Dokumentuaren akzioak
Pastoralak beharrezkoak dira; nork emanen ditu biharkoak?
Jean Mixel Bedaxagar Kantaria
Zure gogoeta 1804ko istorio batek piztu dizu...
Hala da. Lehenago, maskaradetan, dantza bat bazen, branlea deitzen zena. Denbora haietan, beti mutikoak ziren dantzariak. Baina branlean neskak ere dantzan aritzen ahal ziren, mutikoek gonbidaturik. Zuberoako sokadantza bat baitzen. Mutikoek nesken aitzinean egiten zuten dantza, erran nahi baita sedukzio afera zela, nolabait. Eta, delako 1804. urte hartan, altzürükütar dantzariak Zihigara joan ziren, eta hango neskak plazara deitu. Hori gaizki ikusia izan zen, eta zihigarrek gaizki errezibitu zituzten dantzariak. Baina hor agertu zen dantza haren funtzioa: herritarren arteko ezkontzak mugatzea eta beste herrietara zabaltzea. Gauza horiei kasu handia egiten zen garaian. Eta, ontsa begiratuz, maskaraden helburua, ez baldin bazen bakarra ere, ezkontza zen, eta etxearen segida. Eta aspaldi sortutako gauza baten segida baizik ez da: kobazuloetan, historiaurreko marrazkietan, halako koreografia batekin emanak dira gauzak... Sedukzio horrek mendez mende segitu du.
Dantzan ez ezik, kantuan ere funtzio hori aurkitu duzu?
Hori da. Herr kantuen mezuak aztertuz, hainbat metafora aurkitzen dira: arrosa amodioa da, adibidez. Eta haurdun izatea amodioaren arrisku bezala aurkeztua da. Eta horrela aritu gara XIX. menderaino. Hortik goiti, sortze kopuru handia izan da, eta ez da branle eta horrelakoen beharrik izan.
Zuberoatik haratago, Elizanburu lapurtarraren lana azpimarratu nahi duzu zure hitzaldian. Zergatik?
Ikusten duzu goizean kantua biziki argia da. Hor ere XIX. mende garaiko pentsamoldeak ezin hobeki agertzen dira: etxean lau izanez bakarrik zoriontsu zirela. Hamabost haurreko familiak ziren lehen! Elizanbururen kantuan, lan gutxiago baitu, zoriontsuago bizi da. Ondasun gehiago du, haur gutxiagorekin. Baina bi haur behar ditu gutxienez, etxearen segidari pentsatzeko. Gauza horiek ez ziren ahazten, lehen. Gaur, gure herriak husten ari dira. Kostatzen zait hori erratea, baina hala da. Dena den, gure kezka nagusia euskararen egoera eta etorkizuna da. Eta gu? Jende kopurua? Galdera hori pausatu nahi dut arratseko hitzaldian. Hasteko, guk ez baldin badakigu nora goazen, Parisen badakite. Ez dugu itsukerian segitu behar, edo desmasiak izanen dira. Baina guk jakin ez duguna egiten, gure ondokoek egin beharko dute. Beren denborako kezkekin, gainera.
Hala ere, Zuberoako adibidea hartuz, pastoralak, maskaradak ez dira desagertzekotan; gazteak ere ageri dira, Amaren Alabak taldeak eramanik...
Adibide argi bat hartuko dut. Larrainen, Orhiko Txoriak deitzen zen taldea bazen. Baziren 30 edo 40 bat kantari, eta jendea metatzen zen haien ikusteko. Eta gaur, Larrainen ez dira ehun biztanle ere. Eta hori ez da Larrainen bakarrik! Kulturako gauzak, pastorala bezalakoak, beharrezkoak dira, ados. Baina nork emanen ditu biharkoak? Lehen, etxeko segidari, haurrei pentsatuz, geroari lehentasuna emanez egiten ziren maskaradak eta horrelakoak. Orain, beharrezkoak diren gauza horiei ez da pentsatzen ere! Biziki politak eta beharrezkoak dira sortzen diren taldeak eta, baina norekin beteko ditugu gure ikastolak, bihar?
Zuberoan, beste lekuetan baino gehiago lotu zarete segidaren kontu horri?
Ez dakit... Adibide bat hartzeko, inauteriari biziki atxikiak gara Zuberoan. Denetan hedatua da maskarada, urtero errepikatzen dena, gauza normal bezala edo. Eta horrelako gauzei lotu gara. Erraten nuen bezala, pastoralek euskara hazi dute. 200 kantari! Jendea negarrez ikusi dut, ez baldin bazuten deus konprenitzen ere. Beharrezkoak izan ditugun tresnak, behar den bezala baliatzen jakin dugu, nire iduriko. Eta horretan, Barkoxeko herriak lan handia egin du. Zuberoa zaindu du. Dantzan, kulturan... gauza anitzetan aitzindari izan da. Etxahun Barkoxe ere hangoa zen. Artzain munduan ere erreferentzia izan da, funtsean.
Kantuak eta dantzak ez dute gaztea atxikiarazteko ahalik?
Bistan dena! Eta euskara ere salbatuko dute, ikastolek egin duten bezala. Pentsa, gaur, ikastolarik gabeko Euskal Herria... Nolakoa litzateke? Gauza bera da kantuarekin eta dantzarekin, kulturako zati gisa hartzen badira. Euskara salbatzeko pentsatzen ahal ziren gauza guziak egin dira, garai batean. Euskara leize bazterrean zenean, milaka gauza pentsatu dira hortik ateratzeko. Orain, gauza bera egin behar genuke gure herriak ez husteko. Herri Urrats eta Nafarroa Oinez ekitaldi erraldoietan sentsibilizazio lana hasi, eta gazteei elkartasuna adierazi, dena haien esku baita.
Zeri lotu behar dute, beraz, gazteek?
Haur egiteari... Nik dakita! Zenbat gaude Zuberoan? 13.000... Husten ari gara. Eta, herri batean, oinarriak galduz geroz, bizia ez da gehiago posible. Nik nahi nuke gogoeta kolektiboa abiarazi. Ikerleek erran ditzaten gauzak argiki, zer egin behar den ikusteko. Bihar artzainik izanen ote dugu Iratin? Aktorerik aski pastorala emateko? Hori jakin behar dugu. Herritik kanpo badakizkite horiek denak, baina guk ez ditugu ikusi nahi.
Eta zuk, etxean, haurrak euskal kulturan murgildu dituzu...
Bai. Euskara, herriaren amodioa, geroari ere bi pentsaketa egin... Erraten diegu, bai. Entzuten dute. Baina erran behar da! Gauzak erran eta, beti zerbait gelditzen da. Horrela zaindu dugu gure kultura, orain arte.
Dokumentuaren akzioak