Dokumentuaren akzioak
“Pastorala hedatuko, esportatuko, deslokalizatuko da”
Jean-Louis Davant, idazlea, Euskaltzain urgazlea eta pastoralean aditua
Erdi Arotik datorren adierazpide zaharrak Xiberoan zuen denboran zehar atxikitzeko gunea atzeman. Mendeetan mantendutakoa alde batera utzi gabe, azken hamarkadetan, sainduen bizitzak kontatzetik sindikalistenen berri ematera igaro da, edo sorginen hiltzaileak salatzeko gune bilakatu da. Euskal Herriko lurralde txikienetik irtenda, besteetan barna ere badabil orain, eta emakumeak taulatik at egotetik arizale izatera pasa baziren lehenik, orain idazle eta errejent izatera ere pasa dira. «Biba!», dio Jean-Louis Davantek bilakaera horren aurrean.
Xiberoako pastoralen inguruko «La pastorale basque de Soule» liburua kaleratu berri duzu. Zer informazio bildu duzu bertan?
Historia ikertzen dut, izena, pastorala noiz sortu zen eta nola garatu zen. Gero, bereziki gaurko pastorala ikertzen dut, Etxahun-Irurik hasi zuen saila, euskaldunen historia pastoralean sartuz, gero Aita Casenavek garatu zuena, pastoralari goratasun bat emanez: historiaren errespetua, hizkuntzaren maila, literatur maila eta bertsogintzan zorroztasuna ekarri zituen.
Bereziki azken 40 urteetakoak ikertu ditut, zeren aitzinetik Lauburu taldeak egin zuen duela 40 bat urte ateratako “La pastorale”; nik geroztikakoak hartu ditut gehienik. Bilakaera, bistan da, ikertu dut: zein pastoral eman diren, non, nork idatziak, errejent edo taula zuzendaria zein izan den, sujetak edo protagonistak nor izan diren. Gero emakumeen lekua, haurren lekua, dantzak, kantua, musika… Pastoral bateko osagaiak.
Azken 40 urteetan garapen handia izan da. Zeintzuk dira aldaketa horien ezaugarriak?
Bai, garapen handia izan da. Idazle asko izatea da horietako bat; Etxahun-Iruri mende laurden batez bakarra izan zen, orain hogei bat bagara eta hori aldaketa handia da. Emakumeak idazle! Orain arte ez zen bakar bat ere, eta lau urtez lau agertu dira, Itxaro Borda, Maite Berrogain Iturbide, Iruri Apatiako anderea eta Altzaiko Johana Etxart gaztea. Lau, pun! Eta horiek pastorala bera esportatu dute, eta ez antzezten duen taldea, lehenagotik ere taldeak mugitzen baitziren, bereziki Hegoaldera. Baina orain pastorala sortzen hasi da Xiberoatik urrun, aitzinetik pixka bat sortzen zen, baina beti Xiberoako mugetan. Orain jauzia egin du Baionara eta Hiriburura, hiru eman dira, beste bat Iruñean eman da, eta Etxalarren “Karmen Etxalarkoa”.
Gaien aldaketa ere ikusi dugu, Atharratzen egin zuten «Jean Pitreau» sindikalistarena kasu, non bere familia eta herrikideak oraindik bizirik diren.
Bai, historia hurbilean hartzen dira orain maiz gaiak, eta hori arriskutsua da, zeren eta historia hori bizi izan dutenak aitzinean dituzu. “Agirre presidenta” egin nuen, eta hor lehenbiziko lerroan zeuden Jose Antonio Agirre zenaren alaba eta bi semeak; kontuz ibili behar duzu, baina ongi pasa zen. Emozioa ere bada, historia hurbila delarik. Gerlan ibili ziren jendeak, Bizkaitik desterratu zituzten milaka haurrak... horietarik batzuk hor aurrean zeuden, eta negar egin zuten. Batzuek negar egiten badute pastorala ikustean, goi-goia hunkitu duzula da, baina arriskutsua da.
Kritika egiteko ere baliatzen da pastorala. «Belagileen trajeria» edo «Joanikot» dira horren adibide. Berritasun ezaugarri gisa hartzen ahal da?
Bai, horrela da. Lehen beti ziren giristinoak eta turkoak, baina hori historia zaharra da, hori mugatu zen Lehen Mundu Gerlan. Otomandar Inperioak leher egin zuen, eta une horretaraino Europa kristauak hori arrisku bat bezala ikusten zuen, eta beti hor agertzen ziren bi etsai horiek. Hori aldatu da, aipatzen dira giristinoak eta turkoak, baina nik baztertzen dut hori.
Nola deitzen dituzu zuk?
Urdinak eta gorriak, zein atetatik ateratzen diren, eta haren koloretik, so egin gabe kristau diren ala ez. Gainera Europa paganotua da erdiz, kristau aipatzea anakronismoa da, eta ez da errealitatea.
Gauza batzuk aldatu badira, zer da pastorala?
Hitza ez da gurea, Italian sortu zuen Tasio idazleak eta antzerki mota berri bat ber denboran asmatu. Hori Frantziara pasa zen, Gaztelara… Izen hori ez da batere zehatza, horren azpian antzerki ezberdinak agertzen dira. Adibidez, Biarnon bi pastoral mota badituzte gaur egun ere. Zuberoako mugan, Pierre Saint Martinerako lehenbiziko ibarrean, Xiberoakoa bezalako pastorala ematen dute, zorrotza. Aldiz, Aspe eta Ossaun komedia musikal moduko zerbait egiten dute, oso librea, baina pastoral deitzen dena baita. Beraz, kontuz ibili behar da literaturan pastoral izena aurkitzen delarik, ez da segidan pentsatu behar Xiberoako pastorala dela.
Xiberoako pastorala zorrotz egiten duena zer da?
Hiru ateak lehenik, gorria, zuria eta urdina. Gorria infernuko sua da, urdina zerukoa eta bien artean zuria duzu, garbitasuna, zuzentasuna, leialtasuna, ohorea. Haurrak, aingeruak, eliz gizonak dira; ekintzan sartzen ez direnak. Errege eta presidenteak ere, ez dute guduan parte hartzen, neutraltasuna dute, bakea ekartzean esaterako.
Jantzietan ere bada. Mugimenduak; prozesioetatik datoz omen, etorki erlijiosoa badu, arestian santuen bizitzak aipatzen baitziren. Gero bertsuak, edo bertsetak, gregoriano hari batean ematen dira, hori ere erlijiotik dator. Jestuak ere badaude, oso erritualak direnak.
Azken hamarkadetako aldaketa azken urteotan azkartu egin da. Gertatu denari begiratuta, nola uste duzu garatu daitekeela heldu den urteetan?
Hori ezin da erran, baina pentsu dut emakume idazleek ikuspegi berriak ekarriko dituztela. Bestalde, uste dut pastorala hedatuko dela, Baionan hasi da, Nafarroa Garaian ere, Donostian ere bat izango da; uste dut esportatuko dela, deslokalizatuko dela. Sortuko da usaiako eremutik at.
Baionan 2014ean egin zen «Gerezien denbora» izan zen bide berri hori abiatu zuena.
Bai, gero beste batzuk izan dira. Baionan bertan “Katalina de Erauso” egin zuten, Hiriburun “Andere Serora”…
«Gerezien denbora» aurkeztu zelarik, kritikak izan ziren ez baitzen Zuberoan egin. Kritika horiek orain apaldu dira?
Bai, lehendabizikoak eskandalua egiten du, baina gero lasaitzen da. Hala ere, ez zuen sobera eskandalurik egin, pastorala idatzi zuen Itxaro Borda ez baita xiberrotarra, baxenabartarra da, eta ezin zioten bota traidorea zenik. xiberotar batek egin izan balu, nik adibidez, ez zen berdin pasako. Ez dakit zenbat pastoral kanpoan errefusatu ditudan; ez nuen traidoretzat pasatu nahi. Orain Itxarok atea ireki digu, biba Itxaro, eskerrak Itxaro!
Bigarrena ere ongi pasa zen, hori Xiberoako emakume batek idatzia zen, Maite Berrogain Ithurbide. Itxarok baino lehen idatzia zuen, baina Xiberoako herri batean baztertu egin zioten, zeren beste gai batez nahi zuten egin. Uste dut ongi egin zuela ahal zuen tokian agertzen.
Azken 40 urteetako pastoraletan zure tokia garrantzitsua izan da. Hori ere aztertu duzu?
Besteen artean aipatzen dut, beharbada gehiegitxo, zeren eta etsenpluen eta arrazoien emateko, hobekien ezagutzen ditudanak dira, baina gehiegikerian sartu gabe.
Liburua zergatik dago frantsesez idatzia?
Elkar argitaletxetik horrela galdetu zidatelako. Aita Junes Casenave zenak bat egina du euskaraz; ez ditu gauza berak erraten, bistan dena, baina ber gaiak ikertzen ditu, salbu emakumeak ez ditu aipatzen, haurrak ere ez, hori pixka bat nire ekarpena da. Casenavek 2011n Euskaltzaindiarekin argitaratu zuen.
Casenavek liburua idatzi zuenetik egoera aldatu da, emazteen tokia anitz handitu da.
Bai, handitu da, eta momentu horretan ez zen emakume idazlerik. Gainera, bera apeza zen, ni aldiz gizon ezkondua naiz, alabak dituena, eta alaben alabak, eta emakumeekin gustura naiz.
Dokumentuaren akzioak