik Larralde Europako hego-ekialdean ibiliko da, hango musika tradizionalaren egoera zertan den aztertzen.
Egilea
Julene Muruaga Hiriart
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donibane Garazi
Mota
Elkarrizketa
Data
2024/01/31
Lotura
Berria

Patrik Larralde, Donibane Garazin. GUILLAUME FAUVEAU

Patrik Larralde, Donibane Garazin. GUILLAUME FAUVEAU
Parisko auzo popularretan hazi zen Patrik Larralde (Paris, 1976), munduko hainbat kulturaren artean. 18 urterekin iritsi zen Euskal Herrira, eta euskaraz hitz egiten eta trikitia jotzen ikasi zuen. Geroago, formakuntza bat egin zuen musikari profesional bilakatzeko, Poitiersen (Frantzia). Geroztik, diskoak argitaratu, ikusgarriak sortu, kontzertuak animatu, eta abestiak idatzi ditu filmentzat eta dokumentalentzat. Musika popularrak eta tradizionalak duten lekuaren inguruko kezkekin doa otsailean Europako hego-ekialdera.
Parisen sortu eta hazi zara. Parisen zer-nolako harremana ukan zenuen Euskal Herriarekin?

Ene haurtzaro garaian, Parisen euskaldun anitz bazen. Euskaldunen artean alimaleko sare bat bazen; adibidez, Euskal Herritik gazte bat heldu bazen Parisera, segituan jakinean ginen, eta berehala harekin harremanetan sartzen ginen. Beraz, erranen nuke ukan dudan harremana ene buraso eta euskal etxearengandik izan dela gehienbat; baina euskal dantza talde batean nintzen, haur kantuen txapelketak ere baziren... Lotura anitz ukan ditut Euskal Herriarekin. Baina ber momentuan paristarra nintzen.

10 urterekin hasi zinen musikan, Parisko kontserbatorio batean. Hortik aitzina, zer izan da zure musika ibilbidean?

Kontserbatorioan ez nuen gauza anitz ikasi, ez nintzen bihotzez joaten. Han, notak irakurtzen ikasi nuen, baina ohartu nintzen dena belarriz egiten nuela. Etxean bazen eskusoinu bat, ene anaiak ikasi zuen jotzen, baina ez zuen gehiago erabiltzen; beraz, nik hartu nuen, eta biniloak ezartzen nituen eskusoinuarekin musika horiek ikasteko. Gero, kolegioan, lagunekin taldetxoak sortzen genituen, kultur desberdinetako estiloekin. Ondotik, 18 urterekin Euskal Herrira iritsi nintzen, eta bi gauza ikasi nituen: euskara eta trikitia. Dantza irakasle gisa aritu nintzen gaur IDB Iparraldeko Dantzarien Biltzarra deitzen den biltzarrean. Han, musikari profesionala izateko formakuntza bat proposatzen zuen dokumentu bat topatu nuen; beraz, Poitiersera joan nintzen musika ikasketak egitera. Gaur, trikitia jotzen badakit, baina beste tresna batzuk ere bai: txirula, gitarra, pianoa, biolina, alboka, panderoa... eta kirikoketa ere ikasi nuen!

Zure musika estiloa nola definituko zenuke?

Ez dut estilo bakarra. Musikari profesionala naiz, sortzen ditut musikak filmentzat, dokumentalentzat... Kasu horietan, orkestra musika da gehiago. Musika esperimentala ere egiten dut. Beatmaker-a ere banaiz: rap kantari batzuentzat soinu bandak prestatzen ditut. Eta, bistan dena, euskal musika, zeina ez dudan profesionalki egiten. Hori ttipidanik badut; ulertu baino gehiago, sentitzen dudan zerbait da.

«Euskal musika ttipidanik badut; ulertu baino gehiago, sentitzen dudan zerbait da».

 PATRIK LARRALDE Musikaria
Otsailean Trikititrip izeneko bidaia bat eginen duzu. Zer proiektu da, zehazki?

Proiektu soziala eta musikala da. Europako hego-ekialdeko hainbat herrialdetara joanen naiz, gaur egungo munduan musika tradizionala nola dagoen galdekatzeko eta aztertzeko. Lau tokitan ibiliko naiz: Italian, Kroazian, Errumanian eta Bulgarian, eta leku bakoitzean bertako musikari batekin hiruzpalau egun pasatuko ditut. Kamerari eta soinu hartzaile batekin joanen naiz, bukaerako proiektua dokumental bat izanen baita.

Nondik heldu zaizu proiektu horren ideia?

Musika tradizionalak geroz eta leku gehiago galtzen du, jendartea aldatzen ari baita. Adibidez, anaiarekin Euskal Herriko ostatu batean musika jotzen dugularik, gehienetan musika izugarri popularra jotzen dugu, eta ez dugu publikoaren erantzunik. Printzipioz, Euskal Herriko ostatu batean erantzun bat behar genuke, baina ez da hala. Egun, munduan gauzak biziki fite abian dira, «tubak», bideoklipak, album komertzialak kaleratzen dituzte, baina, azkenean, modak baizik ez dira. Eta, gainera, orain Interneten bizi gara, eta kaltegarria izan daiteke herri musikarentzat, Interneti herriari baino gehiago lotuak garelako. Horren guztiaren artean musika tradizionalak nola atzeman dezake bere lekua? Kezka horiekin guziekin noa, ulertu nahi dudalako Europako beste herrialdeetan nola den «herriko musika» deituriko gauza hori.

Nola prestatzen da horrelako proiektu bat?

Lehenik, «zeren xerka noa?» galderari erantzun behar zaio. Erantzuna argi ukan, eta «norengana» galderari erantzun behar zaio. Horren ondotik, antolaketa zehatz bat hasi behar da; kontaktuak bilatu. Horrentzat herriko musikarien arteko sare batean naiz; beraz, mezu elektroniko bat bidali nuen sare horretara. Kontaktuak ukan, eta urrats garrantzitsua da ingelesa ikastea; astean bi aldiz estatubatuar batekin elkarrizketak baditut, ingelesa hobetzeko. Eta gero, bistan dena, aurrekontua, eta hori da parterik zailena. Ez dut oraindik dena lortu, baina oraindik hilabete bat dut.

Zer espero duzu?

Beste musikari eta kultura batzuk ezagutzea. Nahiko nuke zubi bat sortu Euskal Herriaren eta herrialde horien artean, batek bestearen kultura ezagutu dezan. Iruditzen zait Internetekin jendeak anitz ikusten duela, baina ez du harremanik sortzen. Baina esperientzia pertsonal batentzat ere egiten dut, bestea ezagutu nahi dut. Herriko musikaren gaiaren inguruan hori da interesgarriena: jendea. Ene anaiarekin plazetan jotzen dugularik, herritarrekin egoten gara, mintzatzen, tragoak edaten, kantatzen, dantzatzen... Geroz eta arraroagoa da hori. Baina espero dudana da dokumentalari esker jendeak enekin bidaiatuko duela.

LOTSABAKO

Dokumentuaren akzioak